Paolo Giordano. Idazlea

«Ez gaude bizi garen globalizazioaren maila berean»

Ohiko bizimodura itzultzeko gogoaren gainetik gaurko munduaren konplexutasunaz pentsatu beharraz ari da; bizi dugun garaiaz eta aurretik zain zeuden eginbehar kolektiboez.

DANIEL MORDZINSKI.
itziar ugarte irizar
2020ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Erroman darama itxialdia Paolo Giordanok (Turin, Italia, 1982). Asteak etxetik irten gabe, ez zaio iruditzen jada han bizi denik. «Grabitate zentro emotiboa» herrialdearen iparralderantz izan duela dio, gainera: Bergamora, Bresciara, Piacenzara, non senideak dituen, non COVID-19aren gaitzak gogor jo duen. Fisikaria da ikasketaz, eta Zenbaki lehenen bakardadea (2008) eleberri arrakastatsuak egin zuen ezagun haren literatur fazeta. Orain Kutsaldian idatzi du, munduak bizi duen ekaitza hurbiltzen sumatu zuenean, eta ekaitzaz. «Ohar koaderno bat da». Eta segitzen duela oharrak hartzen. «Ez naiz izugarri sakona izan gogoetetan. Ez zen asmoa: sakontze eta eztabaidarako akuilu izatea nahi nuke». Ereinek aterako du euskaraz, Xabier Olarraren eta Fernando Reyren itzulpenean; eta BERRIAn deskargatzeko moduan da, gaur eta bihar.

Artean egun nahasiak ziren idazten hasi zinenean. Nolatan jarri zinen hain azkar?

Nahasmendu horrexegatik. Egun haietan gure politikariak oraindik bideoak eta post-ak argitaratzen ari ziren, atzerritarrak Italiara etortzera gonbidatzeko. «Erabat segurua da», esaten zuten. Adituak ere ez zetozen bat; askok «urtaroko gripe arin bat» zela esaten zuten. Nahasmendu horren kontra idatzi nuen liburua, gaur arte Corriere della Sera-n idazten jarraitu dudan artikuluak bezala. Informazio zuzen eta gardena profilaxi moduko bat da epidemia batean. Liburu forma hautatu dut inportantea zelako gogoeta pausatuagoekin ere hastea. Nolako lotura dagoen epidemiekin eta ingurumenarekin, informazioarekin, elkarlanarekin eta elkartasunarekin dugun harremanaren artean. Kutsaldiaren barrenetik idazten ez banuen, gero ez zitzaidan kasu gehiago eginen. Italian behintzat, ohiko bizimodura itzultzea baizik ez du gogoan jendeak, eta hau dena oroitzapen zatar bat bezala atzean uztea. Bide horretatik, ez dugu inola ere prebentzio eraginkorrik abiatuko.

Hala diozu Hankak lurrean lehen atalean: «[Sars-Cov-2ak] gauza bat erakutsi digu, lehendik bagenekiena baina nekez neurtzen ahal genuena: elkarri lotuak gaude denak maila askotan, eta bizi garen mundua izugarri konplexua da, baita haren dinamika sozial eta politikoak ere, pertsona arteko harremanak eta alderdi psikikoak barne». Egunotan irakurtzen ari garen guztiaren atzean galdera bera: nola heldu gara bizitza bera hainbeste korapilatzera?

Mendeetan aurrera doan prozesu bat da, eta geldiezina. Ez dugu horren erantzule sentitu behar. Izurri beltza ere globalizazioak ekarri zuen Europara; gripe espainiarrak bi urte behar izan zituen mundu guztia kutsatzeko. COVID-19ak aski izan ditu bi hilabete. Hor dago aldea. Mundu globalizatua da gurea, eta joera hori areagotu eginen da, pandemia honek ez du aldatuko norabide hori. Problema beste bat da: gu ez gaudela bizi garen globalizazioaren maila berean. Garbi utzi dugu.

Sinplifikazioa izan daiteke erresistentziarako bide bat?

Funtsezkoa da arreta handiagoa jartzea egiten dugunari, gure ekintzen ondorioei. Birus honek egia batzuk nabarmenago utz ditzake, baina ez dut uste gutako bakoitzaren jokabidean aldaketa esanguratsurik ekarriko duenik. Pertsonak ez dira hobeak bihurtzen beldurraren eta shocken ondorioz. Alderantziz. Gainera, ingurumenarekiko jarrera arduratsua, lokal izatea eta ez global eta abar, egoera erosoan bizi direnen luxuak dira. Jopuntua ez dugu jarri behar norberaren aldaketan, baizik eta erakundeenean.

Hain justu, nabarmendu duzun ideietako bat da krisia estatuz gaindiko auzi bat izan arren konponbideak estatuz estatu ari direla zertzen, are eskualdeka ere.

