Pandemia honetan agerian geratu dena da birusen mundua oso konplexua dela. Animalietatik gizakietarako transmisio horretan, kaltetuenak gizakiok gara. SARS-CoV-2 birusaren kasuan, saguzarretan sortutako birus hori gizakira ailegatu zen oraingoz ezezaguna den bitartekari bati esker.
Azken astean ikusi da koronabirus hau gai izan dela gizakietatik bisoietara salto egiteko, eta, ostalari berri horretan birusak duen eboluzionatzeko tasari esker, aldatu egin da, mutatu hain zuzen ere. Baina, arazoa areagotzeko, koronabirus mutatu horrek berriro gizakira salto egin du, hau da, bisoi horietatik gizakira transmititu da, eta, horrela, koronabirus mutatua gizakiz gizaki transmititzen ari da. Hori guztia Danimarkan gertatu da, eta arazoari aurrea hartzeko erabaki duten konponbidea 12 milioi bisoi hiltzea da eta inguru horretako pertsona guztiak konfinatzea. Baina arazoa hain larria al da?
Edozein birusek duen eboluzio-tasa hautespen naturalaren menpekoa da; hau da, beste ostalari batera pasatzean, espezie berrira egokitzen laguntzen duen edozein mutazio hauta daiteke, eta, hala, eboluzio handiagoa izango du, birusa berehala egokituz ostalari berri horretara, kasu honetan bisoietara. Garrantzitsua da ulertzea hori guztia zoriz gertatzen dela.
Koronabirusek duten mutatzeko ahalmena, zorionez, ez da oso altua; gripearen birusarekin konparatuz, hamar aldiz gutxiago aldatzen dira. Oro har, mutazio edo aldaketa gehienek ez dute izaten inolako eraginik, baina batzuetan birusari infektatzeko ahalmen handiagoa eman ahal diote, esate baterako koronabirusetan S izeneko proteinan gertatzen badira. Danimarkan ikusi dena da bisoi horietan S proteina horretan lau mutazio edo aldaketa pairatu dituela birusak. Proteina hori oso garrantzitsua da, gizakiok bere kontra sortzen baititugu babes-antigorputzak proteina blokeatuz eta, beraz, birusaren erreplikazioa geldituz. Etorkizuneko txertoen ondorioz sortuko diren antigorputzak ere proteina horren kontrakoak izango dira. Beraz, bertan mutazioak gertatzen badira, posible litzateke txertoen eraginkortasunean gutxiegitasunak egotea.
Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak kasu honi buruz ohar bat argitaratu du, esanez bisoietan birusen mutazioak metatzeko ahalmen azkarra dagoela, eta hauen eta gizakion artean birusa erraz transmititzen dela. Gainera, mutazio horiek zituzten koronabirusekin kutsatutako pertsona guztiek ez zuten lotura zuzenik bisoi-etxalde batekin; horrek ziurtatzen du pertsonen arteko transmititzeko ahalmena handia dela, eta arriskutsua da gertaera hori.
Zorionez, bisoiekin lotutako aldaerek ez dute infekzio-ahalmen handiagorik, eta haien sintomak ez dira larriagoak. Baina, aldiz, aldaketa berri horiek ez dira hain sentikorrak antigorputz neutralizatzaileen aurrean, eta Europako erakundeak ohartarazi du horiek hedatuz gero garatzen ari diren txertoen eraginkortasun orokorrari eragin diezaioketela. Beraz, bisoiak koronabirusaren gordelekuak izateak birusaren aldaera arazotsuak ekar ditzake etorkizunean.
Prebentzio —eta kontrol— neurriak ezartzea une oro funtsezkoa da; arazoak daudenean erantzuteko estrategiek arinak izan behar dute.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN
Mutazioei erne
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu