Koronabirusa

ZABALDU AURREKO LANAK

Bi hilabete itxita eman ondoren, denda, negozio txiki eta ostatuek badituzte irekitzeko data batzuk. Sektoreko patronaletako buruek, baina, uste dute Madrilek ezarritako baldintzekin zabaltzea onerako izan beharrean kalterako izan daitekeela. Diru eta lanpostu galerak iragarri dituzte.

Jokin Sagarzazu Imanol Magro Eizmendi Ekhi Erremundegi Beloki
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Erakusleihoetako argiak pizteko eguna gertuago ikusten dute. Badakite gutxi gorabehera noiz izango den. Halere, horrekin baino kezkatuago daude ondorenarekin: hilabete pasa konfinatuta egon diren bezeroek izango duten jarrerarekin. Uste dute tantaka joango direla haien denda, negozio eta ostatuetara, eta, bereziki, datorren krisialdi ekonomikoak eragin handia izango duela kontsumo ohituretan. Negozioen jabeek beltz ikusten dute geroa. Eta beren langileena ere bai.

«Itzulera oso konplikatua izango da: leku guztietan ez da berdina izango krisiaren eragina: kalkulatzen dugu negozioen %15-25 ez direla berriz irekiko». Fernando Miravalles Bizkaiko Ezkerraldeko merkatarien elkarteko presidentea da. Azaldu du sektoreak urte zailak pasatu dituela eskualde horretan, han egin dituzten merkataritza gune handiengatik bereziki, eta ohartarazi du oraingo krisia «ezpata kolpea» izango dela haietako askorentzat. «Koronabirusaren aurretik, gorakada txiki bat nabaritu genuen, baina hori gertatu zen sekulako ahaleginak egin genituelako aurrera ateratzeko eta langileen soldatak duin mantentzeko. Orain, ez da egongo denentzako tokirik».

Hego Euskal Herriko BPG barne produktu gordinaren %11 ordezkatzen dute merkatari txikiek: enpleguaren %14: 170.000 lanpostu inguru. Etor daitekeen krisia sektorearentzat 1980ko hamarkadan industriarenak pairatu zuenaren tamainakoa izan daitekeela uste du Julen Maizek, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko presidenteak. «Orduan, birmoldatze industriala egin zuten, eta, orain ez asko, bankuak erreskatatu zituzten. Ez badute nahi negozio asko ixtea, sektorearentzako erreskate ekonomiko bat beharko da».

Oraindik ez dago datu fidagarririk orain arte jasandako kolpearen inguruan. Martxoan, Hego Euskal Herrian %14 egin zuten behera salmentek, INE Espainiako estatistika institutuaren arabera. Baina azterketan denda guztienak jaso zituzten, saltoki handienak salbu: martxoaren 14ko alarma dekretuaren ondoren ireki ahal izan zutenak eta ordutik lokalak itxita izan dituztenak, baita Internet bidez aritu direnak ere. Oinarrizko produktuenek salbu —%8 igo da salmenta—, beste denek inoizko emaitzarik txarrenak izan dituzte: arropetan, adibidez, %54ko galera izan dute. Sektore horietan lan egin eta lanpostua galdu dutenen kasuan ere, martxoko datuak lausotuta geratu dira aldi baterako erregulazioengatik eta autonomoentzako langabezia prestazioengatik.

Datozen asteetan, kopuru horiek guztiak «oso txiki» geratuko direla azpimarratu du Euskomer elkarteko presidente Estibaliz Tellok. Negozioak irekita ere, ohartarazi du zenbait produkturekin banaketa eta hornikuntza arazoak izango dituztela. Eta, lanpostuei buruz, iradoki du langile asko kaleratuko dituztela, hamar negoziotik bik itxi beharko dutelako. «Hilabeteak beharko ditugu normaltasunera itzultzeko, eta normaltasuna ez da inoiz lehen bezalakoa izango».

Lanpostuak, kolokan

Datorrena ikusita, ahalik eta azkarren irekitzearen aldekoa da Pedro Campos, Cecobi elkarteko presidentea. «Ezin da gehiago luzatu. Alarma egoeraren ondorioek gehien jo duten sektorea da gurea: jasanezina da egoera». Gogoratu du denden atzean «merkataritza eredu bat» dagoela eta, saltokietako langileei ez ezik, ekoizleei, banatzaileei eta beste pertsona ugariri eragiten diela. «Ez gara soilik dendariez ari; eskualde eta auzo ugari saretzen dituzten milaka pertsonez ari gara».

Oso kritiko azaldu da Espainiako Gobernuak orain arte egindakoarekin. Salatu du sektorearen eta lurraldeen berezitasunak aintzat hartu gabe egin duela lanera bueltatzeko plana, eta «iruzur» egitea leporatu dio Sanchezi, saltokien irekitze prozesuaren eskumena euskal erakundeena izan beharko litzatekeela iritzita.

Euskaldendak federazioko teknikari Xabier Aldalurrentzat, berriz, eztabaida ez da noiz ireki, zer baldintzatan baizik. Horren harira, uste du Sanchezen planak argitu gabeko hainbat puntu dituela. Ez zaio gaizki iruditzen modu mailakatuan egitea, baina, haren ustez, «trantsizio epe bat» ezarri beharko litzateke, eta denbora horretan indarrean jarraitu beharko lukete orain arte sektoreak izan dituen laguntzek. «Gure beldurra da irekitzen ez dutenak ez ote diren hortik kanpo geratuko eta irekitzen dutenek ez ote duten bezero nahikorik izango».

