Hauteskundeen biharamuna. Espainia

EAJk era «arduratsuan» jokatuko du

Estebanek ez du aurreratu zer jarrera hartuko duten: akordioa egin dutenen deiaren zain daude

Esteban EAJren Espainiako Kongresuko eleduna, atzo, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun

Ezustean harrapatu ditu euskal eragile gehienak PSOEren eta Unidas Podemosen arteko akordioak: batzuek poza agertu dute, baina gehienak zuhur agertu dira, nondik norakoak zehaztu bitartean. EAJren diputatu Aitor Estebanek, adibidez, esan du negoziazioei ekin arte ezin dutela aurreratu zer jarrera hartuko duten, baina iragarri du «arduratsuak eta eraikitzaileak» izango direla.

Estebanen iritziz, Espainiako politikan «zuri ala beltz» da dena, eta zinemara jo du egoera deskribatzeko: «Lehen The GroundHog Day pelikulan bezala geunden: denboran harrapatuta egotearen sentsazioarekin. Orain, Fast & Furious bilakatu da». Haren esanetan, «sei hilabete igaro PSOE eta UPren artean milioi eta erdi boto galdu, Senatuan gehiengoa galdu, eta Voxen gorakada gertatu behar izan dira guk aspaldi eskatzen genuena jazotzeko».

Orain, EAJ zain dago, akordioa izenpetu duten alderdiek noiz deituko. Estebanek ez du aurreratu zeintzuk izango diren EAJren eskariak negoziazioan, baina kontu bat argi utzi du: «Gobernu berriak erantzun bat eman beharko lioke lurraldetasunaren edo naziotasunaren auziari».

EH Bildu, gaur

Beste eragile politiko batzuk ere zuhur agertu dira. EH Bilduk gaur egingo du balorazioa, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiaren agerraldiaren bidez. Pozik handiena sozialistek eta Unidas Podemoseko kideek agertu dute. PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak esan du akordioa «abiapuntua» dela «espainiar gehienei erantzungo dien gobernu progresista bat eratzeko». Itunean ageri diren edukiak «gogoko» ditu. PSNko eledun Ramon Alzorrizek, nabarmendu du «oso albiste ona» dela adostasuna, «oso beharrezkoa» zelakoan. «Akordioa ezin zen gehiago atzeratu».

Antzera hitz egin du Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Eduardo Santosek: «Guk beti eskatu dugu [Espainiako] Estatuak ere itunen kulturarekin bat egitea, Nafarroan egin dugun bezala. Oso albiste pozgarria da, eta orain koalizio gobernuak aurrerapen sozialaren alde egin behar du, klima aldaketari eta desberdintasunen erronkei aurre egiteko».

Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek ere uste du «albiste ona» dela: «Ezegonkortasunean eta akordiorako bokaziorik gabe hilabete gehiegi eman ostean, positiboa da ordezkaritza duten bi indar progresista nagusiek lehen urratsa egitea». Dena dela, «zail» egiten zaio ulertzea zergatik ez duten ituna lehenago egin.

Eskuineko alderdientzat, aldiz, «oso albiste txarra» da. PPko Alfonso Alonsok esan du «populismoa garaile» izango dela, eta Sergio Sayas Navarra Sumako diputatuarentzat, berriz, «errespetu falta eta iraina» da: «Aulkiak banatu dituzte, 150 milioi euro gastatu eta Espainia zazpi hilabetez erabat geldirik eduki ondoren».

Sanchezek eta Iglesiasek koalizioa osatzeko aurreakordioa egin dute

Berandu baino lehen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.