mikel p ansa
Euskara. Kultura kontsumoa. ANALISIA

Gogoetari ekiteko oinarri batzuk

2019ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Kulturaren Euskal Behatokiak egin duen azterketaren aurrerapena ikusita, joera bat nabari da argi: ahozko kultur jardueren kontsumoak egin du gora euskaldunen artean, eta nabarmen gora egin, gainera. Duela hamar urtekoa da azken azterketa, krisia hasi aurreko garaikoa. Orduan euskarazko antzezlanetara joaten zirenak hirukoiztu egin dira hamar urte geroago. Eta bertsolaritzak ia bikoiztu egin du publikoa.

Musikan ere nabaritu da gorakada, eta euskal kulturak hartzaileengana iristeko duen eremu nagusi gisa sendotu da: hamarretik zortzi euskaldunek baino gehiagok entzuten dute euskal musika. Esan liteke inguruko beste kultura batzuekin homologatu egin dela; beste hizkuntza batzuetako musikek dituzten datuen parekoetara ailegatu da behintzat. Antzerkiaren kasuan, berriz, euskaldunen kontsumoa inguruko herrialdeetakoa baino dezentez handiagoa da; Espainiakoaren ia bikoitza, esaterako.

Mendebaldeko gizarteetan gertatzen ari den ahozkoaren goratze eta idatzizkoaren gutxitze orokor baten parte gisa uler litezke datu horiek; bada joera bat hor. Alegia, irakurtzeko joera jaisten ari dela oro har, eta bestelako kultur jarduera batzuk, ahozkoak eta ikus-entzunezkoak batik bat, ari direla haien lekua hartzen. Baina, aldi berean, azpiratutako kultur jarduera baten sintoma ere bada ahozko jarduna beste batzuen gainetik egotea; normalizatu gabeko kultur jarduera batena, alegia. Izan ere, kultura sistema hegemonikoetan, irakurtzea izaten da, normalean, jarduera nagusietako bat —betiere musika aditzearen eta ikus-entzunezkoen atzetik—. Euskaldunek, ordea, ez dute euskaraz irakurtzeko ohiturarik; ez da iristen kultura hegemonikoek dituzten irakurketa tasetara.

Frantzian, Espainian, Europan batez beste... hiru herritarretik bik esaten ohi dute irakurtzeko joera dutela. Euskaldunen artean euskaraz irakurtzeko ohitura %40ra iritsi ezinik ibiltzen da, ordea, eta azkeneko hamar urteetan behera egin du gainera, lau puntu. Elkar fundazioak duela urte eta erdi emandako datuarekin bat dator: hiru euskaldunetik bik ez dute inoiz euskarazko libururik irakurtzen. Eta euskaldunen erdiek ez dute ia inoiz telebista euskaraz ikusten. Eta bostetik batek bakarrik irakurtzen du paperezko euskal prentsa.

Hizkuntza azpiratu batean bizitzearen ajeak dira, ezintasunen seinaleak. Euskal hiztunek ez dute irakurtzeko gaitasun bera; azpiratze ideologiko eta psikologiko baten sintomak ere agertzen dira batzuetan; gutxiagotasun usteak; kultura hegemoniko hiruren azpian egotearenak... Idatzizko euskal kulturak eta komunikazioak amildegi handi bat daukate hor aurrean, eta kultur politikek ezin diote ihes egin baldintzapen horri. Euskal kultura normalizatu nahi bada —haren kopuruak, inguruko hizkuntzetakoekin konparatuta, beti txikiak izango direla jakin arren—, ezinbestekoa izango da arazoari ikuspegi horretatik eustea. Sistema hegemonikoetako kultur programak imitatze hutsak nekez lagunduko du azpiratutako hizkuntza bateko sorkuntza.

Kulturaren Euskal Behatokiaren ikerketa berriak badu beste itzal bat: euskarazko zinemarena. Hor ere nabaritu da igoera bat azkeneko hamar urteotan, baina kopuruak arrunt eskasak dira oraindik: euskaldunen %3,7 soilik joan dira euskarazko filmen bat ikustera. Inguruko kultura hegemonikoetako datuetatik oso-oso urruti dago, eta zer pentsatua uzten du kopuru horrek ere.

Bestalde, behatokiaren inkestak zinemaz galdetu du, baina ez ikus-entzunezkoei buruz. Eta, daturik gabe ere, begien bistakoa da herritarren gehiengoaren oraingo kultur kontsumo handienetakoa, hain justu, ikus-entzunezkoetan dagoela. Eskura iristen zaizkie, ordu oroz. Eta euskara umezurtz dabil eremu horretan. Nerabe eta gazteentzat ez ezik, gizarte guztiarentzat aldatu dira kultur edukietara iristeko bideak eta moduak.

Etorkizunerako gogoeta egiteko zutabe inportanteak hor daude, beraz: nola indartu euskaldunen artean euskaraz irakurtzea? Eta nola indartu euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntza, zabalpena, erabilera eta kontsumoa? Horrekin batera, aztertu behar litzateke Internetek eta azpiegitura digitalek nolako aldaketak eragin dituzten kultur kontsumoan. Eta hori guztia egin beharko da, gainera, hezkuntza ahaztu gabe, baina itxaropen guztiak hezkuntzan jarri gabe, aldi berean. Euskal sortzaileek eta kultur industriak zein administrazioek erronka handiak dituzte datozen urteetan.

Gogoeta horrek barnean hartu behar du beste dimentsio bat, gainera, baztertzailea izan nahi ez badu. Jakina da kultura jasoa terminoarekin izendatzen den hori gizarte sektore batzuen interes eremu dela bazter gehienetan. Heziketak, estatus sozialak eta diru sarrerek lotura estua dute kulturaren kontsumoarekin. Inkestetan, ordea, ia inoiz ez da agertzen faktore erabakigarri gisa dirua. Orain: hilean mila euroko soldata duen garbitzaile horrek (adibidez) ongi pentsatuta erosiko du 25 euroko liburu bat, eta pagatuko du 8 euroko txartel bat film bat ikusteko. Eta, horrekin batera, gizonek kulturara arrimatzeko duten arazoari buruz ere hitz egin beharko litzateke, batez ere emakumeak baitira kultura erabiltzen dutenak.

Etorkizunerako gogoeta sendoak egiteko abiapuntu interesgarria izan liteke behatokiaren ikerketa, baldin eta arazoari ikuspegi integral batez heltzen bazaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.