Paul Bilbao Sarria.
IRITZIA

Gure Xabier

2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Zeinen zaila den halako zutabe bat idaztea. Zeinen zaila den joan berri den eta izugarri miresten duzun pertsona batek zeure bizitzari, herriari, hizkuntzari egin dien ekarpenaz hitz egokiak jostea. Zeinen zaila Xabier Mendiguren Bereziarturi buruz idaztea, irakurriko ez duela jakinda.

Zu bai pertsona poliedrikoa, Xabier. Algortako gure ikastolan irakasle ibilia, testugintzan, itzulpengintzan, euskalgintzako lemazain... plaza-gizona baino, mundu-gizona. Izan ere, izaera poliedriko horren alde batean munduaren ikuskera berezia ez ezik, munduari buruzko ezagutza ere bazegoen: herria, hizkuntzak, kulturak, komunitateak... Berdin atzamarra munduko zein tokitan jarri, leku horretako ezagutza partekatzeko gogotsu, beti.

Eta, poliedro horretako alde nagusienean euskalgintzarekiko konpromisoa, noski. Sortu berria zen euskararen gizarte eragileen bilgune nagusiaren lema hartu, eta itsasontzia beldurrik gabe bidean jarri. Iltzatuta ditut Sadar zelaian, Euskal Herri osoari egindako deia: Gu guztiok gara euskararen itxaropena. Eta itxaropen hori ardatz ekin zenion Kontseiluaren bideari, Euskal Herria goitik behera zein ezkerretik eskuinera zeharkatuz, euskararen inguruko adostasun soziopolitikoak eraikitzeko bideak urratuz, euskal gizarteak erakutsia zuen euskararen aldekotasun horri erantzungo zioten proiektuak garatuz eta politika berriak aldarrikatuz. Eta, beharrezkoa izatera, gorbata janzteko inolako arazorik ez, baldin eta horren bidez, beste gune batzuetara iristeko aukera baldin bazegoen. Oso argi izan duzu beti, Xabier, herritar guztiak euskaldundu beharko direla, gure herria euskaraz biziko bada.

Eta gozoetan ez ezik, gazietan ere itxaropentsu, Xabier. Horrela, itxaropen hori bortxaz zapuzten saiatu, eta zuzenean euskalgintzaren kontra gogor jo zutenean, aurrera egiteko kemenaz eta indarrez bete gintuzun. Aurrera egiteko beharra, lan egiten jarraitzeko beharra, eraikitzen eta eragiten jarraitzeko beharra agertzen zenuen behin eta berriro.

Gure lemazain, Xabier, Euskalgintzaren Kontseiluko lemazain, baina inoiz ere ez kapitain. Izan ere, mirestekoa hurbil zenuen jendearekiko konfiantza. Konfiantza eta enpatia; konfiantza, enpatia eta ezkerreko eskua; konfiantza, enpatia, ezkerreko eskua eta zerrenda amaigabea. Bai, Xabier, zerrenda amaigabea, beti ere, zerrendaren aurrean konpromiso hitza txertatuta: euskararekiko konpromisoa eta euskalgintzarekiko konfiantza. Eta, gainera, hori guztia pozez eta harrotasunez. Berriki, Kontseiluaren 25. urteurren-ekitaldian esan zenuen bezala: Kontseiluan pauso bakoitzak ematen zuen poza, pauso bakoitzak ematen zuen harrotasuna.

Neuk ere poza eta harrotasuna sentitzen ditut zurekiko. Baina, egia aitortu behar dut, Xabier, zeinen zaila den zutaz lehenaldian hitz egitea. Horrexegatik, jakin ezazu askok etorkizunean ere barruan eramango zaitugula. Izan ere, Xabier baino, gure Xabier izango zara betiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.