Zalantza horiei erantzuteko, Espainiako Gobernuak egin ditu zenbait urrats. Batetik, autonomoek langabezia sariari eutsiko diote, negozioak ireki arren. Baina, patronalek salatu dutenez, kuotak osorik pagatu beharko dituzte, jarduna mugatuta egon arren.

Lan zuzendaritzak, halaber, herenegun argitu zuen enplegu emaileek aldi baterako erregulazioetatik modu mailakatuan atera ahal izango dituztela beharginak, lan kargaren arabera, eta ez denak batera, hasieran ezarri zen bezala. Hori eska dezakete konfinamendua arintzeko fasean jarduerarako muga zehatzak dituzten negozioek, ostalariek bereziki. «Gure kasuan ez dago hain argi», dio Tellok.

Gainera, aurreikusten da faseen epea amaitu ondoren ere, normalitate berria deiturikoan, herritarren mugimenduak eta hainbat jarduera mugatuta egotea, zehaztu gabe dagoen denbora batez: jende pilaketak denda guneetan,edo ekitaldi handiak eta herrietako festak, esaterako. Kasu horretan ere ez dago argi sektore horietako enpresariek datozen hilabeteetan erregulaziorik eska dezaketen arrazoiobjektiboak argudiatuta. Hala, alarma egoera kendu ondorengo asteetan kaleratze ugari egon daitezkeela esan dute sindikatuek.

Eta horren inguruan ere badaude hainbat kontu argitzeko. Izan ere, langileak babesteko, gobernuak klausula bat egin zuen erregulazioan egondako langileak kaleratzeko debekua ezartzeko alarma egoera kendu eta hurrengo sei hilabeteetan. Handik gutxira, baina, obligazioa malgutu zuen, patronalen presioagatik, eta zehaztu zuen kaleratzeak baimendu daitezkeela urtaroen arabera sektore bakoitzak duen enpleguaren aldakortasuna kontuan hartuta

Izan ere, lan hitzarmen eta kontratuetan oso ezberdinak dira sektore horiek: ostalaritzan ohikoagoak dira aldizkakoak (uda garaikoak-eta), eta negozio txikietan, epe luzeagokoak; kezka ugari eragin du bakoitzean kaleratzeek zein izaera izango luketen —bidezkoak ala bidegabeak—. Alde horretatik, gobernuak adierazi du «krisi ekonomikoak eta sanitarioak irauten duen bitartean» enpresek ezin dutela kaleratzerik egin arrazoi ekonomikoengatik, antolakuntzakoengatik edo ekoizpenekoengatik, ezta COVID-19tik eratorritako ezinbesteko arrazoiengatik ere. Horrek, baina, ez ditu aldeak lasaitu, eta zehaztasun gehiago galdegin dituzte; gobernuak esan du hitz egiten jarraituko duela patronalekin eta sindikatuekin,«guztientzat ona» den irtenbide bat aurkitzeko.

«Hobe ez irekitzea»

Haserrea agerikoa da. «Enpresaburuak eta langileak erotu nahi gaituzte», salatu du Nafarroako ostalarien elkarteko buru Nacho Calvok, eta kezka bera agertu du Gipuzkoako Kino Martinezek. «Agian hobe izango da itxita mantentzea, dena argitu arte». Hori egitea adostu dute Espainiako ostalari elkarte batzuek, baina Gipuzkoakoak eta Nafarroakoak oraindik ez dute erabakirik hartu. Momentuz, zenbait herritako udalei eskatu diete terrazak handitzeko baimenak emateko.

Azken urteetan, turismoarekin batera asko handitu da ostalaritzaren pisua Hego Euskal Herrian: BPGaren %6tik gora. Sektoreak 75.000 langile ditu, baina hamarretik bat bakarrik da finkoa. Datozen hilabeteetarako aurreikuspenak «oso txarrak» direla ohartarazi du Martinezek: lau langiletik bat kaleratu beharko dutela dio, eta hamar establezimendutik batek itxi egin beharko duela. «Administrazioek kontuan hartu beharreko datuak dira: sektorearentzako plan zehatz bat behar da».

Kanpainak eta laguntzak

Merkatariek gauza bera galdegin dute. Batetik, gertuko saltokietan kontsumoa sustatzeko kanpainak eskatu dituzte. Hainbat bilera egin dituzte Jaurlaritzako buruekin, eta deskontu bonuen sistema bat nola ezarri aztertzen ari dira. Udalek eta beste erakunde batzuek ere egingo dituzte horrelakoak. Bestetik, laguntza eskatu dute datozen asteetan bete beharko dituzten segurtasun protokoloek eragin ditzaketen gastuei aurre egiteko. Jaurlaritzak sektoreen araberako aholkuen bilduma bat egin du, baina ez du obligaziorik jarri. Madrilek oinarrizko neurri batzuk ezarri ditu.

Ostalarientzat ez dago halakorik oraindik. «Batzuk jada hasi dira pantailak eta beste erosten, baina gelditzeko esan diegu. Ez litzateke bidezkoa gu behartzea janari dendei, garraio zerbitzuei eta enpresei eskatu dizkieten inbertsioak baino handiagoak egitera», adierazi du Martinezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.