Duela bi aste agertu zen Gazte Ekintza kolektiboa, gai soziekonomikoak gazte ikuspegi batetik lantzeko asmoarekin. Etxebizitzaren arazoa salatzeko bi ekintza egin ondotik, parte hartuko dute gaur Langileen Eguneko mobilizazio bateratuan, mugimendu sozialeko eragileekin batera.
Aitzol Gil de San Vicentek 18 urte ditu; Aña Iriartek, 19. Adin tarte horretakoak dira orain arte kolektibora bildu diren gehienak. Ahalik eta gazte gehienengana iristeko asmoarekin, «mugimendu zabal eta plurala» osatu dutela erran dute. Batzuk Aitzinako kide izan ziren lehenago; beste batzuek Friday For Future dinamikan parte hartu zuten, eta badira batere esperientzia militanterik ez dutenak ere. «Badira abertzaleak direnak eta ez direnak, baina denak dira burujabetzaren aldekoak», esplikatu du Gil de San Vicentek. Euskal Herrian, bizi, lan egin eta ikastea; hiru ardatz horien inguruan aritu nahi dute. Lapurdi kostaldeko gazteak batu dituzte nagusiki, baina barnealdera ere iritsi nahiko lukete. «Hango gazteek erran dezatela zer problematika landu nahi dituzten». Maiatzaren Lehenari begira lanketa bat egiteko asmoz abiatu zuten desmartxa, baina kolektiboaren lehen ekintzek izan duten harrerak hauspotuta, gaurtik aitzina ere segitzea gogoetatzen ari dira.
Etxebizitza: «Injustua da»
Donibane Lohizuneko eta Angeluko (Lapurdi) bi etxe agentziaren aitzinean protesta eginez agertu zen kolektiboa, eta Bidarteko etxebizitza bat 18,9 milioi eurotan salgai jarri duen Miarritzeko Prestant etxe agentziaren aitzinean elkartu ziren joan den astean. Etxebizitzaren gaiak gazteengan eragiten dituen «ezinegona eta beldurra» aipatu ditu Iriartek. «Prezioak gero eta gorago dira; ezin dugu alokairurik pagatu». Oso «injustua» da, Gil de San Vicenteren hitzetan: «Gure herrietan bizitzeari uko egin behar diogu, eta kanpotik heldu direnei gure lekua utzi». Bigarren etxebizitzen eta etxe hutsen kopuruak aipatu dituzte.
Gazte Ekintzako bi kideen hitzetan, badira aukerak gehiengo handi batekin «fronte zabal» bat osatzeko. Arduraren parte bat instituzioek dutela uste dute, eta zergak emendatu eta bizitegi sozial gehiago sortzeko beharra azpimarratu dute. «Plan bat behar da. Ez gehiago eraiki: direnak baliatu». Salaketa ekintzen bidez, «kexua» adierazi eta agentziak ere problemaren parte direla erakutsi nahi izan dute, Bidarteko adibidea emanez. «Guk ez dugu horrelakorik nahi. Etxebizitza merkatutik kanpo utzi behar da, eskubide bat da».
Gehienak «suminduak» direla uste dute, eta horren frogatzat jo dituzte sare sozialen bidez jaso dituzten mezu anitzetarikoak. «Batzuek afixak eskatu dizkigute, beste jakin nahi zuten nola egin ondoko ekimenetan parte hartzeko». Orain artekoak jasotako erantzun «baikor» hori baliatu nahi dute, hemendik aitzinako dinamika antolatzeko.
Gazteen arazoei buru egiteko
Gazte Ekintza kolektiboa agertu zen apirilaren erdian, Euskal Herrian bizi, lan egin eta ikasteko aldarrikapena plazaratzeko. Behin-behinekoa iraunaraztea gogoetatzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu