José Montilla Generalitateko presidentea gogor kritikatzen zuten katalanez bikain mintzatzen ez zelako: bokal neutroak, irekiak edo itxiak, kontsonante batzuk... Beti zuten zerbait, egurra emateko. Derradan egia: batzuetan erruki pixka bat sentitzen nuen. Montilla gaztetan joan zen Espainia hegoaldetik Kataluniara. Eta katalana ikasi zuen. Neure buruari esaten nion: katalanez hitz egiten ez badu, larrutu; katalanez egiten badu, orduan ere jo eta jo. Euskalduna izanda, ñabardura garrantzitsu batek egiten zidan ihes: katalanek, euskaldunok ez bezala, berebiziko garrantzia ematen diote haien berezko mintzairari. Hizkuntza dute nazioaren zutabe nagusia.
Gurean lasaiago, laxoago jokatu izan dugu. Axolagabeago. Orain pozteko arrazoi bat dugu, baina: lehen aldiz euskaldunak dira EAEko alderdi nagusiek Legebiltzarrerako bozetan aurkeztuko dituzten lehendakarigai guztiak. Pozik egoteko arrazoia da, baina triste ere bai, gure gabeziak agerian uzten dituelako: beste edozein lekutan guztiz normala dena sorpresa txalogarria da guretzat.
Bost hautagaiak euskaldunak, eta gu betiko kontraesanean gaude: batetik, ospatu egiten dugu; bestetik, kritikatu: euskaldunak, bai, baina gauza izango dira zuzenean euskarazko eztabaida saio batean parte hartzeko? Egunotan txisteak hedatu dituzte sare sozialetan Carlos Iturgaizek euskaraz egiteko duen gaitasunari buruz. Batez ere, Espainiako irrati batean haren ustezko bikaintasuna goratu ondoren: «Habla muy bien el vascuence». Bestalde, eta horri lotua, nabarmentzekoa da zenbait alderdiren jarrera. Kapazak izango dira PSE-EE eta PP hemendik aurrera lehendakarigai erdaldun bat aurkezteko? Ez nuke ezetz esango. Hortik ondorioa: kopeta handia behar da —eta lotsarik ez— Euskal Herriko berezko hizkuntzaz hitz egiten ez dakien politikari bat aurkezteko.
Zuzen gaude zenbait hautagairen euskara traketsaz kexatzeko. Baina zer nahiago dugu: politikari bat euskaraz herrenka ibiltzea ala erdara hutsez mintzatzea, euskaraz egiten ez jakitea? Euskararen normalizazioa nahi dugu. Bada, hori ere, euskaraz hala hitz egitea, normaltzea da. Kontuz, ez naiz esaten ari euskara traketsez mintzatzea normaltzat jo behar dugunik, baizik eta lehen pausoa izaten dela euskaraz ondo egiteko. Normaltasunaren bide luzean ordaindu beharreko prezioa. Eta nik neuk gustura asko ordainduko nuke, baldin eta etorkizunari begira urrats sendoak emateko balioko balu. Arinaiztar hitza lehendakari bati jarri zioten joan den mendean —asmatu zergatik—. Orain ederto egiten du euskaraz.
Artur Masek bere memoriak aurkeztu ditu aste honetan, Bartzelonan. Generalitateko presidente ohiak errepasoa eman dio bere agintaldiari (2010-2016) Cap fred, cor calent lanean. Itzulpena Mercè Ubach Dorcak eta Paco Rierak egin dute —katalanetik espainierara, bistan dena—. Hemen, gure lehendakari ohi eta politikariek zein hizkuntzatan idazten dute haien memorien lehen, jatorrizko bertsioa? Nago kasu gehienetan laguntza premia handiagoa dutela euskarazko itzulpenaren bertsioa txukuntzeko erdarazko jatorrizko lana idazteko baino. Horretarako haien itzultzaile edo kolaboratzaileak dituzte —espainieratik euskarara, noski—. Euskadi, Euskal Herria bihotzean, horixe. Eta euskara? Etxeko sutondoan, artzain-txakurra laztantzen dugun bitartean?
Euskararen berri onak, Kardaberazek esango lukeen moduan: lehen mailako bost euskal taldeetako entrenatzaileak euskaldunak direla ohartu ginen futbol denboraldiaren hasieran. Orain beste boskote euskaldun bat dugu. Euskara politikaren eta futbolaren goi postuetan ordezkatuta dago, itxura batean behintzat. Noiz arte? Ez dut uste karanbola, zorte hau datorren mende erdian ikusiko dugunik. Loteria gustukoa baduzue, 02020 zenbakia aukeratu. Baina ez itxaron Eguberriak arte, hamar hilabetean gauza asko gerta baitaitezke. Politikariak eta entrenatzaileak emaitzen menpe bizi dira. Erosi Aitaren Eguneko dezimoa. Eta badakizue: arduraz jokatu.
DARWIN ETA GU
Boskote euskalduna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu