Koronabirusa

Bidea lautzeko hausnartuak

'COVID-19aren Liburu Zuria'-ren egileek izurriteari so eginez ateratako ondorioak ez dira antzuak inola ere. Konponbideak aurkeztu dituzte; iparrorratz izan, eta urratsak zer norabidetan egin jakiteko.

COVID-19aren Liburu Zuria liburuaren egileetako batzuk, atzo, Bilbon eginiko aurkezpenean. A. LOIOLA / FOKU.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Aargibideak eman nahi dituzte pandemiaren ilunerako. Gaika, analisi sakonez josia da Liburu Zuria. 175 proposamen dira, zurian beltz.

OSASUNA

«Osasun sistemaren antolaketa gabezia orokorra nabarmendu da pandemia osoan», horrela laburtzen du liburuak izurriteak osasun esparruan ekarritakoa. Zehaztu dutenez, herrialde guztiek ez dute berdin jardun izurritearen kontrolean, eta zenbaitek hartutako erabakiak ez dira izan beste batzuenak bezain eraginkor: «Adinekoen eta zaurgarrien babes publikoa lehenetsi duten herrialdeak izan dira arrakatatsuenak, lehen mailako arreta indartueta herrialdeko baliabide tekniko, pertsonal eta zientifikoak bateratu dituztenak». Adituek sei gai aipatu dituzte krisiak osasunean eragindakoari eta irtenbideei so egiteko: osasungintza soziosanitarioa, neurri ez farmakologikoak, txertoak eta txertatze planak, osasun mentala, ohitura osasuntsuak eta I+G+B integrazioa.

Zerrenda luzea osatu dute hobetu beharrekoekin, egin beharreko urratsekin. Batetik, adituek premiazkotzat jo dute aurrekontuen handitzea: hala nola, uste dute bikoiztu egin beharko litzatekeela osasun publikoarena. Bestalde, COVID-19ari kontra egiteko txertoei ere egin diete so, sakon. Auzi horretan, liburuko egileek proposatu dute aditu independenteek osatutako batzorde bat sor dadila, «albo ondorioak kontrolatu, eta jarraipena egiteko». Gainera, osasun mentalean baliabide gehiago jartzeko premia bizia dela azaldu dute: pertsonen soslaien arabera,zenbait aholku jaso dira liburuan.

EKONOMIA

Birusak zauri sakonak egin ditu ekonomian ere, eta erakundeek ez dute jakin gabezia eta kolpeei irtenbideak bilatzen; hala uste dute liburuaren egileek. Latza da egoeraren gainean egindako diagnostikoa: «Eragindako ondorioak suntsitzaileak izan dira».

Liburuan jasoa denez, lan eremuan, zerbitzuen esparruko sektorea izan da zigortuena: ostalaritza, kultura industria, eta turismoarekin-eta loturiko jarduerak.

Zehaztu dituzte alde gehiago ere: «Zailtasun nagusietako bat pandemiaren ondorioen asimetria izan da». Diotenez, asimetria hori ez da faktore bakarrari lotua: lurraldeak, sektoreak, eta enpresa mailako eraginek ekarria ere bada asimetria, eta, horrek zuzenean eragin du «neurriak hartzeko zailtasuna».

Adituen iritziz, sektorea edozein dela, langileek pandemia iritsi aurretik zituzten lan baldintzak erabakigarriak izan dira: lehendik egoera prekarioan zirenek gogor sufritu dituzte krisiaren eraginak, gazteek eta migratzaileek, kasurako. Bestetalde bat ere erantsi dute zerrendan: «Bermerik eta lege estaldurarik gabe lan egiten duten pertsonak». Salatu dute, gainera, EAEko diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta Nafarroako errenta bermatua hor egonik ere, pertsona askok ez dituztela horiek eskatzeko baldintzak betetzen eta «babesik gabe» daudela. «Pobrezian direnen %30ek ez dute laguntzarik jasotzen».

