Hezkuntza lege berriaren aurka egin du Steilasek

Sindikatuak ohartarazi du eskola publikoaren «desegitea» dagoela jokoan. Itunpeko ikastetxeen eskaintza «puztuta» dagoela esan dute

Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Gogor kritikatu du Steilas sindikatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza Lege berrirako norabidea. Atzo goizean, Bilbon egindako prentsaurreko batean, Ainhoa Astigarraga kideak adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak «nabarmen» erakutsi duela «zer gutxi estimatzen duen sare publikoa». «Sare pribatua hezkuntza sistemaren ardatzean ipini nahi du, eta publikoa haren osagarri bihurtu», iritzi zuen.

Ikasleentzako postuen eskaintzan ipini du arreta sindikatuak. «Itunpeko ikastetxeen eskaintza guztiz puztuta dago»,esan zuen Astigarragak, eta Oñatiko (Gipuzkoa) egoera aipatu. Han, Haur Hezkuntzako 3. urtean ikastetxe pribatuek 125 postu eskaintzen dituztela salatu du Steilasek, eta bakarrik 55 ume daudela maila horretan matrikulatuta.

Emandako datuen arabera, Andoainen (Gipuzkoa) sare publikoaren eskaintza herriko eskaintza osoaren %13koa da, eta herri eta hiri gehienetan —Tolosan, Arrasaten, Zarautzen, Bermeon, Gernikan, Amurrion, Donostian...— sare publikoaren eskaintza ez da iristen %40ra. «Itunpeko ikastetxeek planifikatua duten eskaintza hain da handia, non inguru horretako balizko ikasleen %90 jasotzeko adinakoa den», deitoratu du Astigarragak.

Sindikatukoek azaldu dute eskola publikoak, ordea, ez daukala «gaineskaintzarik», urtero neurtzen delako. Zehaztu dutenez, dekretuak sare publikoko ikastetxeen betekizunak «zorroztuko» ditu, eta lerro bakarreko ikastetxeak ixteko edo fusionatzeko arriskuan ipiniko dituzte, «baliabideak optimizatzeko».

Publikoa,«arriskuan»

«Orain daukaguna betikotzen bada, oso erraz aurreikusten dugu eskola publikoaren desegite progresiboa biziko dugu», ebatzi du Astigarragak. Jaiotza tasaren beherakadarekin «joko zelaia» eta «lehiatzeko aukerak» erraztu zaizkiela gehitu du. «Gutxieneko ratioetan oso nabarmena da: lehen, hamazazpi behar zituzten gela bat ituntzeko; orain, hamahirurekin ahalko dute egin».

Legebiltzarreko alderdiei planifikaziorako dekretu proiektua ez onartzeko eskatu die Steilasek, eta «denona eta denontzat den» eskola publikoari «erdiguneko tokia» ematea exijitu. Baldintza horiek bete ezean kalera aterako direla iragarri dute, baita edozein eskola publikoren itxierarekin ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.