Koronabirusa

Egunero 128 gaixo iristen ari dira Hegoaldeko erietxeetara, batez beste

Aspaldiko ospitaleratze datu makurrenak dira. Hirugarren dosia jarriko diete 18 urtetik gorakoei, eta laugarrena immunoeskasia duten gaixoei

Nafarroako Unibertsitate Klinikako zainketa intentsiboko unitate bat, artixoko irudi batean. JESUS DIGES / EFE.
Irati Urdalleta Lete - Ion Orzaiz
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Birusak gogor jotzen du oraindik ere, baina, transmisio datuetan bainoago, ospitaleetan ari da nabaritzen seigarren olatuaren indarra. Inoizko positibo kopururik handienak erregistratu ziren iragan asteetan, eta, sintomek okerrera egin ahala, positibo emandako batzuek ospitaleratzea behar dute. Gero eta gehiago dira. Atzo beste 127 gaixo ospitaleratu behar izan zituzten, eta, gaur egun, 1.209 herritar daude ospitaleratuta COVID-19ak erasanda. Pare bat konparazio egitearren: duela astebete baino %27 gaixo gehiago ari dira Osakidetzako eta Osasunbideko erietxeetako arta jasotzen, eta duela bi aste baino %66 gehiago dira.

Egunean eguneko datuei ez ezik azken bi asteotako batezbestekoari erreparatuta, are ikusgarriagoa da igoera: batez beste, COVID-19a duten 128 gaixo gehiago ospitaleratzen dituzte egunero-egunero Hego Euskal Herriko erietxeetan. 2020ko apiriletik, lehen olatuak gogorren jo zuenetik, ez zen halako batezbestekorik erregistratu. Ordutik, gainera, ez da 1.000 paziente baino gehiago egon aldi berean erietxeratuta, orain arte: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ospitaleek astebete daramate langa horretatik gora. 1.209 dira orain.

Paziente horietako batzuk, gainera, larri daude ZIUetan. Hain zuzen, 172 gaixo daude egoera horretan. Goranzko joera ikusten da ZIUetako kopuruetan ere, baina ospitaleratzeetan baino motelagoa: duela astebete baino %20 gaixo gehiago daude, eta duela bi aste baino %23 gehiago.

Positibo kopurua, berriz, apaltzen ari da pixkanaka, baina ezin liteke esan haren hedadura murrizten ari delako denik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak asko mugatu baitituzte probak egiteko irizpideak. Hortaz, litekeena da atzo emaniko datuek izurriaren irudi distortsionatua ematea: herenegun egindako testetan 12.146 herritarrek eman zuten positibo. Orotara, 29.640 test egin zituzten, eta horietako %41ek eman zuten positibo. Pandemia kontrolatu ezinaren seinale. Izan ere, OME Osasunaren Mundu Erakundeak %5eko langa dauka ezarrita pandemia bat kontrolpean edukitzeko erreferentzia gisa.

Birusa Euskal Herri osoan zabalduta dago, baina, azkenaldian, bereziki Gipuzkoan. Asteazkenean, esaterako, beste 3.238 positibo atzeman zituzten bertan. Baina antzera dabiltza Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeak ere: beste 4.590 lagunek eman zuten positibo Bizkaian; 2.674k Nafarroan, eta 1.556k Araban.

Hirugarren dosia, gehiagori

Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo iragarri zuen txertoaren hirugarren dosia jartzeko kanpaina 18 eta 39 urte bitarteko adin tartera ere zabalduko dutela. Espainiako Osasun Publikorako Batzordean hartu zuten erabakia Espainiako Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek. Txertoaren laugarren dosi bat ematea ere baimendu dute, baina soilik immunoeskasia duten gaixoei. Azken dosia hartu zutenetik bost hilabetera jarriko diete. Talde horretan daude transplanteren bat dutenak eta baita fibrosi kistikoaren gisako eritasunak dituztenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.