Euskal iheslariak. Bilakaera

Errefuxiatuen alderik humanoenaren bila

Sei errefuxiaturen historiak bilduko ditu 'Kaxa Hutsak' webdokak. Iheslarien alde humanora jo nahi izan dute, iheslari izateak bakoitzarentzat zer erran nahi duen adierazteko. Josu Larizen esperientzia biltzen duena dago ikusgai.

Ainhoa Larretxea Agirre.
Irun
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Errefuxiatu adina errealitate daude. Esperientzia bakoitza bakana da, eta, anitzek antzeko bizipen edo historiak bizi badituzte ere, ezberdintasun handiak daude errefuxiatu ororen artean. Ehunka bizipen horien artean, sei grabatu eta jaso ditu Kaxa Hutsak ikus-entzunezko webdokak. Bo5tok Photo kooperatibaren ekoizpena da, eta asmo argia du: euskal iheslarien inguruan hitz egitea.

Errefuxiatuak diren edo izan diren sei pertsonaren testigantzek osatuko dute webdoka. Egun, ordea, bakarra dago sarean ikusgai: Josu Larizen errefuxiatu ibilbidea kontatzen duen Oroiminak loretan dokumentala. Pixkanaka gainontzekoak sareratuz joatea da bultzatzaileen asmoa, harik eta denek puzzle oso bat egin arte. Historia pertsonalez gain, kronograma batean bildu dituzte euskal iheslarien historiako garairik aipagarrienak, dena testuinguruan kokatzeko.

Errefuxiatu izatearen izaeran paratu du arreta proiektuak, errefuxiatu izateak zer erran nahi duen eta errefuxiatuek beraiek hori nola bizi izan duten. Horretarako, pertsonaien alde humanora jo dute, bakoitzak bere esperientzia luze kontatuz eta pertsonarengan fokua paratuz. «Askotan, pertsonaia diferenteak hartu, eta planteamendu orokor bat egin izan da. Baina horrekin gauza asko galtzen zirela iruditzen zitzaigun», nabarmendu du Gari Garaialde proiektuko kideak.

Horregatik erabaki dute errefuxiatu jakin batzuk hartu eta horien bizipenak ahalik eta «osoen»kontatzea, denen zirkunstantziak ez direlako berdinak. «Oso garai ezberdinean ihes egin duen jendea dago, toki ezberdinetara ihes egin duena eta arrazoi ezberdinengatik joan dena», nabarmendu du Garaialdek. Errefuxiatu hitzaren itzalean dagoenaerakutsi nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.