Nerea Zusberro Alberro.
ANALISIA

Zelaian dauden erronkak

2023ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Emakumezkoen Munduko Kopa hastear dago. Hau izango da, gizonezkoen txapelketaren iraupen eta parte-hartzaile kopuru bera izango duen lehena: hilabete oso bat eta 32 talde. Emakumezkoen Munduko Txapelketetan gehien jarraitua izatea aurreikusten da. FIFAren datuen arabera, 2.000 milioi jarraitzaile inguru izango du txapelketak, 2019an jokatu zen azkenaren bikoitza. 1,25 milioi sarrera saldu dira jada; beraz, orain arte ospatu den emakumezkoen kirol-ekitaldirik handiena izango da. Munduko Kopa honek moldeak hautsi ditu hasi aurretik.

Ikusi gehiago: Handia, handitzen jarraitzeko

Hala ere, gainditu beharreko erronkarik garrantzitsuenak berdegunean egongo dira. Hortaz, Munduko Kopa honek izango dituen joera tekniko eta taktikoak aurreikusten saiatuko gara, emakumeen futbolak izan duen bilakaerari lotuta.

Presioa baloia galduta, eta erdiko blokea posizionalean: Eurokopan aurkariaren zelaian hobeto defendatu zuten selekzioek arrakasta handiagoa izan zuten, galeraren ondoren defentsa berrantolatzearen alde egin zutenek baino. Zehazki, presio ehunekorik handienak aplikatu zituzten sei taldeak kanporaketetara iritsi ziren: Frantzia, Suedia eta Espainia, adibidez.

Hala eta guztiz ere, oso selekzio gutxik egiten dute presio aurkariaren baloiaren irteeran. Talde nagusiek eta titulurako hautagaiek, hala nola Ingalaterrako selekzioak, nahiago dute bloke ertain eta estu batean kokatu. Horrek aurkariari erdiko erreitik aurrera egitea eragozten dio, eta hegaletara kanporatzen du. Ingalaterra bereziki eraginkorra izan da atal horretan markagailua bere alde duenean.

Alboetako erdiraketak eta aireko jokoa: Azken urteotan, emakumezkoen futbolak bilakaera oso positiboa izan du hegalak erabiltzeko orduan, 2022ko Europako Txapelketa berriz ere gogora ekarriz, multzoen fasean golen %27 alboko erdiraketa baten ondoren iritsi ziren. Aldi berean, gol guztien %33 buruz izan ziren. Baina erdiraketa horiek ez dira imajinatzen ditugun bezalakoak, itxiagoak baizik. Jokalariek kanpoko erreiak barneraketak egiteko biltzen dituzte batez ere. Azken metroetara iristen direnean, ohikoa da atzera pasea ikustea. Erdiraketak barruko korridoretatik iristen dira maiz, arearen angelutik hurbilen dauden eremuetatik. Arlo horretako selekziorik onenetako bi Australia eta Alemania dira. Biek dute buruz nagusi den jokalari bat: Sam Kerr eta Alexandra Popp, hurrenez hurren.

Futbol estilo berriak: : 24 selekziotik 32ra igarotzea aurrerapauso handia da emakumeen futbolarentzat. Hasieran talde indartsuen eta debutarien artean emaitza desorekatuak izaten badira ere, selekzio berriak egoteak beste estilo batzuk ekarriko ditu. Zambiak, adibidez, Afrikako futbol selekzioek izan ohi dituzten ezaugarri guztiak biltzen ditu: fisikoki talde menderatzailea da, kontraerasoan gaitasun handia du, eta zailtasun handiak ditu bloke sendo eta egituratu bat mantentzeko baloia ez duenean. Barbra Bandak, selekzio horretako kapitain eta aurrelariak, C multzoko defentsak kolokan jarriko ditu, emakumeen futbolean hain ohikoak ez diren bi ezaugarriren bidez: abiadura handia eta fisiko boteretsua izatea.

Trebetasun tekniko handiagoa: Emakumezkoen futboleko atal teknikoaren bilakaera etengabea da, eta bi ikuspuntutatik uler daiteke. Batetik, zentzu kolektiboari aplika dakioke, eta, bestetik, futbolari bakoitzaren banako mailari. Adibidez, erdiko atzelariek paseak iragazteko gaitasuna hobetzeak erasoan aukera handiagoa ematen die taldeei. Herbehereak, esaterako, aitzindaria izan da horretan, eta jokoa eraikitzeko orduan erantzukizun handia jartzen du defentsa lerroaren gainean. AEBak, bestalde, banakako talentuari dagokionez, sortzaile nekaezinak dira. Debutarien artean, Trinity Rodmanek trebetasunez egiten ditu driblinak, takoikadak eta bestelakoak. Dudarik gabe, trebetasun teknikoak gero eta presentzia handiagoa dauka futbolari belaunaldi berrien artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.