Gero eta kezkatuago nago Italian eta mundu osoan alde horretatik gertatzen ari denarekin. Aliantzak beharko genituzke, baina zatiketa nagusitzen da. Populismoak eta mugimendu identitarioak zatiketan oinarrituak dira. Politikak bide eman zien boto iturri erosoa zirelako, eta maila askotan ari gara jasaten ondorioak.

«Kasuen ugaltzea eztanda bat da jendearentzat, eta egunkariek kezkagarria edo dramatikoa dela diote, nahiz eta berez esperatzekoa zen. Normala da distortsio horrek beldurra piztea». Distortsio horrek pisua du: iragarpen etsigarriak jaso bai, baina badirudi herritar soilak ez duela beste biderik zerbait globalki egingo den zain egotea baino.

Gutako bakoitza ezgauza sentitzen da, eta hala da, izan ere, neurri handi batean. Zer gertatzen da klima aldaketaz hizketan hasten zarenean? Iristen da puntu bat solaskideak galdetzen dizuna: «Bai, baina zer aldatu behar dut nik?». Inork ez du konponduko klima aldaketa argiak itzaliz edo inguru hurbileko oiloen arrautzak aukeratuz. Dena da mesedegarria, baina ez erabakigarria. Aldaketek sistemikoak izan behar dute. Bakarka egin dezakeguna klase politikoarekin askoz ere zorrotzagoak bihurtzea da, askoz ere zorrotzagoak. Galdera zuzenak egin, eta ez konformatu erantzunik ematen ez duten erantzunekin eta eraginkorrak ez diren ekintzekin.

Itxialdiko hainbat sentipen jaso dituzu: bakardade gorria, norbanakoa kolektibo baten parte pentsatzearen ideia... Zein ari zaizu barrua gehien mugitzen?

Harritu nintzen italiarrek zeinen laster eta zorrotz bete eta errespetatu zituzten neurriak. Ohartu gara inportantea zela sakrifizioak egitea, ez hainbeste norberaren segurtasunagatik, baizik eta zerbait abstraktuagoa salbatzeko: osasun sistema eta pertsona ahulenak. Garen baino okerragotzat jotzen dugu geure burua; zergak ordaindu nahi ez dituen herri bat, sistema axola ez zaiona. Baina onartu dugu gure askatasuna galtzea, gure ongizate ekonomikoa, eta ez isunen beldurragatik. Horrek esperantza handia eman dit.

«Zazpi mila eta bostehun milioi pertsonaren aldibereko harat-honata: horra hor koronabirusaren garraio-sarea. Arina, erosoa, efizientea... guri gustatzen zaigun bezalakoa. Kutsaldian, gure efizientzia gure kondena ere bada». Prest egongo gara mundu horri uko egiteko?

Ez. Fisikari esker ere badakigu askoz zailagoa dela sistema baten entropia apaltzea handitzen uztea baino. Denbora batez murriztuko dira bidaiak, trukeak. Baina pentsa dezagun zer gertatu zen terrorismoarekin: ematen zuen zauri sendaezina gertatua zela, baina lehenago bezala mugitzen jarraitu dugu, edo gehiago. Oraingoan ere mekanismo asko aldatuko ditugu bidaiatzeko eta lan egiteko moduetan, baina itzuliko gara gure soziabilitate bridagabera.

Gertuko alorra duzu fisika. Orain hara begira egon arren, zer harreman dugu zientziarekin?

Paradoxa bat dago: bizi garen errealitatean gero eta nabarmenagoa da zientziaren eta teknologiaren nagusitasuna, errealitatea bera gero eta konplexuagoa da, baina guk gero eta erantzun sinpleagoak bilatzen ditugu. Gero eta gehiago zabaltzen ari da zientziaren kontrako jarrera. Pandemia hau bera ere zientziarekiko harreman ongi konpondu gabeko baten ondorio gisa ikus liteke. Urteak dira zientzialariak zer gertatzen ari den zehatz-mehatz deskribatzen ari zaizkigula. Alferrik. Orain, lehenbizikoz, immunologoak, birologoak eta matematikariak parrastaka ageri dira telebistan, eta irrikaz gaude zer dioten aditzeko. Baina hau dena pasatzen denean, zientzialariak beren laborategietan sartuko dira, politikariak berriz itzuliko beren buruaz baizik ez hitz egitera, eta gu konplexutasunaren edozein formari uko egitera. Hurrengo hondamendira arte. Iritzi publikoaren eta zientziaren arteko harremanak sustrai berriak behar dituzte, eta hezkuntza sisteman jarri behar dira.

Gerrari lotutako lengoaia kritikatu duzu zuk ere: heroiak, lehen lerroak... Azkenean, zer adierazten ari gara diskurtso eta hitz jakin batzuk ekartzean?

