Miren Basaras Ibarzabal.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK

Diagnostikorako testen esanahia

2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirus berria, SARS-CoV-2, agertu zenetik, diagnostikorako enpresak buru-belarri ibili dira test mota ezberdinak asmatzen eta merkaturatzen kutsatutako pertsonak atzemateko. Osasunaren Mundu Erakundeak jadanik aipatu zuen test asko egin behar direla jakiteko modu errealez populazioren zer zenbateko dagoen kutsatua.

Birusaren genoma ezaguna izan zenetik, test molekularrak, hau da, genoma hori detektatzen dutenak dira erabili direnak. Test horiek, PCR (Polymerase Chain Reaction) teknikari esker, birusaren genomaren zati bat detektatzen dute. Oinarrizko ezaugarriak ditu teknika honek. Alde batetik, oso espezifikoak dira; ebolutiboki oso hurbil dauden bi mikroorganismo bereiz ditzakete. Bestetik, oso sentikorrak dira; birusaren genomaren 20 kopia/ml edo gutxiago detekta ditzakete. Azkenik, garaiz detektatzen da, arnas infekzioaren lehen faseetan birusa detektatzen delako. Proba horiek duten beste abantaila da birusaren kantitatea detekta daitekeela, eta horrela gaixotasunean zehar ikus daiteke igo edo jaisten den. Gainera, aukera ematen du paziente asko aztertzeko, prozedurak automatiza daitezkeelako. Proba horietan, pazientearen lagina hartzen denetik (lagin edo frotis nasofaringeoa) emaitza izan arte 3-4 ordu behar dira, baina, egun dagoen gaixoen saturazioarekin, denbora hori luzatu egiten da nabarmen.

Azken egunetan test arinei buruz gero eta gehiago entzun dugu. Arinak dira, emaitza 10-15 minutuan izan daitekeelako. Horiek ez dute genoma detektatzen, birusaren proteina antigenikoak baizik. Estatu mailan erabili izan diren lehenengo test hauek sentikortasun oso baxua izan dute, % 30ekoa, eta horren arazo handiena da negatibo faltsuak egon daitezkeela, hau da, pazientea kutsatua egon eta birusa ez antzeman.

Badaude beste proba arin batzuk ere antigorputzak detektatzen dituztenak, baina horien sentikortasuna eta espezifikotasuna momentuz ez da guztiz ezaguna.

Beraz, une honetan, eta Mikrobiologiako elkarteak dioen moduan, birusaren genomaren detekzioa da hautapen-probarik fidagarriena eta lagin-kopuru ugari detektatzeko gai dena. Beste proba guztiak sentikortasuna hobetzen dutenean erabili ahalko dira; bestela, zalantzazko kasuak gerta daitezke, horrek ekar litzakeen arazoekin.

Azkenik, baliabide mugatuak daudenean eta birusaren komunitateko transmisioa dagoen eremuetan, lehentasunak jarri behar dira test horiek egiteko: gaixotasun larriak edo populazio ahulak, ospitalizazioa eta arreta aurreratua beharko dituztenak, sintomak dituzten osasun langileak, ingurune itxi bateko lehenengo gizabanako sintomatikoak, eta abar. Baina argi dagoena da birusaren transmisio erreala ezagutu nahi bada —eta hori ezinbestekoa da pandemia kontrolatu ahal izateko— proba horiek guztiak populazioaren gehiengoari egin behar zaizkiola. Beraz, baliabideak jarri behar dira test egokiak egin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.