Itoizko urtegia. 25 urte obren kableak moztu zituztenetik

Zortzi urtez klandestinitatean

Noiz kartzelatuko zituzten zain gelditu beharrean, solidarioek bira bat egin zuten Europan barrena. Haien egoera eta urtegiko auzia salatu zituzten hainbat ekintzaren bidez. Nazioarteko sona eduki zuten.

Berlinen. 2000ko urtarrilaren 25ean Berlingo Irrati-Telebistaren dorrean egindako ekintza. EFE.
Igor Susaeta.
Agoitz
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Itoitzekiko solidarioak ez ziren gelditu noiz kartzelatuko zituzten zain. Iruñeko Auzitegiak lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri zien 1998ko apirilean, eta Espainiako Auzitegi Gorenak kondena hori berretsi zuen 1999ko irailaren 14an, Itoizko urtegiko (Nafarroa) lanen kableak moztu zituztenean zinpeko guardia bat bere borondatearen kontra lotu zutela leporatuta. «Horri buelta eman nahi izan genion, eta, geure buruak kartzelara sartzeko aurkeztu beharrean, pentsatu genuen Europan bira bat egitea», azaldu du Pello Lusarreta solidarioak. Bi helburu zituzten: beren egoerarekiko atxikimendua jasotzea eta Itoizko urtegiaren auzia ezagutaraztea. Birak bederatzi hilabete inguru iraun zuen, baina zigortutako solidarioen klandestinitate egoera zortzi urtez luzatu zen.

«25 urte geroago, errepresaliatu politikoak gara».

Gorenak zigorra berretsi ondorengo lehen agerraldi publikoa Estrasburgon (Frantzia) egin zuten, Europako Legebiltzarrean. 1999ko urriaren 5a zen. Euskal Herritarrok alderdiak gonbidatuta, prentsaurrekoa eman zuten, eta salatu beren kontrako epaia «politikoa» izan zela, ez zirela ezeren errudun, eta indulturik ez zutela eskatuko.

Hurrengo bederatzi hilabeteetan egin zituzten bideo proiekzioak, parte hartu zuten jardunaldietan, eman zituzten hitzaldiak, eta aurrera eraman zituzten hainbat salaketa ekintza, nazioartean oihartzuna eduki zutenak: Vatikanoan, Berlinen, Hagako Nazioarteko Auzitegian (Herbehereak)... Londreskoa izan zen aurrenekoa, urriaren 25ean. Milurteko Noriara igo ziren hamar ekintzaile, eta puntu gorenean zabaldu zituzten Urtegiei Stop, Itoiz aske, Elkartasuna eta Utzi errekak libreki isurtzen zioten pankartak. Baina urtegiko kableak moztu zituzten zortziak, guztiak, ez ziren joan Europara, eta joan zirenek ez zuten, hasieran, ekintzetan parte hartu.»Pentsatzen genuen: 'parte hartzen badugu, berehala Espainiaratuko eta atxilotuko gaituzte», adierazi du Julio Villanueva solidarioak. «Solidarioekin solidarioak zirenen bidez sare moduko bat osatu genuen».

Hasieran, horiek egiten zituzten ekintzak. Baina zigortuak ere hasi ziren ekintzetan parte hartzen, jakin zutelako ez zegoela haien kontrako atxilotze agindurik. «Epaileak pentsatzen omen zuen itzuliko ginela, eta orduan atxilotuko gintuztela», Villanuevak. Baina Hagan 2000ko martxoaren 17an egindako ekintza baten ondotik, atxilotzeko agindua aktibatu zuen Espainiak. Uraren Nazioarteko Batzarraren hasiera ekitaldia eten zuten solidarioek, eta uraren pribatizazio nahia salatu. «80 bat estatuburu zeuden, Herbehereetako erregea zen gonbidatzailea...», gogoratu du, umorez, Villanuevak, eta barrez kontatu du Lusarretak zein izen zuen Isabel Tocino Espainiako Ingurumen ministroa zenak batzar hartan eman zuen hitzaldiak: «Espainia, Europa mediterranearreko garapen eredu bezala».

«Tira, itzuli, itzuli...»

Europatik noiz bueltatu ziren galdetuta... «Tira, itzuli, itzuli...», erantzun du Lusarretak. «Nork bere istoriotxoa dauka...», Villanuevak. Hasieran buruan zuten itzultzea, ekintza bat egitea eta kartzelan sartzea, baina, ikusita Europan egindakoek zer oihartzun eduki zuten, erabakia aldatu zuten, iruditu zitzaielako lan bat egin zezaketela Europan. Villanuevarentzat inportantea da aipatzea urtegiak itotako herriak artean zutik zeudela —2003an hutsarazi zuten azken herria, eta 2004an hasi ziren urtegia betetzen—. «Erabaki genuen segitzen ahal genuela Itoizen alde borrokan klandestinitatean. Bakoitzak bere aletxoa jarri zuen». Ez dute zehaztu non ibili ziren, zer egin zuten. «Erbestean bizi izan ginen: batzuk urte luzez, beste batzuk denbora guztian, barrura sartu zirenak ere izan ziren...». Lusarretak zehaztu du batzuek «bolada luze bat» eman zutela Iparraldean.

Iruditzen zaie ezetz, Espainiako Estatuak ez zuela denbora tarte horretan «makineria guztia» erabili haiek atxilotzeko eta kartzelatzeko. «Nire etxera hiruzpalau aldiz sartu ziren. Joaten ziren ziklikoki. Halere, oso terrorista bereziak ginen», Lusarretak. 2007ko abenduan, haien kontrako zigorrak baliogabetu zituen Gorenak. Izan ere, Espainiako Zigor Kodean aldaketa bat egon zen, eta bost urtetik beherako zigorren preskripzio epea murriztu zuen, hamar urtetik bost urtera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.