«Guztiz aldebakarreko begirada» du filmak, Sorturen arabera

«Soilik ETAren indarkeria» jorratzen du Jordi Evolek, Rodriguezen ustez. Josu Elespe biktimak dio Urrutikoetxeak «auzo lotsa» ematen duela

Sortuko buru Arkaitz Rodriguez, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
No me llame Ternera dokumentalean ez dago lekurik «estatuaren indarkeriarentzat», Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezen arabera. Donostiako Zinemaldian eman aurretik, erakundeetako zenbait agintarik, alderdi politikoetako gidariek eta biktima batzuek ikusi ahal izan dute Jordi Evolek zuzendutako filma, eta horretan «soilik ETAren indarkeria» islatzen da, Rodriguezen esanetan. Horregatik uste du «guztiz aldebakarreko begirada» duela «gatazka izan denaz eta azken hamarkada luze hauetan gertatutakoaz».

Ikusi gehiago:Hegemoniaren defentsan

Eusko Legebiltzarreko parlamentari Rodriguezek esan du ETAren indarkeriak «ondorio tragikoak» izan zituela, «jakina», baina Evoleren dokumentalak ez dituela jaso «estatuaren indarkeria eta haren ondorioak, haiek ere tragikoak». No me llame Ternera-k ETA zuritzen duela salatu dute biktimen elkarte batzuek, baina, Sortuko buruaren arabera, «justu kontrakoa» da: «Kontakizun bakarra elikatzen du, zintzoena eta maltzurrena, bidezkoena eta bidegabeena, eta garaile eta garaituena».

Biktimen iritzia

Iñaki Garcia Arrizabalaga eta Josu Elespe biktimek ere ikusi dute filma, eta, haien arabera, «ez du zuritzen» ETA. Garcia Arrizabalagak esan du Urrutikoetxeak «justifikaezina justifikatu nahi» duela, eta «burutik sano dagoen edonorentzat benetako astakeriak diren gauzak» esaten dituela horretarako. Biktima horrentzat, Urrutikoetxeak «ego oso handia» dauka, baina «pertsonaia kaskarra da».

Antzeko iritzia du Elespek filmari buruz eta Urrutikoetxeari buruz. Uste du dokumentalak ez duela indarkeria zuritzen eta Urrutikoetxea «adimen eskaseko tipoa» dela, «ideologiarik gabea, kaskarra, norabide bakarrekoa, enpatiarik gabekoa, handiustea eta bere munduaren preso» dena. Elesperi «auzo lotsa» emango lioke, «ez balu duen curriculuma».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.