Ulertzen ditut gerrarekiko analogiak. Baina urteak eman ditugu esaten zeinen inportanteak diren hitzak, eta orain hitz egokirik aurkituko ez bagenu bezala jokatzen ari gara. Lasterbide linguistiko bat erabiltzen. Bi problema daude. Gerran gaudela errepikatzea, batetik, gerra egin eta sufritu dutenenganako errespetu falta da. Euskal Herriak hurbil-hurbila du oroitzapen hori: benetan zer den gerraren kolpea. Eta ez duzue egin nahiko halako lotura arinik. Bigarren problema da hitzek beti beren mamuak daramatzatela aldean. Gerraren mamuak indarkeria eta autoritarismoa dira, eta eskubideak bertan behera uztea; honelako egoera labainean hobe litzateke horretatik urruntzea.

Salentoko uda sasoiei lotuta kontatzen duzu nola bihurtu diren hango olibondoak «eskeleto huts», Xylellaren gaitzagatik. Edonork du orain bere olibondo eskeletoa. Osasunaz eta biziaz beraz gain, arriskuan dago biziaren edertasuna ere?

Munduko bazter orok du gaur egun problema bat ingurumenari loturik. Apuliako olibondoak, Alpeetako glaziarrak, Amazoniako oihana, itsasoko ekosistemak... Oso zaila da, ordea, beldur horiek eta kezka horiek proiektu bateratu batean biltzea. Eta gu sobera motel goaz. Birusa, birus ezin lasterrago hau, hori esaten ari zaigu.

Modernitatetik ongi ez dabilen «triangelu sentimental batez» mintzo zara: herritarrak, politikariak eta adituak. Zerk egiten du huts? Konfiantzak?

Urteetan, politikak gutxietsi egin ditu adituak, ez baitzuen entzun nahi abisu konplexurik, ez baitzien erantzunik eman nahi problemei urgenteak ez baziren. Gu, agerikoa denez, ez gara fidatzen politikaz. Eta adituak eta politika ez dira asko fidatzen gutaz, herritarrez; zinez gauzak ulertzeko gai ez bagina bezala tratatzen gaituzte. Denen arteko ituna sendotu beharra dago, oinarri bat finkatu: herritarrak dena ulertzeko gai gara baldin eta gauzak argi eta lasai azaltzen badizkigute.

Agendan bertan behera geratu zaizkizunen artean bazen bilkura bat Zagreben, non europar izatearen esanahiaz jardun behar zenuen. Zein da zuretzat esanahi hori? Aldatu da orain?

Europazaletasunak ez zuen osasun onik Italian, eta izugarri ahuldua ageri da azken inkestetan. Ez da erraza arrazoiak ulertzea, eta bihotza erdibiturik diot, beti ezin maiteagoa izan baitut Europa. Baina unea ailegatu da norberak bere buruari galdetzeko, baita komunitate gisa ere, zer den guretzat Europa. Krisi honetan sinboloen falta erabatekoa izan baita. Ez da parte-hartze emozionalik izan. Adibidez: inori ez zaio bururatu Europako kutsaldiaren kurba aurkeztea. Estualdi honetan denok bat eginik gaudelako adierazgarri sintetikoa izanen zen. Baina ez. Europa erakunde bat besterik ez da, eurobonuak ematen dituena edo ematen ez dituena, MEDE aktibatzen duena edo aktibatzen ez duena, diru laguntza ematen duena edo ematen ez duena. Hortaz, aparatu ekonomiko bat besterik ez da Europa? Ez du arimarik? Hala ote den jakin nahi dut, esan nahiko baitzuen luzez fantasia batean bizi izan naizela.

Datuen gizaldia da hau. Eta itxura du honek ez duela mugimenduen kontrola gutxituko. Autoritarismoari adi egon beharko da?

Bai. Larrialdietan erabaki zorrotzak hartu behar dira, baina haien ondorioek gehiago iraunen dute larrialdiak baino. Orain kontu handiagoz ibili beharko dugu gure trukeetan, segurtasun pixka bat irabazteko. Segimendurako aplikazioak ezinbestekoak dira, baina arautzeko modu desberdinak daude. Europa ematen ari den jarraibide orokorrak zuzenak iruditzen zaizkit.

Otsailaren 29tik martxoaren 6ra osatu zenuen liburua. Gaur [apirilaren 17an], gehituko zenuke txatalen bat?

Elkarlan instituzionalaz hitz eginen nuke, falta sumatzen baitut. Eta aipatuko nuke birusak gu denok berdin ikusi nahi gaituela, eta denok berdinak bagina bezala tratatuak izatera behartzen gaituela, baina ez dela hori gertatzen. Itxialdia ere ez da denontzat berdina. Gure etxeak desberdinak dira, gure familiak ere bai, gure eskakizunak beste horrenbeste. Denok berdin gaudelako ustea kutsaldiaren alderdi krudel eta latza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.