Iaz Espainian saldutako autoen %73k ez zuten gainditu 25.000 euroko salneurriaren muga, eta, aldi berean, auto elektriko gehienak 35.000 eurotik gora daude merkatuan. Gaur egun, Europan, auto elektriko batek batez beste 10.000 euro gehiago balio du errekuntza motorreko haren baliokideak baino; hori argi ikusten da, adibidez, Peugeot 2008 eta Peugeot e-2008aren artean.
Ikusi gehiago: Mikel Agirregabiria: «Auto elektrikoak luxua izateari utzi dio, eta luzera errentagarriagoa da»
Horrekin guztiarekin, ekoizleak ikusten ari dira auto elektrikoak saldu nahi badituzte prezioak nabarmen merkatu behar dituztela. Eta badator aldaketa; autogintza elektrikoak auto txiki eta merkeen aldeko apustua hasi du. Txinako ekoizleak izan ziren horretan lehenak, eta, apustuak eragina zuela ikusita, Stellantisek Fiat 600 eta Fiat Topolino auto elektriko merkeak atera ditu merkatura orain egun gutxi.
Fiat 600 auto berria 35.950 euroren truke egongo da salgai, eta eguneroko erabilerarako dago prestatua. Topolinoa, aldiz, eredu ausartagoa da. 1930. urteko Fiat Topolinoaren bertsio elektrikoa sortu nahi izan dute. Auto oso txikia da, soilik hirian erabiltzekoa, eta 9.980 euroren truke egongo da eskuragarri. Bi modelo berriak Turinen (Italia) aurkeztu dituzte, Fiaten etxean, baina, biak ala biak, Marokon eta Polonian ekoitziko dituzte, gastuak apaltzeko.
Txinatik iritsitako autoez gain, Teslak ere eragin die behera prezioei Europan. Teslak gama altuko autoak sortu ditu hasieratik, eta gero, pixkanaka, gamak eta prezioak jaitsiz joan da. Azken beherakadarekin, prezioei dagokienez, Txinako autoen lehiakiderik handiena da gaur egungo merkatuan, eta bien beldur dira Europako ekoizleak.
Hala ere, Jim Rowan Volvoko zuzendari exekutiboaren arabera, Txina ez da gai izango «Europako auto elektrikoen merkatua menperatzeko». Haren ustez, Europako markako auto merkeagoak laster iritsiko dira. Citroenek, esaterako, datorren urterako aurreikusten du elektrifikatzea bere produkzio osoa. Hala ere, ez da ahaztu behar Txinako Geely konpainia dela Volvoren jabea.
Prezioak merkatzeko borroka horretan, egun merketzat jo daitezkeen auto elektriko bakarrak hirian ibiltzeko modelo txikiak dira. Fiat Topolinoaz gain, besteak beste, Citroen AMIa, Fiat 500e-a, Dacia Springa eta Txinako D2Sa daude segmentu horretan. Beraz, prezioak merkatu dira, baina, aldi berean, autoen tamaina eta prestazioak ere murriztu dira. Alegia, horien eta gama altukoen artean ez dago tartekorik. Fiat 600e-a, esaterako, utilitario bat da, lau metro ingurukoa, baina 35.000 eurotik behera zaila izango da auto elektriko berri hori erostea.
Txinan, prezioen ituna
Txinan, auto elektrikoen ekoizlerik handienean, konpainien arteko su etena sinatu berri dute, prezioak jaitsarazi dituen gerra amaitzeko. Pekingo Gobernuak bultzaturiko akordio bat izan da. Teslak Model 3 eta Model Y autoen prezioak jaitsi izanak prezioen gerra piztu zuen iazko urrian. Harrezkeroztik salmenta errekorrak lortu dituzte bai Teslak eta baita Txinako konpainiek ere, tartean BYD, Teslaren lehiakide handiena.
Dena den, bi konpainia handiek lehia baretu beharra ikusi dute. Biek eta Txinako beste hamalau auto egilek eskutitza bidali diote Txinako Industria eta Informazioaren Teknologia Ministerioari, eta bertan azaldu diote nola jarriko dioten amaiera prezioen beherako espiralari.
Kaleratzeak Stellantisen
Stellantisek egindako auto elektrikoen aldeko apustuak kaleratze ugari eragingo ditu konpainiaren planta gehienetan, eta horrek langileak kezkatu ditu. Carlos Tavaresek, enpresako zuzendari exekutiboak, ohartarazi du Txinatik datozen auto elektriko merkeek Europan duten eraginaz. «Txinarekin lehian sartu nahi badugu, ezin dugu ekoitzi Frantzia eta Italiaren moduko herrialdeetan», ohartarazi du.
Ekoizpena garabidean diren herrialdeetara eramateak asko merkatzen du prozesua. Halaber, Europako gobernuak diru laguntza handiak eskaintzen ari dira auto elektrikoak erosteko. Bi aldagai horien konbinazioak, hein handi batean, autogintza konpainien errentagarritasuna handitzea ekarri du. Olivier François Fiateko zuzendari exekutiboak honela adierazi du: «Bi urtean, Fiat inoiz baino errentagarriagoa egin dugu».
Auto elektriko merkeak, merkatua iraultzeko prest
Europako autogintza enpresak ere auto elektriko merkeagoak ekoizten hasi dira, Teslari eta Txinako ekoizleei lehia egiteko eta erosleentzat eskuragarriagoak izan daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu