urtzi urkizu
Donostiako 68. Zinemaldia. Zinemira. BASQUEWOOD

Pozoia ari du

2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Woody Allenen Rifkin's Festival-eko Donostian zerua urdin dago, ateri beti; Pasai Donibanek (Gipuzkoa) ederki luzitzen du, eta Europako zinema klasikoarekiko maitasun keinuek irribarrea eragiten dute. Ez da, inolaz ere, Allenen pelikularik onenen zerrendan sartzekoa, baina frantziarrei gustatuko zaien lan bat da. Jostailutxo bat.

Patria telesailean, aldiz, zerua ez dago inoiz urdin. Euria ari du, etengabe. Gezurra ari du. Pozoia ari du.

Eguzki izpi bakarra aktoreek jartzen dute. Sekulakoak dira Elena Iruretak, Ane Gabarainek, Mikel Laskurainek eta Jose Ramon Soroizek —eta belaunaldi gazteko aktoreek— egiten dituzten interpretazioak. Horraino.

Baina eleberriak zituen gabeziak eta barrabaskeriak ez dira lausotu telesailean. Aitor Gabilondok bazekien zer eleberriren eskubideak erosi zituen, esana du ETAk lagun bat hil ziola, eta bere minetik osatu du kontakizuna. Aranburuk esana zuen abertzaleak prestigioz gabetzea zela haren funtsa —dirua egin du horrekin—, eta telesailak lagundu diezaioke horretan.

Gero eta abertzaleago, orduan eta tentelago eta intrantsigenteago. Euskaraz hitz bakan batzuk: «Ospa», usoei; «maitea, bihotza», aita batek alabari; kale borrokakoek «Gora Euskadi askatuta! Gora ETA militarra!»; «ondo ibili», harategian; «lasai», ETAkide batek besteari... Euskarazko hitz gehien abiatzean, elizan: «Gure Aita, zeruetan zarena: santu izan bedi zure izena...». Herriko apaiza, borroka armatuaren defendatzailea: ETAk hildako enpresari baten alargunari esaten dio herrira ez itzultzeko —ETAk armak utzita dauzkan sasoian—.

ETAko kide bat, etxetik mila kilometrora. Anaia gaztea bisitan etorri zaio. Presoak iseka homofoboa neba gazteari, homosexuala delako. Anaia gazte horrek olerki lehiaketa bat irabazten du eta, hara non, herriko tabernariak exijitzen dio irabazitako dirua itsulapikoan sartzeko, eta apaizak bota: «Idazten duzunean, Euskal Herria da idazten duena». Pintaketak jasaten dituen enpresariaren emazteari ez diote haragirik saltzen harategian. Torturak ageri dira, baina torturatua izan den hori agertu da aurreko beste atal batzuetan herritarrak hiltzen —ez da inoiz iradokitzen torturatu dituztela arma bat inoiz hartu ez duten gizonak eta andreak—.

Badira telesailean asmo politikorik gabeko kontu makurrak ere. Hiru neska gazte omenaldi batera doaz autoan, Eskorbutoren Mucha policía, poca diversión ozen entzuten; guardia zibilen kontrol bat, eta ez dute musika kentzen. Gaztetxean ez dute, behintzat, Mikel Erentxunen eta Amaia Monteroren Lau teilatu jarri, Gorka Merchanen La casa de mi padre-n bezala.

Funtsean: HBOren telesailak eleberriko sugetzar kaskarraren bideari jarraitzen dio. Narratiboki ere ezer berririk iradoki gabe —plano desberdinetan sekuentzien errepikatzeak ez du lortzen tentsio dramatikorik, kasu bakan batean izan ezik—. Aktoreek pertsonaiei emandako emozioak katea dezake ikuslea, eta egongo dira Euskal Herritik kanpoko zenbait ikusle fikzioa goraipatuko dutenak. Bi familiaren drama horrekin hunkituko direnak.

Ezin dena da Patria kontakizunaren erreferentetzat hartu. Partziala, gaiztoa eta pozoitsua delako, eta sinesgarritasunik ez duten egoerak errealak balira bezala saltzen dituelako.

Argi dago kontakizun gehiago helduko direla fikziozko formatuetan. Sarrionaindiak idatzi bezala: «Gauzak kontatzeke daude, dena kontatzeko dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.