Nafarroako Gobernuaren osaketa

Zerbitzu publikoak indartzea izango du xede akordio programatikoak

Konpromisoa hartu dute Osasunaren Lege proiektua 2024ko abendurako aurkezteko. Etxebizitzan, alokairua eta zaharberritzea izango dira ardatz. Prest dira eskumenen garapenean aurrera egiteko

Akordio programatikoaren koadernoa, atzo sinatu zuten ordezkarietako biren eskuetan. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
<i>Iruñea</i>
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herritik at, Espainian, PPren eta Voxen arteko akordioen aldean, bestelako bide bat ezarri nahi dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Atzo sinatutako akordio programatikoaren arabera, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa uztartzea izango du helburu hurrengo gobernuak, aldi berean herritarren eskubideetan atzerapauso bakar bat ematea eragotziz. Hala, gizarteari emandako lehen mezuen arabera, garrantzi handia ematen diote zerbitzu publikoak indartzeari. Lehentasunen artean izango dira, era berean, osasungintzaren aldeko inbertsioa, berdintasun eta aniztasun politiketan aurrera egitea, eta etxebizitzaren aldeko neurriak. 2015eko eta 2019ko legealdietako akordio programatikoek 70 orrialdetik gora zituzten, eta honek, 57.

OSASUNA
Geroa Baik bere gain hartuko du Osasun Departamentua, eta, akordio programatikoaren arabera, gobernuaren ardatz nagusietako bat izango da. Herenegun, Uxue Barkos eledunak zehaztu zuen «anbizioz» jokatuko dutela, eta garrantzitsutzat jo zuen dokumentuak aurrekontu konpromiso argi bat jasotzea. Izan ere, akordioaren arabera, lehen arretarako baliabideak handituko dituzte «Munduko Osasun Erakundeak ezarritako irizpideetara gerturatzeko» —2019ko aurreko akordioan departamentuaren aurrekontuen %20ra iristea jarri zuen xede gisa—.

Duela lau urte osasun publikoaren foru-lege proiektua aurrera ateratzea hitzartu zuten, baina azkenik ez zuten bete. Oraingoan, lege proiektua «2024ko abendurako» aurkezteko asmoa azaldu dute. Haren gidalerro nagusiak hauek dira: osasungintza publikoa sendotzea, zerbitzuak zentzuz erabiltzea, antolamendua pertsonetan oinarritzea, eta emaitzen arabera garatzea.

Pandemiaz geroztik itxaron zerrenda nabarmen luzatu zaien espezialitateetako zerrendak laburtzea «lehentasunezko helburua» izango da, eta estrategia bat garatuko dute, berehalako, aurreragorako eta luzarorako neurriak ezarriz. Buruko Osasuneko Plana berrikusiko dute, arreta berezia jarriz haurrengan eta gazteengan. Hainbat osasun etxe indartzeko edo zaharberritzeko asmoa dute: besteak beste, Arrosadikoa, Erripagañakoa eta Atarrabiakoa Iruñerrian; Gareskoa; Lizarrakoa; eta Tuterako bat. Hitzarmenak ez du ezer aipatzen Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentro publikoa indartzeko apustuaz —berriki itun bat izenpetu dute Geroa Baik, Zurekin Nafarroak eta EH Bilduk, baina PSNk ez—.

Ikusi gehiago: «Aurrerakoia» izatea du xede

ETXEBIZITZA
Zurekin Nafarroak kudeatuko du atal hori, eta, akordioaren arabera, alokairua eta zaharberritzea izango ditu politika publikoen ardatz. «Europako Batasuneko batezbestekoarekin bat egin arte» handitu nahi dute inbertsio publikoa. Besteak beste, aurrekontua handituko dute, eta funts berezi bat sortu alokairurako etxebizitzen sustapenak bereganatzeko eta «sistema publikoarentzat berreskuratzeko». Tokiko erakundeekiko lankidetza indartuko dute etxebizitza hutsen eskaintza handitzeko, garrantzi berezia emanez landa eremuari eta eskari handiko guneei. Jabeei pizgarriak handituz, etxebizitza hutsen poltsa ere handitu nahi dute. Alokairu publikoko funtsa handituko dute, alokairurako babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntza areagotuz. Turismorako erabiltzen diren etxebizitzen gaineko kontrolak eta ikuskaritza hobetuko dituzte. Espainiako Etxebizitza Legeak zehaztutakoaren arabera, «berehala» abiatuko dituzte tentsio handiko guneetan alokairuen prezioa kontrolatzeko tramiteak. Horrez gain, interes tasa handiko garaietan «langileei hipoteka ordaindu ahal izateko erraztasunak ematea aztertuko da».

BERDINTASUNA - ANIZTASUNA
Atal hori ere Zurekin Nafarroak kudeatuko du. Maria Txibite lehendakarigaiak aurreratu du «gobernu feminista» izango dela. Besteak beste, berdintasun unitateak indartzen jarraituko dira administrazioaren barnean, «funtsezko erreminta gisa» eta oinarrizko politika publikoetan zeharkakotasunez ikuspegi hori txertatzeko. Halaber, tokiko erakundeetan teknikariak bultzatzen jarraituko dute «lurralde osoan berdintasun politikak ezartzen direla bermatzeko».

Indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek eta haien seme-alabek arreta osoa jasotzeko neurriak indartzen jarraituko dute, eta horretarako zentro bat sortuko da. Lankidetzarako esparru bat ezarriko da Nafarroa osorako protokoloen eta udalek dituztenen artean.

