Koronabirusa

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maialen Arteaga.
Bilbo
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Dena kontrolpean dagoela esatera ausartzen dira, baina lanean gaudenok badakigu hau lehertzeko zorian dagoela». Horrela adierazi dio BERRIAri Amaiak, Bizkaiko anbulatorio bateko mediku batek. Ez du benetako izena eman nahi izan, lana galtzeko beldurrez, baina osasun etxeetan diharduten langile askoren kezka eta nekea ordezkatzen dute haren hitzek. Izan ere, alarma gorria piztu da lehen arretan. Osasun zerbitzu horretako baldintzen inguruko salaketak ez dira berriak, baina egiturazko arazoak begi bistan jarri ditu koronabirusak. Anbulatorioetako langileek maiz esan dute «lan gainkarga sistematikoa» jasaten dutela, eta horren erakusle izan dira azken urteetan Osakidetzako beharginek egindako protestak. Aurtengo uda, ordea, bereziki gorabeheratsua da: COVID-19ak eragindako osasun krisiari ere aurre egin behar diote. Eusko Jaurlaritzak aurreko astean aitortu zuen pandemiaren «bigarren olatua» hasi dela, baina ez du bestelako baliabiderik bideratu lehen arretara: sindikatuen arabera, uda honetan langileen %50ekin ari dira lanean.

Oro har, uda ez da garai erraza lehen arretan: oporraldiak ez dira beti ordezkatzen, itxaron zerrendak luzatzen dira, herritarren kexuak areagotzen dira... Pandemiak, halere, egoera «anormal» bat eragin du azken asteetan; Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak azaldu du gauza asko «pilatu» direla: «Batetik, azken sei hilabete hauetan profesionalek pilatutako nekea dago. Bestetik, urrian beste agerraldi batzuk egon daitezkeela eta, gehienak oporrak udan hartzera behartu dituzte. Eta, azkenik, geldituta egon diren min, gaixotasun, kontrol eta analisi guztiak martxan jarri dira orain».

Anbulatorioetako langile asko ari dira egoera salatzen, baina lana galtzeko beldurrak salaketa anonimoak egitera behartu ditu. Bermeoko (Bizkaia) osasun etxean, esaterako, kartel baten bidez eman zuten egoeraren berri: «Egoitza honetan lau mediku gaude, 11ko lantalde batean. Gainezka egitear gaude». Oihartzun handia izan zuen sareetan, eta antzeko mezuak izan dira Bizkaiko beste zentro batzuetan ere.

Abuztu hau bereziki desberdina bada ere, arrakala ez da abuztuan ireki, Amaiak kontatu duenez: «Pandemia hasi zenetik, dena da desberdina. Nik hilero zazpi edo zortzi guardia izan beharko nituzke berez, eta hamahiru edo hamalau egiten nabil, dagozkidanak halako bi. Guardia bat egun osokoa da: 17:00etan sartu, eta hurrengo eguneko 08:00etan atera, eta jaiegunak direnean, 24 ordu». Uztailaren erdia guardian bete du. Martxotik, hilabetero gertatu zaio hori. «Lan karga izugarria daukagu», aitortu du, haserre.

Babes materiala ere falta zaie: lehen, maskara bera berrerabili behar izaten zuten guardia askotan; orain, maskara bana izaten dute 24 orduko guardia egin behar duten aldiro. «Guretzat aldaketa hori loteria suertatzea bezalakoa izan da, nahiz eta maskara batek lau ordurako balio duen», zehaztu du.

Lan kargak pazienteekin tratu duin bat izatea galarazten diela gaineratu du. Ordezkapen faltaren ondorioz, mediku gutxiagoren artean artatzen dituzte herritarrak, eta horrek dakar luzera begirako hitzorduak eta itxaron zerrendak luzatzea: «Pazienteak aurrez aurre ikustea ezinezkoa da. Hilabeteak daramatzate mediku bat ikusteko ordua hartzeko zain. Baina, gure lan zamagatik eta ordezkapen faltengatik, ez da posible». Amaiak azpimarratu du lankideen hutsune bat bera ere ez dela ordezkatzen: «Ez gaixoaldiak, ez oporraldiak... ezer ere ez». Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak dio batez beste 45-55 pertsona inguru artatzen dituztela egunean: «Asko dira».

