Nekazaritza Politika Bateratuaren erreforma

«Bertako arraza bati eutsi arren, ez dugu babesik»

Alberto Irastorza. Piriniotar arrazako behiak hazten dituzte Borda baserrian, Olaberrian (Gipuzkoa). Haragitako behi horien aldeko apustua egin du Alberto Irastorzak.

Olaberriko Borda baserriko Alberto Irastorza, piriniotar arrazako behi batekin. JON URBE / FOKU.
xabier martin
Olaberria
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Jakinda ere beste behi mota batzuk badirela okela gehiago eta merkeagoa lortzeko, Alberto Irastorzak piriniotar arrazakoen alde egin du Olaberriko Borda baserrian (Gipuzkoa), «gureak direlako, ez direlako galdu behar, eta haragia zintzotasunez eskaini nahi diegulako bezeroei». Europako Batasunean NPBren aurrekontua adostu dutela badaki Irastorzak, baina ez du xehetasunen berri, eta, laguntzak zenbatekoak izango diren alde batera utzita, etxeko produktua baloratzeko deia egin du.

«Gero eta laguntza txikiagoak jasotzen ditugula dakit nik, eta gero eta burokrazia karga handiagoa dugula: gainezka egiten dute ikuskapenek eta». Baina beste baserritarren antzera, mezu argi bat helarazi du Irastorzak: «Gu ez gara laguntzen oso zale, nahi duguna da gure produktua ondo ordaintzea. Tristea da eginahalak egin ondoren, lanean 3.000 ordutik gora sartu ondoren, gero limosna behar izatea. Interes politikoengatik, horrela dago egituratua hau, ordea».

Orografiaren eta NPBren arteko lotura ere azpimarratu du abeltzainak: «Guk ez dugu terreno handirik deklaratzeko, ez behintzat Gipuzkoan eta Bizkaian, eta, lursail handirik gabe, ez da laguntza handirik jasotzen. Hemen, aldapak ditugu franko. Aurrerantzean ez dakit nola geratuko den kontua, baina laguntzekin ez dut esperantza handirik».

Bertakoa saltzeko arazoak

Borda baserrian 50 bat behi buru dauzkate piriniotar arrazakoak; ez da besterik gabe egindako apustua. «Euskal Herriko arraza autoktono batekin ari gara, galtzeko zorian egon zena, eta ez dugu inongo laguntzarik hala aritzeagatik. Beste arraza hobetu batzuekin aritzen direnak ekoizpen handiagoa ateratzen dute, baina gu gureari eusten ari gara. Kontua da gero haiekin lehiatu behar dugula merkatuan, eta erakundeen babesik gabe, jai dugula lehia horretan».

Zergatik egin, orduan, okela gutxiago emango duen behi baten alde? «Gure terrenora egokituta dagoelako, berezkoa delako hemen. Beste behi hobetu horiek ez lukete aguantatuko gure sail malkartsuetan; haiek lautadatan egoteko dira, gantz gehiago eginez». Piriniotar arrazako behiei esker ,mendiak garbi daude, kontserbazio lan bat egiten da. «Baina, gero, ez dago konpentsaziorik», dio Bordako abeltzainak. Horregatik, nahiko luke Irastorzak babes handiagoa erakundeen eskutik.

Bezeroen aldetik ere ez du ikusten sentsibilizazio handirik. «Badaude batzuk kalitatearen alde egiten dutenak, bertakoaren alde, baina beste askok prezioari baino ez diote begiratzen, gure larreetan behiak egon behar duten ala ez kontuan hartu gabe». Euskal Herrian kontsumitzen den okelaren laurden bat baizik ez da ekoizten bertan, baina haragi hori saltzeko lanak izaten dituzten abeltzainek. «Kanpotik izugarri sartzen da, Espainiatik asko, kontsumitzaile asko daudelako hemen. Eta prezio apaletan iristen da. Eta, gero, zer egiten dute harakin askok? Merke erosi kanpokoa, eta goi kalitatezko gisa saldu. Jendea ez da ohartzen kanpokoa edo bertakoa ote den ere».

Horregatik, Borda baserriko nagusiak bezeroei esan die «astunak» izateko «bertako haragia» eskatzean; «harakinek bai baitakite zein baserritan dauden bertako txekorrak». Borda baserrian okela saltzeko gunea ere badute, bitartekaririk gabe irteera emateko ekoizpenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.