«Ni ez naiz aurkeztuko EHUko errektore izateko»

Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Nekane Balluerkak berak eman du albistea: azaroko hauteskundeetan ez da aurkeztuko EHUko errektore izateko.

Orain arte lortutakoarekin gustura dago, eta ikerketan, euskaran, inklusioan eta genero ikuspegian egindako lana azpimarratu du.

EHUko hauteskundeak izango dituzue azaroan. Mantenduko al dituzue?

Printzipioz, mantentzeko asmoa daukagu, baina hori Gobernu Kontseiluak erabaki beharko du. Gure asmoa da irailean egingo den EHUko Gobernu Kontseilura egutegia eramatea. Osasun baldintza batzuk bermatu beharko lirateke, eta horretarako neurri batzuk hartu, beti Osasun Sailarekin harremanetan.

Zu aurkeztuko al zara errektore izateko?

Printzipioz, ez: ni ez naiz aurkeztuko. Argi utzi nahi dut hau ez dela agur bat, agur baten aurrerapena baizik. Urtarrilera arte jarraituko dut errektore moduan, eta, pandemia egoera honetan, inoiz baino lan gehiago egin beharko dut gure unibertsitatearen norabidea egokia izan dadin, edo, behintzat, horretan saiatuko naiz. Beti esan dut ez neukala asmorik karguan luze egoteko, agintaldi bat ondo ikusten nuela. Niretzat plazera eta, batez ere, ohorea izan da EHUko errektore izatea. Orain, nire familiari eta ibilbide akademikoari denbora gehiago eskaini nahiko nioke.

Nola baloratzen duzu agintaldia?

Balorazio nahiko positiboa egiten dugu. Batez ere, hiru gauza azpimarratu nahi genituzke. Alde batetik, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea martxan jartzea lortu dugu, eta Galdakaoko ospitalea [Bizkaia] ospitale unibertsitario bihurtzea. Horrek berebiziko garrantzia dauka, lehenengo aldiz medikuntza guztiz euskaraz egiteko aukera izango baitute ikasleek. Bestalde, ikerkuntzari dagokionez, uste dut berebiziko pausoa eman dugula, Shanghaiko rankingean lehen 400 postuetan sartu garelako eta Nobel saridun bat kontratatu ahal izan dugulako. Horretaz gainera, Horizon 2020 programan inoiz baino baliabide gehiago lortu ahal izan ditugu. Euskarari dagokionez, zentro berri bat atxiki dugu: Goi Mailako online institutua, eta horrekin bigarren hezkuntzako masterra guztiz euskaraz egin dugu, eta ehuneko handi batean online eskaini dugu. Euskararekin jarraituz, nahitaezko irakasgaien %98 euskaraz ematen ditugu, eta euskaraz defendatutako tesiak %6 gehitu dira. Beste gauza garrantzitsu bat da nazioarteko goi mailako partzuergo bat egin dugula beste zortzi unibertsitaterekin, eta horiek ere oso ondo kokatuta daudela mundu mailan. Azken gauza, niretzat oso azpimarragarria, generoaren eta inklusioaren esparruan egin ditugun gauzak dira: genero indarkeriaren aurkako protokolo bat sortu dugu, markadore ez-binarioak martxan jarri ditugu, Arrakasta programa ere bai...

Zure taldeko inor aurkeztuko da errektore izateko?

Pentsatzen dut egongo dela taldearen proiektuari jarraipena emango diot hautagaitza bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.