Errealitatea ez dator bat egindako hainbat aurreikuspenekin. «Teoria batzuek 'V' mailako krisia aurreikusi zuten arren, susperraldi handi bat ekarriko zuena, izurriaren bilakaera susperraldia atzeratzen ari da, eta askotariko faseak sortu dira krisian». Esan dutenez, «erresilientzia gaitasuna» sortzea da erronka nagusia.

Susperraldia bultzatzeko, komeni da, besteak beste, izurriteak sektore bakoitzean izan duen eragina aztertuko duen behatokia sortzea, politika publikoak horietako bakoitzera egokitzeko. Premiazkoak dira enplegua gaitzeko eta eskuratzeko politikak, kolektibo ahulenei so eginez. Tresna digitalei eta eremu digitalean gaitasunak sortzeari garrantzia eman beharra ere nabarmendu dute.

ARLO SOZIALAK

Komunikazio politika, datu irekien kudeaketa eta lege esparruari buruzko gogoetak ere jaso dituzte. Komunikazio politikari dagokionez, liburuaren egileekesan dute «zehatz eta labur» komunikatzea lan nekeza izan dela agintarientzat. Eusko Jaurlaritzaren komunikazioan jarri dute, bereziki, arreta. Adibidez, agintarien aldetik komunikabideen lana bideratzeko ahaleginak ikusi dituzte, «informazio gardentasuna oztopatzeraino». Are: salatu dute estatistikak okertu direnean, Eusko Jaurlaritzak, adibidez, «herritarren bizkarrean» utzi duela maiz erantzukizuna. Esan dute ezinbestekoa dela azalpen argiak ematea, datu zehatzak eta eguneratuak eskaintzea, gardentasunez jokatzea eta jarrera «proaktiboa» agertzea.

Datu irekien kudeaketa atalean berriz begiratu diote Jaurlaritzari: esan dute «borondate falta» erakutsi duela pandemiari buruzko datuak modu irekian argitaratzeko. Uste dute izurriarekin loturiko datuak eskuratzea «problematikoa» izan dela, eta herritarren zalantza askori ez zaiela erantzun administrazioetatik. Aurrera begira, liburuaren egileek agintariei eskatu diete datu eguneratuak argitaratzeko, «fidagarri» izan daitezen. Lege esparruan, jasoak dira zein lege dauden oinarrizko eskubideak eta osasun eskubideak babesteko, eta ideia bat nabarmendu dute: «Esparru juridikoa ez dago prestatuta 2020eko pandemiak planteatutako egoerari aurre egiteko». Egileek uste dute lege esparrua «egokitu eta eguneratu» behar dela, neurriei «segurtasun juridiko zabalagoa» emateko.

HEZKUNTZA

Birusak hezkuntzan eragindako kalteak aztertzeko, bi atal bereizi dituzte: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza, eta Unibertsitateko ikasketei dagokiena. Ondorio nagusia bera da bi esparruetan: «Hezkuntzak lehenagotik zekarzkien egiturazko arazo zenbait azaleratu dira, larritu ere bai, ez gutxitan». Egileek azpimarratu dute hezkuntza sistemaren kudeaketa «inprobisazioak» hartua izan dela. Protokoloen lanketa sakonagoa egitea proposatu dute, baina, aldi berean, gomendatu dute erabakiak hartzeko autonomia handiagoa ematea zentroei. Adituen ustez, lehendik digitalizazioan urratsak eginak zituztenek hobeki egin diete aurre krisiari. Bestalde, arrakala digitalaren azaleratzea gertatu da. Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetan, ikasleen %5 eta %10 inguruk alor digitalerako irisgarritasun arazoak izan zituen.

Euskara gaitasunean emandako atzeranzko pausoa nabarmena izan da, adituen iritziz. Horri aurre egiteko, Hizkuntza Trataera Bateratuko neurriak ezartzea aholkatu dute, besteak beste.Unibertsitateetara ere zuzendu dute arreta; hainbat dira azaleratutako arazoak. «Kontraesan argiak izan dira, adibidez, garraoian». Adituen ustez, jende pilaketak izan dira garraiobideetan, zerbitzu horiek ez baitira behar adina indartu. Gainera, uste dute premiazkoa dela osasun mentalari gehiago erreparatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.