«Egunero gaude gutxieneko zerbitzuetan»

Osakidetzako langileek nekea eta haserrea agertu dute azken greba eguneko mobilizazioetan. Sindikatuek adierazi dute lanuztea «historikoa» izan dela, eta jarrera aldatzeko eskatu diote Osakidetzako zuzendaritzari.

Donostian egindako manifestazioa, Osakidetzako sindikatuek deitutako greba egunaren harira. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Lasaitasun ezohikoa dago Gazteleku anbulatorioan, Bilboko Uribarri auzoan. Ilarak izaten diren lekuan, aulki hutsak, eta, harrera mahaiko marmarraren ordez, isiltasuna, kartel batzuek azalduta: «Langileak greban. Barkatu eragozpenak». Lanuztea ia erabatekoa izan da zentroan: hemeretzi osagiletik hiru baino ez daude lanean, adibidez, eta zazpi administrarien artean, bakarra: «Ostiralean bai, greba egin nuen, baina gaur etortzea erabaki dut: egoera ekonomikoak ez du beti uzten bi soldata egun gabe geratzea». Protestarako arrazoiak soberan ditu, hala ere: «Lehertuta gaude».

SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako mobilizazio sortan, bigarren greba eguna zuten atzo lehen mailako arretan, eta lehena Osakidetza osoan. Osasun etxe batzuk itxi zituzten, langileak ez zirelako agertu, eta beste askotan jarduna mugatu behar izan zuten, Uribarrin bezala: «Gauza gutxi egiten ari gara: odola atera...».

Pazienteak tantaka iristen ari dira, baina etengabe; segurtasuneko langileak bideratu ditu: izapide administratibo bat behar badute, beste egun batean itzuli beharko dute, eta kontsulta bat badute, medikua edo erizaina lanean badago artatuko dituzte. Buelta erdia ematen dute gehienek. «Estres handiarekin lan egin dugu, eta horrek ondorioak izan ditu: antsietatea, bizkarreko arazoak...», azaldu du izenik eman nahi ez duen administrari batek. «Tratu txarrak» ere aipatu ditu, administrazioena ez ezik, baita erabiltzaileena ere: «Sekulakoak entzun behar izan ditugu: hemen gaudela jendea zerbitzatzeko... Ez dira ohartzen gainezka gaudela».

Bilboko beste aldean, Basurtuko erietxea hurbilago dago normaltasun itxuratik: harreran herritar asko daude zain, eta pabilioi arteko lorategietan etengabekoa da pazienteen, gertukoen eta beharginen joan-etorria. Kazetariekin hitz egiteko gogo gutxi dute bertako langileek, baina batzuek aitortu dute greba sumatu dutela: «Gure zerbitzuan, behintzat, bai». Kardiologiakoa da; bertako kirurgia zerbitzua kendu nahi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Erizain laguntzaile batek, ordea, aitortu du ez dagoela greba giro handirik: «Baina gutako asko gutxieneko zerbitzuetarako gaude, eta ez da eguneroko martxaren oso bestelakoa: egunero gaude gutxieneko zerbitzuetan».

Jaurlaritzari mezua

Erietxearen kanpoko aldea, berriz, sindikatuen banderez betetzen hasi da eguerdian. Eta ordezkarien lehen hitzak, hain justu, gutxieneko zerbitzu «gehiegizkoei» buruzkoak izan dira: «Langile askori greba eskubidea urratu diete», adierazi du LABeko ordezkari Ana Tere Alvarezek. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, %9ko erantzuna izan du lanuzteak, baina sindikatuek datuak «bahitzea» egotzi diote. «Osakidetzak tranpa egin du datuak ematean, eta, hala ere, hau historikoa da», berretsi du UGTko kide Ana Vazquezek.

Izan ere, ospitaleetako zerbitzu batzuk ere itxi dituzte, besteak beste, Txagorritxuko eta Zumarragako kirofanoak, Gurutzetako larrialdiak, Galdakaoko fisioterapia... «Erantzun potolo bat eman diogu Osakidetzari. Orain, hausnartu behar du, eta serio negoziatu», esan du ELAko Arkaitz Herrerok. Bat etorri da CCOOko Iñigo Garduño: «Neurriak jarri behar ditu mahai gainean, urteetako abandonua leuntzeko».

Manifestazio zaratatsuan abiatu dira ondoren, eta hiria zeharkatu dute protesta aldarriek, sirena hotsek eta txistuek. Bidean babesa ere antzeman dute: txaloak balkoietatik eta espaloietatik, klaxon soinuak ibilgailuetatik. Osasungintza publikoaren geroa baitago jokoan, SATSEko Amaia Mayorren hitzetan: «Osasun zerbitzuak murrizten ari dira; herritarrek nabaritzen dute, eta gurekin daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.