Euskaltzaleen Topaguneak bazkideak izango ditu Ipar Euskal Herrian ere

Zazpi bazkide berri izango ditu euskara elkarteen mugimenduak; bost, Ipar Euskal Herrikoak. Kongresua egingo dute 2023ko udazkenean

Julen Aperribai.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Euskaltzaleen Topaguneak batzar nagusia egin zuen atzo Hendaiako Ondarraitz estadioko aretoan (Lapurdi), eta, horren ostean, jakinarazi zuen zazpi euskara elkarte berri batu zaizkiola mugimenduari. Ipar Euskal Herrikoak dira horietatik bost: Amikuzeko Zabalik, Baionako Biltxoko, Biarritzeko Mintzalasai, Izturitzeko Artetxea eta Larresoroko Ote Lore. Horiek guztiek Ipar Euskal Herriko Euskaltzaleen Topagunea osatuko dute aurrerantzean. Topagunera batu diren beste bi bazkideak Zumaiako Larraina eta Iruñeko Laba dira.

Halaber, Topaguneko bazkideek baiezkoa eman zioten 2023ko udazkenean kongresua egiteko proposamenari. «Azken hamar urteetan Euskaltzaleen Topaguneak eta euskara elkarteek egindako ibilbidea aztertu, eta hurrengo urteetarako erronken inguruan gogoeta egitea», horixe izango du helburu. Halaber, kongresura arte egingo duten «hausnarketaren egutegia» ere onartu zuten batzarrean. Aurtengo urteari dagokionez, helburu nagusitzat jo zituzten «euskaltzaleen aktibazioa eta kaleetan euskararen normalizazioaren aldeko dinamikak areagotzea». Bi helburuokin guztiz bat egiten du Euskaraldiak, nabarmendu zutenez.

Topagunearen zuzendaritza batzordean ere badira berritasunak, hiru kide berri egongo baitira organo horretan: AED Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteko Karmele Perez, Bilboko Zenbat Gara elkarteko Isabel Isazelaia eta Gasteizko Geu elkarteko Jon Ajuria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.