Bertsolari Txapelketa Nagusia. Final-laurdenak

Bertsogintzaren matematika

Hainbat faktorek egiten dute posible bertsolari txapelketa bat, eta faktore horien artean dago, noski, epailetza. Hogeita bat epaile arituko dira hasi berri den txapelketan bertso bakoitzari puntuazioa ematen. Zein da, baina, puntu horiek gora edo behera egiteko neurgailua?

Epaileak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa epaitzen. GORKA RUBIO / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Komunikazio ekintza bat da bat-bateko bertsogintza. Entzulearengan eragitea du lehen egitekoa. Ordea, askotariko doinuen gainean eta neurri jakin batzuen mugen pean egin behar izaten dute hori bertsolariek. Are, errepikatu ezin diren errimekin osatu behar dute bertsoa. Kontuan izan behar dituzten bestelako hainbat irizpide bete behar dituzte, eta, hain zuzen, bertso epaileek dute hori zehatz-mehatz aztertzeko lupa.

Bat-batean epaitu beharrekoak dira txapelketako bertsoak, ezbairik gabe. Beraz, epaileek zenbakien bidez neurtzen dute bertsoak zer indar eta balio duen plazaratzen den une berean. Bertsozale Elkartearen webgunean ikusgai dauden epai irizpideen gainean ebaluatzen dituzte bertsoak.

Orain hiruzpalau urte hasi zen Graxi Arregi jardun horretan, bertsolaritzarenganako frikismoaren eraginez. Ziurtatu du epaileek oso prestatuta joan behar izaten dutela saioetara: «Badakigu zein diren irizpideak, eta horiek ondo ikasita eraman behar izaten ditugu». Gainera, azaldu du Bertsozale Elkarteak eta epaile taldeak antolatutako formazio saioak jasotzen dituztela. «Saioak entzuten ditugu formakuntzetan, eta, epai irizpideak badakizkigunez, horiei jarraituta osatzen dugu puntuazioa. Horrela entrenatzen dugu».

Azaldu du, bestalde, txapelketak iraun bitartean ere komeni dela entrenatzen jarraitzea. Hala egiten du berak: «Saio baten hurrengo egunean, berriro entzuten ditut puntuazio baxuena, baleko puntuazioa eta puntuazio ona eman nizkien bertsoak; horrela jakiten dut, gutxi gorabehera,non dagoen nire baremoa, bestela zaila da beti berdin epaitzea».

Beste hainbat sariketen artean, 2021eko Bizkaiko Txapelketako finalaurrekoak epaitu zituen Arregik, eta positibotzat du bertan epaile gisa bizitakoa, nahiz eta argitu duen ez dela lan erraza: «Entrenatutakoa baino arinago epaitu behar dira bertsoak, eta ni oso pertsona urduria naiz. Epaile baten lana ez da erosoa, baina, txapelketa bat nahi badugu, ezinbestekoak dira epaileak».

Bat dator baieztapen horrekin Arkaitz Goikoetxea ere. Bertsogintzan ibilbide luzea egina du. Izan ere, bertsolari gisa aritu da hainbat sariketa eta txapelketatan, eta baita irakasle, gai emaile eta epaile gisa ere. 2015eko, 2017ko eta 2019ko Nafarroako Txapelketetan aritu zen epaile, baina, Arregik bezala, ez du 2022ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa epaituko.

Epaile taldearen beharra nabarmendu du Goikoetxeak: «Jasotzen diren formazio horiez guztiez gain, saioa epaituko duen taldea elkartzea ere oso garrantzitsua da». Izan ere, bertso bakoitza banaka epaitu arren, taldean partekatzen dute gero epaitutako hori. «Ondo arrazoitu behar izaten dugu jarri dugun puntuazioa».

Behin erabakia hartuta, ez da izaten, noski, hartutako erabakiaren gaineko atzera bueltarik. Baina epaileak izaten al du erabaki hori hartu izanaren damurik? Arregiri, gaur artean behintzat, ez omen zaio gertatu. Aldiz, Goikoetxeari, bai. «Gertatu izan zait saioren batean nirekin batera ari diren epaileen puntuazioarekin bat ez egotea. Horregatik da hain garrantzitsua gero taldea elkartzea. Epailea ere nahas daiteke, baina taldearekin partekatzen duzunean bertsoaldi bati emandako puntuazioa, konturatzen zara zuri ihes egindako zerbait harrapatu dutela zure kideek».

Gaineratu du epailea entzulea ere badela—«entzule kualifikatua, baina entzulea»—, eta, hain zuzen horregatik, epaileari, entzuleari bezala, zerbait sorrarazten diola bertso batek edo kantaera batek: «Epailearen emozioetan ere eragina dute bertsoek, eta ezinezkoa da eragindako hori puntutara eramatea».

Bertsogintzan, bada entzuleek eta are gehiago epaileek begiz aise jotzen duten akats bat: potoa. Alegia, bertso batean, oin bera, adiera berberarekin, behin baino gehiagotan erabiltzea. Epai irizpideen arabera, ordea, hain larria al da poto bat egitea? Bada, Goikoetxeak argitu du hiru puntu ere ken ditzakeela poto batek puntuazioan, eta horrek, berriz, puntuazio orokorraren jaitsiera nabarmena dakarrela. «Nik nahiago dut hasi eta buka ondo komunikatutako bertso eder bat poto batekin, potorik gabeko bertso ulergaitz bat baino». Akatsak zigortu baino gehiago dohainak saritu zalea dela gaineratu du. Dena dela, irizpide horiek dira, oraindik orain, epaile batek jarraitu beharrekoak.

Gutxik jakingo du, gainera, bertsolari batek denbora jakin bat duela gaia entzuten duenetik kantuan hasi arte, bestela zigortua izango baita ariketa. Eta, kontrara, hasteko bizkortasuna saritu. Hala diote irizpideek: «Kantari hasi aurreko denbora luzeegiak oso itsusi ematen du». Halere, ariketa bakoitzaren berezitasunak kontuan hartzen dira denbora neurtzeko orduan, ez baitira gauza bera bakarkako bertsoaldi baten aurreko denbora, puntuari erantzutekoa eta binaka kantatu aurrekoa.

Binaka ari direla, esaterako, gehienez 30 segundo igaro baino lehen bota beharko dute lehen bertsoa. Erantzuteko, ordea, 10 segundo utziko zaizkie. Puntuen erantzunetan, berriz, ezin da etenik egon. Puntua jarri eta bost segundo joan aurretik hasi behar dute puntuari erantzuten. Bakarkakoetan, lehen bertsoak denbora dezente eska lezake, baina oro har bertso guztiak egiteko osotasunean erabilitako denbora hartuko da kontuan.

Bi kanporaketa

Arauak arau, Goikoetxeak dio aurtengo txapelketa «izugarria» dela maila aldetik. Gogoz dago datozen saioetarako. Asteburu honetan, hain zuzen, bi saio izango dira. Bi kanporaketa jokatuko dira: gaur, Gotaine-Iribarnen (Zuberoa), eta bihar, berriz, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.