Caminando Fronteras, Giza Eskubideen Marokoko Erakundea, Marokoko Saharaz Hegoaldeko Afrikako Komunitateen Kolektiboak eta Egoera Zaurgarrian Dauden Migratzaileen Laguntzarako Elkarteak azaldu dute ehunka lagun zauritu zirela muga zeharkatzeko saiakera masiboan. Zaurituak izan ziren «bai migratzaileen aldean, baita Marokoko indar polizialen aldean ere». Gaineratu dute «aldez aurretik idatzitako drama bat» izan dela atzo gertatutakoa.
«Ehorzleak Marokoko eta Espainiako gobernuak dira; hesiak altxatu eta hedapen polizial/militar oso bat antolatzen dutenak, bizitzen eta errepresioaren kontura gure muga sakratuak urratzea eragozteko», adierazi zuen ohar batean SOS Arrazakeria elkarteak. Gertatutakoari erantzuteko, elkartzea egin dituzte gaur. Donostian, 12:00etan egin dute, eta ehunka lagun elkartu dira. Gasteizen eta Bilbon arratsalderako deitu dituzte. «Ezin dugu horrelako munstrokeriarik onartu. Jar dezagun gure salaketa», adierazi zuen.
Ehunka lagun bildu gara Donostian @Sos_Arrazakeria-k deitutako kontzentrazioan.
Melillan gertaturikoa erahilketa izan da.
Inor ez da ilegala.
Inor ez da ilegala.
Inor ez da ilegala.
Inor ez da ilegala.
Inor ez da ilegala.#mugakapurtu#BlackLivesMatter#inorezdailegalapic.twitter.com/2YsaTTv4DO— Mikel Arreseigor (@MikelArreseigor) June 26, 2022
Goizean goizetik
Goizeko lehen orduan hasi zen saiakera, 06:40ean. Gurugu mendian zeuden 2.000 migratzailek jo zuten hesira eta aitzurrekin zulatzea lortu zuten, MAP Marokoko albiste agentzien arabera. Espainiara iritsi ziren 500 inguru, eta horietatik 130 harrera zentro batean sartu zituzten, Espainiako Gobernuak jakinarazi zuenez.
GKEen esanetan, Marokok eta Espainiak immigrazioaren alorrean berriz ere elkarlana berreskuratu izanak migratzaileen kontrako indarkeria olde bat ekarri du bi estatuen eskutik. «Duela urte eta erdi baino gehiagotik, Nadorko migratzaileek ez dute ez sendagairik ez osasun arretarik jasotzeko modurik, su eman diete haien kanpalekuei, eta ondasunak arpilatu dizkiete, elikagaiak suntsitu, eta kanpalekuetan zeukaten ur edangarri apurra konfiskatu diete. Espedizio zigortzaile horiek indarkeria espiral bat eragin dute bi aldeetan».
Horrenbestez, eta estatu indarrek neurrigabe jokatu dutela iritzita, gertakariak argitzeko ikerketak eskatu dituzte Espainian, Marokon eta nazioartean. «Hondamendi bat izan da gertatua, eta erakusten du migrazio politikak hilgarriak direla. Horren erantzukizuna nork duen argitzeko ikerketa bat egiteko eskatzen dugu», esan zuen Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak Twitterreko argitalpen batean. Sare sozial horretan argitaratu dituen irudietan migratzaile andana ageri da, Nadorko kaleetan pilatuta.
Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, Marokoko indarren «aparteko» jokabidea goratu du. Haren esanetan, «Espainiaren lurralde integritatearen kontrako bortxazko erasoa» eragotzi dute, eta «gizakiekin trafikatzen duten mafiei» egotzi die «eraso» horren ardura.
Guztiz bestelako iritzia dute migratzaileen heriotzak salatu dituzten elkarteek. Gogorarazi dute migratzaileen kontrako «indarkeria sistematikoak» gaitzespena jaso duela nazioartean; besteak beste, Nazio Batuen Erakundearena. GKEek neurri horien erantzule egin dituzte Europako Batasuna eta haren estatu kideak, migratzaileen kontrako «politika kriminalak» finantzatzen aritzeagatik, bloketik kanpoko estatuekin migrazio fluxuak eteteko indarrean dituzten hitzarmenen bidez. Bruselari eta estatukideei galdegin diete migraziorako «bide seguruak» bermatzeko.