Gurener enpresak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan instalatzen ditu aire girotuak. Energia, berriztagarrietatik lortzea dute ardatz, horrela, ingurumena hondatu gabe eta jasangarritasunez jarduteko. Bertako kide da Xabi Balbas.
Ugaritu al zaizkizue aire girotua instalatzeko eskariak?
Bai, nabaritu dugu hazkundea, eta pertsona ugari larrituta daude egin duen beroarengatik. Etxebizitza partikularretan asko nabaritu da; baita enpresetan, etxe multzokatuetan eta baserrietan ere. Hala ere, etxe askotan ezin izan dugu aire girotua instalatu udalek ez dutelako uzten.
Zergatik ez dute uzten udalek?
Udaleko legeak dio etxebizitza batean ezin dela ur kondentsatua bota, eta ur hori nonbaitetik bota behar duzu. Bi aukera daude: balkoitik botatzea, edo hustubide bat egitea. Hustubidea egiteko, obra egin beharra dago, eta jendeak ez du nahi. Balkoian... txanbil batekin agian... baina itsusia gelditzen da. Jendeak atzera egiten du udalaren legearengatik.
Zer eragin dezake aire girotua etxebizitzetan instalatzeak?
Etxebizitza guztietan instalatuz gero, kontsumo elektrikoa askoigoko zen, baita horrek dakarren kutsadura ere. Baina ez beti. Eguzki panelak jarriz gero, aire girotu edo aerotermia bat jar dezakezu: nik etxean aire girotua, aerotermia, zoru erradiatzailea eta eguzki panelak ditut, eta ez dut ezer ordaintzen. Gainera, ez duzu kutsatzen, ez duzulako CO2rik sortzen, energia eguzkitik dator.
Munduko Energia Erakundeak atera zuen txostenak gurpil zoro batean sartzearen arriskua aipatzen zuen, etxea hozteak mundua berotzea eragin zezakeelako, zer deritzozu?
Sortze orok energia gastu bat du. Baita ordenagailu bat arkatz bat, edalontzi bat... sortzeak ere, eta aire girotu bat sortzeak eta martxan jartzeak ere energia gastu bat du. Nik uste dut eguzki panelak direla gakoa, panelekin ez delako ia energia elektrikorik kontsumitzen. Hemen, Euskal Herrian, urteko argi kantitatea handia da, eta hori nabaritu egiten da poltsikoan eta gasen emisioan.
Eraginkorragoak diren aire girotuak ere badira, ezta?
Bai, modelorik berrienak dira eraginkorrenak, eta, gainera, R32 gasa dute. Berrienek zaharren gas kantitate erdia dute, eta, atmosferara ihes egiten badute, ez dute kutsatzen. Modelo zaharragoak kutsagarriagoak dira, eta ez horren eraginkorrak.
Hozte sistema gehiago ere badaude, bero ponpa, aerotermia... zuk zein gomendatzen duzu?
Antzeko sistemak dira, beroa hartu eta beste leku batera eramaten dutenak. Aire girotuak airean eragiten du, eta aerotermiak uretan. Hori da ezberdintasuna. Nire ustez, aire girotua edo aerotermia etxean edukitzea gozagarria da. Udan gero eta bero handiagoa egingo du, eta neguan, gero eta hotz handiagoa, eta oso eraginkorra da aire girotu bat etxean instalatuta edukitzea. Diru asko aurreztuko genuke neguan sistema horiek ipintzen eta gasa kentzen.
Etorkizunean zer gertatuko da?
Nire ustez, udalek atzera bota beharko dituzte beren legeak, eta utzi egingo diete behar edo nahi duten herritarrei aire girotua jartzen. Ez da kapritxo bat, behar bat baizik; badago jendea beroarengatik hiltzen dena. Legeak aldatzen ari dira jada. Apur bat mugatu egin beharko da bakoitzak nahi duena egin ez dezan eta polita gera dadin, baina neurri malguagoak jarriko dituzte.
Beraz, hemendik aurrera eskari gehiago espero dituzue? Aire girotua izango da irtenbidea?
Nik uste dut aire girotua beharrezkoa dela. Eskariak ugaritu egingo dira tenperaturak ere gero eta handiagoak izango direlako aurrerantzean. Baita negurako ere. Aire girotuek eraginkortasun handia (COP) dute, eta, 1.000 watt eskatuta, 3.000 4.000 edo 5.000 ematen dizute. Gasarekin, aldiz, 1 eskatu, eta 0,9 ematen dizute; beste 0,1 tximiniatik doa.
Xabier Balbas. Gurenerreko kidea
«Sortze orok du energia gastu bat; eguzki panelak dira gakoa»
Instalatzaile dezente daude Euskal Herrian. Eskariak handitu egin zaizkie udan, eta aurrerantzean handitzen jarraitzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu