'Zutik Euskal Herria' ebazpenaren 10. urteurrena. Ezker abertzalearen eztabaida

Altsasukoa, nahikoa

Ezker abertzaleak ez zuen jendaurreko beste agerraldirik egin eztabaida prozesuan. Batasun irudia eta mezu zehatza eman nahi izan zituen.

Ezker abertzaleko hainbat kide 2009ko azaroaren 14an, Altsasun, adierazpenaren berri ematen. JUANAN RUIZ / FOKU.
enekoitz esnaola
2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

Altsasukoa izan zen ezker abertzaleko barne eztabaidaren agerraldia. Handik bi hilabetera Zutik Euskal Herria ebazpenaren berri ematean ere ez zuen egin jendaurreko agerraldirik. Altsasukoa, eta kito, nahikoa; ez baitzen nolanahikoa izan han agertutako irudia eta plazaratutako mezua. 2009ko azaroaren 14an izan zen prentsaurrekoa.

 

Sinbolikoki, baziren bi berezitasun orduan. Batetik, Arnaldo Otegik justu bost urte lehenago aurkeztu zuen, Batasunaren izenean, Anoetako proposamena —Orain herria. Orain bakea—. Ezker abertzale barruan aldaketa handi bat izan zen, lehen aldiz fronte politikoak hartu baitzuen gatazkaren konponbiderako auzi politikoak negoziatzeko ardura, ez ETAk. Altsasuko (Nafarroa) agerraldian Anoetako eskema berretsi zuten. Bestetik, herri horrek badu balio historiko bat ezker abertzalearentzat: 1977an, bost alderdik Altsasuko Mahaia sortu zuten, eta, handik urtebetera, Herri Batasuna. 2009ko azaroaren 14an, beste jauzi historiko bat ezker abertzalearen ibilbidean, estrategia berria izango zenaren definizio maila handia erakutsi baitzuen adierazpenak biolentziari buruz: indarkeriari uko, eta, gainera, inork erabilita, kontra jarrera agertu. Hots, Mitchell printzipioak. ETAk handik hilabete eta erdira datatutako agirian esan zuen «mintzatu» zela ezker abertzalea, eta «bere egiten» zituela «haren hitzak». Altsasukoaren ondotik egin zituzten prozesuaren batzarrak, baina ezker abertzale politikoak eztabaida jadanik oso bideratua zuen.

Aurretik pentsatua

Agerraldi hura egitea ez zuten inprobisatu, Rufi Etxeberriak kontatu duenez: «Arnaldo Otegik-eta plangintzan bazeukaten pentsatua eztabaidarako [Fase politikoaren eta estrategiaren argipena] txostena zabaltzen hasi ondoren agerraldi solemne bat egitea. Bateraguneko operazioaren [2009-10-13] ostean ideia berarekin segitu genuen guk». Nazioarteko eragileen ekarpena aintzat hartu zuten: «Haiek garrantzitsutzat joa zuten gure txostenean esaten zena, baina proposatu zuten estrategia berriaren asmoari dimentsio handiagoa emateko adierazpen argigarri bat plazaratzea agerraldi horretan, anbiguotasunik gabekoa». Ados ziren. Altsasuko Adierazpenean jaso zituen ezker abertzaleak lehen aldiz Mitchell printzipioak.

Egun berean Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kidea Venezian (Italia) mintzatu zen, bake prozesuei eta gatazken konponbideei buruzko nazioarteko konferentzia batean. Txaloz hartu zuten. Haien artean zen Brian Currin bitartekaria; «iraganean inoiz ez da halako proposamenik egin», adierazi zuen. Aurretik bazeukan mamiaren berri, eta Bruselako Adierazpena lantzeari ekin zion.

Agerraldiaren prestaketa

Arreta handiz prestatu zuten Altsasuko prentsaurrekoa. Ezker abertzalearen batasun itxura eman nahi zuten, eta haren ibilbidean erreferente izandako kide asko bertaratzea zuten xede. Argazkiak sekulako garrantzia zuen, komunikazioko orduko taldekoek diotenez. Ezker abertzaleak uste zuen kontakizunaren bataila batean sartuta zeudela Madril eta biak, eta zehaztasuna eta sendotasuna erakutsi nahi zituen Altsasun. Kazetarien galderarik gabeko agerraldi bat prestatu zuen, ez baitzuen nahi bestelako mezurik ateratzerik handik. Itziar Lopategik eta Txelui Morenok irakurri zuten agiria: Prozesu demokratikorako lehen urratsa: ezker abertzalearen oinarriak eta borondatea. Gero, ezker abertzaleak nazioartean ere sustatu zituen elkarrizketak: bilerak kazetariekin, adierazpena hainbat hizkuntzatara itzuli...

Altsasukoa izan zen ezker abertzaleak Bateragune operazioaren biharamunaz geroztik barne eztabaida prozesuaz egindako jendaurreko ekinbide bakarra. Bestela, prentsa ohar bidez atera zen publikoki, 2010 hasieratik aurrera: behin-behineko balorazioa egiteko eta datu batzuk emateko; ETAk Altsasukoaz argitaratutako agiria baikor baloratzeko; eztabaidako ondorioen laburpena zabaltzeko; eta, otsailaren 15ean, Zutik Euskal Herria-ren eduki nagusiak argitaratzeko.

----

BERRIAren Harian-eko beste edukiak:

Paradigma berri bat helburu bererako

Isiltzen hasteko, isilpean aurrenik

Rufi Etxeberriaren balantzea hamar urteez

Mahai ingurua: Ainhoa Etxaide, Iosu Lizarralde eta Ion Ansa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.