Medikuarenera, telefonoz

Gainera, paziente gehienak telefonoz artatzen dituztela kontatu du plataformak, eta, kontrakoa badirudi ere, prozesua geldotzen duela: «Ezinezkoa da pazienteak ikusi gabe 50 pertsona telefonoz artatzea. Bakoitzarekin hamar minutu ematen ditugu batez beste, eta horrek asko atzeratzen du dena». Paziente askok egoeraren interpretazio okerra egiten duela uste du Amaiak, batzuengandik «irainak» eta «mehatxuak» entzun behar izan baititu. Hori ikusita, «enpatia» eskatu du: «Leher eginda gaude, eta bizia jokatzen dabiltzan langileak besterik ez gara; ez dugu Osakidetzak hartutako erabakien errurik».

Arratsaldeko 20:00etako txaloen sasoiaz hitz egitean, «amorrua» sentitzen du: «Bagenekien heroiak izateari utzi eta gaizkile bilakatuko ginela bi hilabetean». Amaiak orain ez du txalorik nahi; argi dauka zer behar duen: «Nik ez dut txalorik nahi; nik neure burua babesteko materiala nahi dut, maskarak nahi ditut, eskularruak, lan egiten lagunduko didan jendea».

Langileen kontratuez ere kexu ageri da Amaia: «Urtarriletik 400 ordu gehiago sartu ditut dagoeneko, eta, aurten, martxoan ordaindu dizkidate 2019ko aparteko orduak; nahi dutenean ordaintzen digute», azaldu du. «Gainera, berez lanaldi osoko kontratu batez aritu beharko nuke, baina, azpijokoak direla medio, ez da horrela», gehitu du medikuak.

Egiturazko arazo horiei langileen egoera emozionala ere gehitzen zaio, bost hilabeteetako lan karga baitaramate arrastaka: «Emozionalki oso gaindituta gaude», berretsi du Amaiak. «Indartsu egongo bagina, agian eutsiko genioke, baina lehertzear gaude». Bost hilabete hauetan «psikologo lanak» ere egin behar izan dituztela adierazi du, eta psikologikoki jasotako karga horren zama egun ere nabari dutela: «Jende askok deitzen zuen beldur zelako. Guk lasaitu egiten genituen». Oraindik ere gogoan du ospitaleetan gaixoak artatzeko lekurik ez zegoenekoa: «Tokirik ez zegoenez, irizpide batzuk ezarri ziren; guk erabaki behar genuen nori eman bizia eta nor bidali hiltzera, eta hiltzera bidaltzen genituenen seme-alabekin batera egiten genuen negar». Diagnostiko okerrena zutenak zaintza aringarrietako ospitaleetara bidali behar izan zituzten. «Ezin duzue imajinatu zeinen gogorra den pertsona bat hara bidaltzea», gaineratu du Amaiak.

«Haserrea» eta «amorrua» sentitzen ditu bizi izandakoaren berri ematean: «Osasun sistema lehertzear dago, eta, langileok eztanda egiten dugunean, hau pikutara joango da. Benetan, oso gaizki tratatzen gaituzte. Jendea behar dugu, lehenbailehen. Ezin dugu gehiago itxaron».

Eztanda, aurrez aurre

Hala, udazkenera begira, ezkor mintzatu da Amaia: «Osasun sistemaren desastrea ziurtatuta dago: eztanda egingo du». Haren ustetan, datozen hilabeteetan okerrera egingo du egoerak. Gogora ekarri du ohiko gripearen sasoia etorriko dela, eta arnas aparatuko edozein gaitz COVID-19aren protokoloaren barruan tratatu beharko dutela: «Horrek zailtasun handiak ekarriko ditu: lehen, neguko ohiko gaixotasun batekin zetorren pazientea 15-20 minutuan tratatzen zenuen, eta, orain, protokolo guztia jarri beharko da martxan: arropa aldatu, garbitu... Langile gehiago jartzen ez badute, akabo». Lehen Arreta Arnasberritzen plataformak ere uste du langile gehiago behar direla: «Egia da baliabide aldetik lehen baino hobeto gaudela, baina osasun sistema oraindik hankamotz dago langile kopuruan».

Uste du lehen arretan inbertitzea beharrezkoa dela eztanda eragozteko: «Anbulatorioetako lana ez da ospitaleen blokeoa eragozteko iragazki bat. Eginbehar propio eta beharrezkoak ditugu». Elkartearen arabera, gaixoen %80 lehen arretan artatzen dira: «Gaixotasun asko aurreikusten ditugu, eta hori egiteari uzten ari gara pandemiaren ondorioz». Hori ikusirik, plataformaren iritziz, «lehen arreta duin eta on bat edukitzea ezinbestekoa da osasun sistema indartsu bat izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.