Paperik gabeko langileak. Testigantzak

«Bizimodua zail dago egun: esplotazioa inoiz baino handiagoa da»

Maria Teresa 'Maite' Guzman Cortes. 55 urte. Bolivia.

Maria Teresa Guzman, Albia lorategietan, Bilbon. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Orain abusua inoiz baino handiagoa da. Bizimodua zail dago, eta enplegatzaileak gehiago aprobetxatzen dira. Nikaraguatik datoz, Paraguaitik... 850 euro irabazi eta hala ere logela kobratzen dieten etxeko langile egoiliarren kasuak ezagutu ditut». Arduratuta mintzo da Maria Teresa Maite Guzman, 2001etik Bilbon bizi den boliviarra; urteak pasatu arren, berak pairatu zuen «esplotazioa» ohikoa baita. Mujeres del Mundo emakume etorkinekin lan egiten duen elkarteko kide da, eta tratu zuzena du haiekin.

Guzman prokuradorea zen bere herrialdean, eta ezaguna da Euskal Herriko boliviar komunitatean. Bere garaian 8.000 sinadura bildu zituen Boliviak Bilbon kontsulatua ireki zezan.

2001ean iritsi zen. Ama gaixo zuen, eta hari tratamendua ordaintzeko lan bila ari zen. Hauek izan zituen lehen lan baldintzak: «Bi ume zaindu eta etxeko lanak egin behar nituen. Astelehenetik ostegunera, hamabi ordu egunero; ostiralean, hemezortzi. 650 euroren truke». Bederatzi hilabete iraun zuen, familiako kide batzuei bidaia ordaintzeko adina aurreztu arte.

2005ean lortu zituen paperak, legezko kontratu bati esker. Baina ez du ahaztu aurretik onartu behar izan zuen beste lan eskaintza bat: «Alzheimerrak jota zegoen pertsona bat zaintzen nuen astean sei gauez. 380 euro ziren, baina onartu nuen. Ardura handiak nituen: zer egin nezakeen?». Paperekin, egoera hobetu zuen, baina haiek lortu berritan jaso zituen lehen lau eskaintzak kontratutik gabekoak izan ziren. Gero, luzaroan ibili zen lanean familia batekin. Egun, ELA sindikatuaren aholkularitza jasotzen ari da.

Guzmanek lan komeriak kontatu ditu, baina, dioenez, etxe bila pairaturikoak ez dira samurragoak izan. «Agian arrazakeria handiagoa pairatu dut etxe bila, lanean baino. Lehenbizi, alokairuan; eta baita gero erosteko bidea hasi nuenean ere». Errotzeen bitartez paperak lortzeko, etorkinak Euskal Herrian zenbat denbora daraman frogatu behar du, eta etxebizitza funtsezkoa da prozesu horretan. «Alokatzen duen jabeak erroldatzeko eskubidea eman behar dio, eta horrek negoziazioa baldintzatzen du. Alfonbra baten azpian lo egitea zer den badakit, eta oraindik ere badabil jendea horrela. Nola edo hala aldatu behar da hori», salatu du.

Ikusi gehiago:Kontraesanen esklabo

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak: kasu ezagunak

Ikusi gehiago:Paperik gabeko langileak. Testigantzak. Johanna Flores: «Instrumentu gisa ikusten gaituzte, ez pertsona gisa»

Ikusi gehiago:Marta Veronica Alegria: «Nire lehen lana: 09:00etan hasi eta 22:00etan bukatu, astelehenetik igandera, 650 euroren truke»

Ikusi gehiago:Kona Marley: «Legez kanpo nengoen, ezkutuan bizi behar nuen»

Ikusi gehiago:Marisol: «Paperak lortu eta oporrak eskatzean, kaleratu egin ninduten»

Ikusi gehiago:Oumar: «Paperik gabe, ezin dut lanik egin, arriskutsua baita»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.