BERRIA Taldea. Hitzarmena

«Jauzi bat» egiteko garaia

BERRIA Taldeak bi urteko gogoeta estrategikoa egin du: balioak eta xedeak eraberritu ditu. Eskaintza indartzea izango du jomuga, eta komunitatearen babesa sendotzea.

Beste eragile batzuetako ordezkariak ere bidelagun izan dira. J. CARLOS RUIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun

Eguneroko itomenetik atera, eta gogoeta egiteko tartea hartu du azken bi urteetan BERRIA Taldeak. Azken urteak bereziki gogorrak izan dira: krisi ekonomikoak bat egin zuen papereko komunikabideen krisiarekin, eta, egoera ekonomikoa hobetzean, Eusko Jaurlaritzak nabarmen murriztu zion babesa BERRIAri, inoiz baino laguntza txikiagoa emanez azken hiru urteetan. Egoera aldatzen hasi da: erakundeekin laguntza sistema adostu du hedabideen sektoreak, eta BERRIAlagunen bidez komunitatearen babesa sendotzen ari da. «Jauzi bat» emateko abagune egokia da. Hori izan da gogoetaren jomuga: lan ildoak aztertzea eta helburuak finkatzea, BERRIAren eskaintza hobetzeko eta euskaldun gehiagorengana iristeko.

Etxe barruko gogoeta izan da batik bat, baina ingurura ere zabaldu da. Iaz, BERRIAk hamabost urte bete zituen, eta etorkizunari begira jarri zen Geroa zugan leloarekin: proiektua babesteko deia egin zien erakundeei eta herritarrei, «bidelagun» izateko deia. BERRIA Berri taldea osatu zuten dei hori zabaltzeko; euskalgintzako, euskal kulturako eta hezkuntzaren arloko hemezortzi lagun ezagunek osatu zuten, eta beste ehun lagunek ere bat egin zuten. Egoera horretan egin du taldeak gogoeta, zer hobetu hausnartzeko.

BERRIA Taldearen xedeaz eta eginkizunaz hausnartu dute, batetik, azken urteetako aldaketak islatzeko. Adibidez, zera zehaztu dute: BERRIA euskarazko egunkari nazional «multimedia» dela, informazio «berehalakoa eta arnasa luzekoa» ematea duela zeregin, eta, gertakizun hutsak kontatzetik harago, «aktualitatearen ertzak aztertu eta errealitateen zergatiak arakatu» behar dituela. Euskaldunen «elkargune» izateko bokazioa ere badauka BERRIAk: euskaraz bizitzeko «lanabes» izatekoa, euskalgintzaren eta euskal kulturaren «plaza» izatekoa, eta «Euskal Herriko gizarte pluralaren kohesioa» bultzatzeko nahia.

Eginkizun horiek nola bete, taldearen erdigune izan beharreko bost balio bikote zehaztu dituzte. Honako hauek: «Euskaltzalea eta nazionala; independentea eta komunitarioa; kritikoa eta irekia; profesionala eta konprometitua; eta aurrerakoia eta feminista».

Erreferentzialtasuna

BERRIAk erreferentzialtasunean «jauzi bat» ematea izango da datozen urteetako erronka nagusia, eta horren bidez irakurle eta laguntzaile gehiago lotzea. Apustu horietara bideratuko dute, hain justu, diru laguntzetan izandako igoeraren zati bat: berrikuntzara. Urteotan urrats handiak egin ditu BERRIAk Interneteko eskaintzan, eta pauso horiek sendotzea izango du erronka datozen hilabeteetan. Berdin papereko eskaintzan. Urteotako ildoan beste pauso bat emango du BERRIAk: Interneten eta paperean lan egingo du erredakzioak, edukiak bi euskarrietarako sortuz. Edukiek izango baitute zentraltasuna. Eta kalitateak.

Geroa ziurtatzeko habe bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.