Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Bertsoen neurgailu matematikoa

Gaur hasiko dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoak, eta Txappela taldea saioen kinielak antolatzen ari da, bertsozaletasuna eta interakzioa sustatzeko helburuarekin. Epaileen lanaz bestelakoa da talde horrek egiten duena. Justuki, hain subjektiboa den alor bati zehaztasunez begiratzen diote: epaileek jarritako puntuen gainean, batezbestekoa ateratzen. Zertarako, baina?

CC0.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Asteburu bateko etenaldi labur baten ostean, bueltan da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Gaur hasiko dira finalaurrekoak, Elizondoko Baztan pilotalekuan (Nafarroa). Sei bertsolari hauek izango dira gaur kantuan: Agin Laburu, Alaia Martin, Ander Apalategi, Joanes Illarregi, Onintza Enbeita eta Unai Agirre Goia. Amaia Castorenek emandako gaiei erantzun beharko die horietako bakoitzak.

Ikusi gehiago:Finalaurrekoak izenez izen

Final-laurdenekin alderatuta, bi lan ezberdin izango dira finalaurrekoen lehen itzulian: puntukako ariketa eta seiko motza. Puntutan, Txapelketa Nagusian egin ohi den bezala, launa bertso osatuko dituzte. Seiko motzean, ostera, hiruna. Gainerakoan, aurreko faseko ariketa berak izango dira: zortziko handia, zortziko txikia eta ganbarako lana. Denera, hamabost bertso puntuagarri osatuko ditu bakoitzak.

36 lagunek hasi zuten txapelketa final-laurdenetan, eta horietatik hemeretzi sailkatu dira finalaurrekoen lehen itzulira. Horiei bost bertsolari batuko zaizkie orain; hain justu, azken Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zutenak: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. Hemezortzi bertsolarik izango dute bigarren itzulian sailkatzeko aukera: lehen itzuliko lau irabazleak zuzenean, eta beste hamalau puntuz. Behin horiek ere bukatuta, abenduaren 18an, zazpi finalista sailkatuko dira final handira, eta Maialen Lujanbio —2017ko Euskal Herriko bertsolari txapelduna— izango dute zain Iruñeko Nafarroa Arenan (Nafarroa).

Martxan jarraitzen dute, beraz, gaurtik aurrera kantatuko duten bertsolarien sormenak, doinutegiak eta errimen zerrendak. Baita bertsozaleen kinielek eta apustuek ere. Hain zuzen, horretan dabil Txappela egitasmoa. Bertsozaletasuna eta interakzioa sustatzea dute helburu, eta ez, ostera, lehia edo morbo hutsala. Lauko talde batek sortu zuen proiektua: Jone eta Imanol Uriak, Beñat Lopezek eta Kerman Diazek. Imanol Uriak egin du argazkia: «Hain subjektiboa den alor batean, datugintzan zerbait esateko asmoz sortu genuen Txappela». Beraz, zenbakietara eramaten dituzte bertsoak, eta, hala, zenbaki horien bidez, begirada matematiko bat eskaintzen diote txapelketari.

Biek ala biek argi utzi dute, ordea, ez direla epaile lanetan ari, eta epaileek bertsoaldi bakoitzari emandako puntuen gainean egiten dutela lan. «Bertsolari bakoitzaren puntuazioaren batezbestekoa aztertzea da gure asmoa. Beti esaten dugu zenbat puntu lortu dituen bakoitzak guztira edo zenbat puntutan dagoen hurrengo fasera pasatzeko galbahea, baina askotan galtzen gara horretan. Horrela, badirudi sekulako aldea dagoela puntuazio altuena lortu duen bertsolariaren eta puntuazio baxuena lortu duenaren artean».

Batezbestekoa kalkulatuta, ordea, bestelakoa da aldea. Final-laurdenek utzitakoaren berri eman du Uriak: «Final-laurdenetan aritu garen denok gainditu dugu bosteko langa: puntuazio altuena lortu duen bertsolariak 7,03ko batez bestekoa lortu du, eta puntuazio baxuena izan duenak, berriz, 5,35ekoa. Beraz, denok egon gara ongi bat izango litzatekeen horretatik gora, baina oso ongi batetik behera».

Asmo hori joko bihurtu dute Txappelako lau kideek, eta, hain justu, Beñat Lopez arduratu da joko horri aplikazioa eta webgunea sortzeaz (txappela.eus). Zertan datza, baina, jokoa? Bada, Lopezek berak eman ditu argibideak: «Parte hartzaileek, ariketa bakoitzean, bertsolari bat aukeratu beharko dute, eta ezingo dute bertsolari bera behin baino gehiagotan hautatu». Puntuazioari dagokionez, bertsolariak jasotzen dituen adina puntu lortuko ditu jokalariak, eta saio bakoitzeko txapelduna ere jokoan egongo da. BERRIAk eskainitako sariekin sarituko dute irabazlea. «Oso harrera ona izan du egitasmoak, eta hori batez ere orain nabaritu dugu, Bertsolari Txapelketa Nagusian».

Txapelketaren harrera

Larunbatero jokatuko dira finalaurrekoak, gaurtik abenduaren 3ra bitarte. Elizondon (Nafarroa), Donibane Garazin, Irunen (Gipuzkoa) eta Durangon (Bizkaia) izango dira lehen itzuliko saioak. Bigarren itzulikoak, berriz, azaroaren 19tik abenduaren 3ra egingo dituzte, Amurrion (Araba), Baionan eta Bilbon.

Harrera ona izan dute jokatu diren sei kanporaketek. Are, sarrera guztiak saldu dira zenbaitetan. Hala ere, Bertsozale Elkartearen arabera, 2017ko Txapelketa Nagusian gehiago bete ziren saioak. Badu arrazoi bat horrek. Izan ere, frontoietan izan ziren orduko saio asko, eta aurtengoak, berriz, antzokietan izan dira. Hain zuzen, jende gehiagorentzako tokia izan ohi da pilotalekuetan antzokietan baino.

Sareko plazari dagokionez, jarraipen zabala izan du lehen faseak, Bertsoa.eus atariaren arabera: «2017an baino %25 gehiago». Zehazki, 260.000 eduki ikustaldi eta 20.000 erabiltzaile bakar izan ditu webguneak irailaren 24tik urriaren 14ra arte. Duela bost urteko Txapelketa Nagusian, 190.000 eduki ikustaldi eta 17.000 erabiltzaile izan zituen, epealdi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.