Nafarroako Berdintasun Institutuaren egituraren barruan, LGTBI zuzendariordetza bultzatuko da, eta baliabide gehiago eman. Aurten iragarri zen LGTBI pertsonen arretarako Kattalingune zerbitzuari aurrekontua murriztuko zitzaiola, baina orain hura indartzea hitzartu dute.

HEZKUNTZA
Hezkuntzako aurrekontuak indartu nahi dituzte, gastu publikoa barne produktu gordinaren %5era hurreratzeko. Irakasleen behin-behinekotasuna murrizteko, lan eskaintza publikoetan «ahalik eta postu gehien» eskainiko dira. Euskararen erabilera sustatzeko programak antolatuko dira A, B eta D ereduetan. Helburu gisa jarri da «Nafarroako gazte guztiek derrigorrezko hezkuntza amaitzean EBko hizkuntza nagusietako baten idatzizko eta ahozko ulermen nahikoa izatea —ingelesa, frantsesa edo alemana—». Geroa Baik proposatu du PAI ingelesa ikasteko programaren legea indargabetzea, baina hori desadostasunen artean dago.

EUSKARA
Hizkuntza politikari dagokionez, zortzi puntu adostu dituzte gobernua osatuko duten hiru alderdiek, eta hor bada berritasun bat: aukera aurreikusi dute Euskararen Legea aldatzeko —1986tik da indarrean Nafarroan, eta euskara hiru gune linguistikotan banatzen du—. Alta, horretarako, Nafarroako Foru Hobekuntzaren Lege Organikoa eta hainbat printzipio errespetatu beharko lituzkete horretarako: besteak beste, Nafarroako errealitate soziolinguistikoa islatzea, eta Nafarroan erabiltzen diren hizkuntzen arteko elkarbizitza bermatzea. Bide horretan, helburu bat ere aipatu dute: euskara alderdien arteko eztabaidetatik ateratzea, eta herritarren artean egon daitezkeen bazterketa sentimenduak uxatzea.


Ikusi gehiago: Presidenteorde bana izango dute PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek

Esanguratsuak dira, gai horri dagokionez, gobernukideen artean izan diren desadostasunak ere. Haietako batzuk jaso dituzte gobernu akordioaren atzeko aldean, hitzartu gabekoen atalean hain justu ere. Hor ikusten da bereziki PSNren eta Geroa Bairen artean gai horri buruz izan duten talka. Geroa Baik planteatu du zonifikazioa amaitu egin behar dela, eta horretarako premiazkoa dela Foru Hobekuntza berritzea. PSNk, berriz, Euskararen Legearen balioa azpimarratu du, Nafarroaren errealitate linguistikoarekin «bat» datorrelakoan.

Halaber, administrazio publikoko lanpostuetarako euskara Nafarroa osoan meritu gisa «eta bazterketarik gabe» baloratzeko foru dekretua onartu dadin nahi du Geroa Baik, baina gai hori desadostasunen artean sartu dute. Euskararen Nafarroako Kontseiluak 2021ean proposatutako Euskararen II. Plan Estrategikoa jarri du mahai gainean Geroa Baik, baina hor ere ez dira ados jarri. Iragan legealdian Mañerurekin gertatu bezala, eremu mistora edo euskaldunera pasatzeko eskatzen duten udalei aldaketa ahalbidetzeko eskatu du Geroa Baik, baina puntu horrek ere ez du adostasunik lortu.

AUTOGOBERNUA
Foru Hobekuntzan jaso baina oraindik transferitzeko dauden eskumenen garapen osoa bultzatuko du gobernuak, baina ez du jartzen helburu gisa transferentzia zehatzik. Geroa Baik bai, proposatu du Foruzaingoak ingurumen arloko zaintza osorik bere gain hartzeko eskumena defendatzea, baina puntu hori ez dute aintzat hartu. Horri loturik ere, proposatu du Foruzaingoak osorik falta zaizkion beste jarduerak bere gain hartzea, baina ez da onartu.

Aurreko legealdian, hainbat aldiz hartu zuten konpromisoa Foru Hobekuntza berritzeari buruzko lantalde berezi bat sortzeko parlamentuan, baina azkenean ez zen ezer egin, PSNk atzeratu baitzuen auzia. Oraingo akordio programatikoan, berriro ere lantalde hori eratzeko asmoa adierazi dute, «legealdiaren hasieran».

KONTROL MEKANISMOAK
Duela lau urte jasotako neurri berak hitzez hitz errepikatu ditu testuak. Alta, aurreko legealdiak aurrera egin ahala, desegin egin ziren asmo horiek, eta arazoak sortu ziren. Akordioaren edukien jarraipen batzorde bat eratuko da, eta bi hilean behin bilduko da, testuari «beharrezko egokitzapenak egiteko, alderdien arteko desadostasunak aztertzeko, edo euren arteko koordinazioa bermatzeko mekanismoak ezartzeko».

Sektoreko batzordeak sortuko dira gobernuaren departamentuetan oinarrituta. Haien arteko harremanak «leialtasunean eta akordiora iristeko borondatean» oinarrituko dira, eta, «egonkortasun politikoa lortzeko, kontsentsua bilatuko dute beste indarrekin». Ez dute izenik aipatzen, baina Geroa Baik esan zuen EH Bildu izango dela solaskide nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.