Gillermo Etxebarriari azken agur jendetsua egin diote Etxepare lizeoan

Lagun «maitagarria, langilea eta burugogorra» agurtzeko umoreak ez du hutsik egin. Euskararen aldeko borrokalari nekaezina izan zen

Agurra ere dantzatu zioten «azken hatsa arte euskara» ukan zuenari. G. FAUVEAU.
Ainize Madariaga
<i>Baiona</i>
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Gillermo Etxebarriari (Zaldibar, Bizkaia, 1955) azken agurra egin diote Baionako Bernat Etxepare lizeoan. Iheslari jin zen Ipar Euskal Herrira berrogei urte badirela, eta euskarari emana bizi izan da, batez ere Seaskan. Urriaren 2an zendu zen, tupustean.

Joaldun kideek astindu joareek eman zioten hasiera ekitaldiari. Nork ez zukeen oroituko Etxebarriaren begitarte irritsua tunturroak estuturik? Taula gainera igan dira bizitzan dirdira egin dien arlo gehienetako kideak.

Isildu den txori kantuaren hutsunea abestu du Etxebarriaren «bigarren etxeak», Lau Haizetara abesbatzak: «Txori kantuzale ederra, non ote haiz kantatzen?».

Hur Gorostiaga Seaskaren zuzendariak bota ditu lehen eleak, hunkigarri bezain umoretsuak: «Tarteka irakasle ere bazen Gillermo: euskaran, natur zientzietan eta bertsotan [...]. Ez zituen ez denak zientifikoki egiten, baina bizitzako eskolan irakaslerik hoberena izan genuen; bera beti aitzina, marmar eta kritika hutsalei kasurik egin gabe». Oroitarazi du GALen garaian ere Etxebarria ez zela sekula lanetik gelditu.

Filipe Laskarai Etxepare lizeoko hezkuntza aholkulariak laburtu du haren borroka: «Gizon goxoa, laketa, zinez gisakoa. Euskararen aldeko gudaria, artzaina. Mendiak gainditu eta itsasoak zeharkatuko zituena euskararen egoera aitzinarazteko».

Maialen Arzallusen bertsoek salatu dute ikasleek nolaz hainbertze maite zuten: «Hurbiltasuna zuen bere sekretua».

Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegioa eta Etxepare lizeoa eraikitzeko buru-belarri nola aritu zen eta ariarazi zuen oroitu dute.

Jendea biltzeko, mugimenduan ezartzeko zuen gaitasuna azpimarratu dute, umore onean, haren kasko gogorkeria gorde gabe. Sustut Euskal Herria saretzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.