Maskaren auzian CEN ere erantzule dela gogorarazi du Kontu Ganberak

Sodenak «garden» jokatu zuela esan arren, diru publikoa «zorrotzago» kudeatzeko eskatu dio

Maskara kutxak biltegi batean. Artxiboko irudia da. JULIO MUÑOZ / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Maskaren auzia urteko eztabaida politiko mikatzenetako bat izan da Nafarroan. Auziaren erdian, hiru gako nagusi: pandemiaren hasieran Sodena sozietate publikoak CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoarekin sinatutako hitzarmen bat, milioi bat euroren galerak, eta diru publikoarekin pagatutako 1,7 milioi maskara, biltegi batean gordeta. Eskuin espainiazaleak ez zuen aukera galdu, eta krisia baliatu zuen Nafarroako Gobernua higatzeko. Orain, Kontu Ganberak txosten bat argitaratu du aferari buruz, eta ebatzi operazioa «legezkoa» eta «gardena» izan zela.

Hutsuneak eta gaizki eginikoak atzeman ditu erakundeak, baina erantzukizuna «partekatua» dela uste du: alegia, Sodenak ez ezik, enpresariek ere badutela erantzukizunik diru publikoaren galeran. Hauek dira txostenaren ondorio nagusiak.

GARDENTASUNA
«Ezohiko» egoerak baldintzatuta

Kontu Ganberak nabarmendu du Sodenak, CENek eta Albyn Medical enpresak 2020ko apirilean sinatu zutela maskarak erosteko akordioa. Pandemia piztu eta berehala ezarritako itxialdian, alegia. «Egoera ezohikoa hartu behar da kontuan, eta dena gardentasunez egin izana», azaldu dute. Hala ere, gaineratu dute Sodenak baimena eskatu behar ziola Nafarroako Gobernuari halako hitzarmen bat sinatzeko.

HITZARMENAREN EDUKIA
«Betebeharrik ez» enpresarien elkartearentzat

Sinatutako hitzarmenak gabezia nabarmenak zituen. Ganberaren esanetan, horietako bat zen «enpresek ez zutela konpromiso irmorik hartu Albyn enpresak inportatutako maskarak erosteko». Zer esan nahi du horrek? Bada, Nafarroako Enpresarien Elkargoak maskarak eskatu bai, baina hitzarmenean ez zuela inongo betebeharrik sinatu gero diru publikoekin erositako maskara horiek ordaintzeko.

«Hitzarmenaren ondorioz sor litezkeen arazoak nola konpondu ere ez zuten zehaztu. Eta hitzarmenak ez zuen behar bezala babesten inplikaturik zegoen diru publikoa», irakur daiteke oharrean.

ERANTZUKIZUNAK
Patronala ere bada erantzule, nabarmendu dutenez

Txostenean nabarmendu duten hirugarren konklusioa da diru publikoa galdu izanaren erantzukizuna ez dela alde bakarrekoa: «Sinatzaile guztiak dira akordioaren hutsuneen erantzule. Beraz, erantzukizuna onartu behar dute, bai onarturiko betebeharrei eta bai hitzarmenak aintzat hartu zituen kontuei dagokienez».

Pernandoren egia dirudi baieztapen horrek, baina Kontu Ganberak badu hori esateko motiborik. Izan ere, orain arte Nafarroako Enpresarien Elkarteak ukatu egin du auzian erantzukizunik duenik. Are: Nafarroako Gobernuarekin konponbide bat adosteko baldintza gisara jarria du edozein erantzukizun ekonomiko edo judizialetik salbuetsita egonen dela patronala. Agian horregatik, CENek helegitea aurkeztu dio Kontu Ganberaren txostenari ere.

Hala ere, kontua auzibidean jartzeari uko egin dio erakunde fiskalizatzaileak: «Kaltegarria litzateke afera honekin auzitara jotzea. Hala gertatuko balitz, oraindik erabilgarriak diren maskarak ere galduko lirateke».

Nafarroako Gobernuak Iruñerrian dituen bi biltegitan daude gordeta maskara horiek. Guztira, 1,7 milioi dira. Horietako batzuk (11.520) iraungita daude jada. Gainerakoek 2023ko apiriletik 2024ra arteko iraungitze data dute. Txostenaren arabera, 1,8 milioi gastatu zen saldu gabeko maskara horietan guztietan, baina, oraingo prezioak kontuan hartuz, 126.600 euro balio dute soilik.

KONPONBIDEA
Adostasun beharra, maskarak erabili ahal izateko

Kontu Ganberak uste du auzian inplikatutako alde guztiek konponbide bat adostu beharko dutela, biltegietan pilatuta dauden maskarak «ahalik eta azkarren ateratzeko, iraungitzea eragozte aldera». Adostasuna erdiesteko bidea «kanpoko bitartekaritza» izan daitekeela ere esan du erakunde ikuskatzaileak. Aurrera begira, Sodena sozietate publikoari zorroztasun handiagoa eskatu dio, «diru publikoaren defentsan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.