Koronabirusa

Zer gertatzen da maskarekin?

Maskaren erabilera ez dago araututa, eta ez dago herritar guztiak babesteko behar adina ale. Espainiako Gobernuak prezioak adostuko ditu. Haurrek ere maskarak erabiltzea aholkatu dute

Pertsona bat maskara kirurgiko bat janzten. JON URBE / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
COVID-19a iritsi bezain laster agertu ziren lehen maskarak kaleetan. Hain zuzen, birusaren kutsatzea saihesteko balio dezaketen babes materialaren eskaria handitu egin da gaixotasunaren zabalkundearekin batera, baina, oro har, farmaziak ez dira behar horiei erantzuteko gai. Eskuragarri dauden babes neurriak ezinbestekoak dira, baina ez dago aski hornidura. Kezka sortu du gizartean egoerak, eta erantzunik gabeko zenbait galdera sorrarazi ditu. Halere, badirudi hemendik aurrera maskarak egunerokoaren parte bilakatuko direla.

Maskaren erabilera: zer diote arauek?

Ez dago garbi maskarak erabiltzea beharrezkoa izango den ala ez; ez dago arau zehatzik. Hala ere, geroz eta jende gehiagok erabakitzen du egunerokoan maskarak erabiltzea. Herrialde batzuetan ere hasiak dira derrigorrezkotzat jotzen: Txekiar Errepublikan eta Israelen, esate baterako.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gomendio batzuk eskaini ditu, baina ezer zehatzik ez. Haren arabera, maskarak beharrezkoak dira osasuntsu egon eta COVID-19a izan dezakeen norbait artatuz gero. Baita eztulka eta doministikuka arituz gero ere. Gainontzean, aholkatu du maskarak sarritan garbitu behar direla garbitzaile alkoholdunekin edo urarekin eta xaboiarekin.

Euskal Herrian ere ziurgabetasuna da nagusi. Batetik, joan den astean hasi zen Espainiako Gobernua maskarak banatzen garraio publikoaren geltokietan, eta, beraz, baita Hego Euskal Herrikoetan ere. Ez dira nahitaezkoak, baina maskarak erabiltzeko gomendioa egin zuen Madrilek, besteak beste, jende pilaketak gertatzen diren lekuetan. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aitortu zuen banatutako maskarak ez direla erabat eraginkorrak: «Bitarteko eraginkor bat baino gehiago, gogorarazteko modu bat dira». Bestetik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi zuen «ohikoa» izango dela maskarak erabiltzea, eta maiatzaren 11tik aurrera herritar orori maskara bat emateko konpromisoa hartu zuen. Herriko etxeekin elkarlanean aritzea da hasierako asmoa.

Ba al dago maskararik denentzat?

Ez dago maskararik denentzat farmazietan. Askok etxean maskara propioak egitea hautatu dute, baina, adituen arabera, hobe da homologatutako maskarak erabiltzea. Botikariek jakinarazi dutenez, maskarak iristen hasi dira azken egunetan farmazietara, baina ez dago aski herritar denentzat. Eskasi handia dago, eta, horri erantzuteko asmoz, produkzio handiak egiten hasi dira zenbait herrialdetako enpresa batzuk. Euskal Herria ere horretan ari da.

Sei hilabetean 60 milioi maskara egitea jarri du helburutzat, esate baterako, Hernaniko (Gipuzkoa) Bexen Medical enpresak. Espainiako Gobernuak egin zion eskaria martxoan. Izan ere, asmo nagusia da ahalik eta maskara gehien ekoiztea, neurri handietan. Ipar Euskal Herrian ere ez dago maskararik herritar guztientzat. Hain zuzen, maiatzaren 11n amaituko dute konfinamendua. Ordurako nahikoa maskara eskura izateko asmoz, biderkatu egin dira maskarak ekoizteko egitasmoak, Frantzian.

Maskaren prezioak adostuko al dira?

Maskaren marka ugari daude, eta ez dago prezio jakinik. Hala ere, maskaren eskariaren gorakadaren ondorioz, gora egin dute prezioek ere. Botikarien eta kontsumitzaileen elkarteak gorakada horien kexu dira. Besteak beste, botikariek salatu dute hornitzaileek maskaren prezioak igo dituztela, eta, ondorioz, haiek ere garesti saldu behar izan dutela materiala. Beraz, eskatu dute prezio jakin bat ezartzea, eta, azkenean, badirudi neurriak hartuko dituztela.

Espainiako Gobernuak gehienezko salneurria ezarriko die birusetik babesteko beharrezkoak diren osasun produktuei. Hala nola maskarei eta eskularruei. Hain zuzen, igandean jaso zuten agindua BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean. Bi eguneko epea ezarri zen Sendagaien Prezioen Ministerioen arteko batzordearen bilera egiteko eta erabakiak hartzeko. Beraz, beranduenez, gaur eman beharko lukete erabakiaren berri.

BOEn jasotzen denez, herritarrek produktuak eskuragarri edukitzea da helburua. «Testuinguru honetan beharrezkoa da bermeak ezartzea herritarrek, modu informatuan eta neurrigabeak ez diren baldintza ekonomikoetan, COVID-19aren kutsaduratik babesteko produktu jakin batzuk eskuratu ahal izateko».

Haurrek ere erabili behar al dituzte?

Helduen kasuan bezala, ez da zehazten haurrek maskarak erabili behar dituzten ala ez. Baina ez da baztertzen maskarak erabiltzeko aukera, gogoan izanda, Hego Euskal Herriko kasuan, apirilaren 27tik aurrera kalera irteteko baimena izango dutela baldintza jakin batzuetan. Areago, pediatra zenbaitek babes neurri horien derrigorrezko erabilera babesten dute.

BOEn ere haurrek erabili beharreko maskarei buruzko puntu bat jasotzen da. Aholkatzen dute haurrek higiene maskarak erabiltzea; babes maila apalena dutenak eta erabilera bakarrekoak, alegia. Maskarak haur bakoitzaren neurrira egokitu beharko dira, eta, betiere, heldu baten gainbegiradapean egitea gomendatzen da.

Zein motatako maskarak daude?

Hiru multzotan bana daitezke maskarak: FFP1, FFP2 eta FFP3. Segurtasun maila apalena dutenak FFP1 motakoak dira, eta, batez ere, dentistek eta mediku kirurgikoek erabili ohi dituzte. Erabilera bakarrekoak izaten dira, paperezkoak eta azalera laukoak. Adituen arabera, FFP1 motako maskarak gaixo daudenek erabiltzekoak dira, birusa ez zabaltzeko. Alegia, ez dira erabilgarriak osasuntsu dauden pertsonentzat.

FFP2 eta FFP3 motako maskarek eragotz dezakete osasuntsu dauden pertsonak kutsatzea, birusaren sarrera galarazten duten iragazkiak baitituzte. Bataren eta bestearen arteko aldea segurtasun mailan dago. Bigarren taldekoek %92ko eraginkortasun maila dute, eta FFP3koak, %98koa. Hala ere, adituen arabera, maskaren erabilera esku garbiketa egokiarekin konbinatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.