Sarek antolatuta, Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal preso ohia Larriki gaixo dauden presoak etxera hitzaldia ematekoa da gaur, EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko Campuseko ikasgela batean (12:30). Covite indarkeriaren biktimen elkarteak hitzaldia bertan behera uzteko eskatu dio EHUri, argudiaturik Lopez de Abetxukok 30 urte igaro zituela kartzelan polizia bat hiltzeagatik, eta ikasleen aurrean ezin dela «erreferente gisa» aurkeztua izan. EHUk, baina, ez du euskal preso ohia Txema Matanzas abokatuarekin batera ematekoa den hitzaldia debekatuko. Auzi horren harira kaleratutako ohar batean nabarmendu duenez, instituzioak «berretsi» egiten du «ideia eta sentsibilitate politiko guztien adierazpen askatasunarekin duen konpromisoa». Euskal presoen eta iheslarien giza eskubideen aldeko plataformak, berriz, eskatu du ez dadila «biktimen mina» erabili «modu alderdikoian».
Agerraldia egin zuen Sarek atzo, Gasteizen, eta Joseba Azkarraga bozeramaileak adierazi zuen «inork» ez duela adierazpen askatasuna «murrizteko eskubiderik». Ez du ulertzen hitzaldiak eragindako «polemika», gaurko ekitaldian hizpide izango duten gaiaz beste hainbat instituziotan ere mintzatu baitira plataformakoak. Argitu nahi izan zuen, gainera, Lopez de Abetxukok hitzaldian azalduko duela kartzelan igaro zituen azken urteetan nola «bizi izan zuen» pairatutako «gaixotasun larria». Biktimekiko «erabateko errespetua» agertu du Sarek, eta zehaztu, bide batez, EHUko ikasle talde batek jo duela plataformarengana hitzaldia antola dezan.
Covitek joan den larunbatean eskatu zuen hitzaldia bertan behera uzteko. Pentsatzen du «oso larria» dela euskal preso ohiak hitzaldi bat ematea, eta Nekane Balluerka EHUko errektorea kritikatu du, instituzioaren ikasgela bat «hiltzaile bati» uzteagatik.
Esteban Garibai elkarteak hitzaldiaren kontrako elkarretaratzera deitu du: gaur, EHUren Gasteizko campusean (12:15). Iñaki Oiarzabal Arabako PPren idazkari nagusiarentzat, «aberrazio bat» da Lopez de Abetxukok EHUn hitzaldi bat ematea, «biktimak iraintzen» dituelako. Jesus Loza Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaria ere hitzaldiaren aurka agertu da.
Sortuk salatu du Lopez de Abetxukoren aurkako «jazarpenarekin sufrimendu jakin bat» nahi dela estali. «Preso ohiaren hitzaldia galarazteko saiakerak ez du bakea eta bizikidetza eraikitzen laguntzen». Sorturentzat, gainera, Lozak ez du «inolako autoritate etikorik» gaiari buruz hitz egiteko. «Duela gutxi isilik egon zen Sanchez Corbik eman zuen hitzaldiagatik. Gogora dezagun guardia zibil hori Kepa Urra torturatzeagatik zigortu zutela».
«Ikuspuntu etikoa»
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari auzi horretaz galdetu zioten atzo, Radio Euskadi irrati katean, eta erantzun zuen ikuspuntu juridikotik «legezkoa» dela EHUn programatuta dagoen hitzaldia, baina zehaztu zuen, beste aldetik, «elkartasuna» eta «ikuspuntu etikoa» aintzat hartuta aztertu beharko litzatekeela ea «terrorismoaren biktimentzat umiliagarria den», ea «minduta» sentituko diren. EHUk eskatu dio Sareri «biktimen sentipenak kontuan hartzeko», eta haientzat «mingarriak» gerta daitezkeen jokaerak eta adierazpenak «saihesteko».
EHUk ez du debekatuko Lopez de Abetxuko euskal preso ohiaren hitzaldia
Sarek eskatu die Coviteri eta PPri biktimen «mina» ez dadila erabili «modu alderdikoian». Unibertsitateak adierazpen askatasuna defendatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu