Koronabirusa

Hegoaldeko ospitaleek lehen fasera igarotzeko gaitasuna dute

Espainiako Gobernuak gutxieneko ohe kopuru bat ezarri du lehen fasera igarotzeko. Baldintza gehiago ere bete behar dira

Paulo Ostolaza.
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak herenegun argitaratutako Estatuko Aldizkari Ofizialak ezinbesteko bi baldintza ezarri ditu normaltasunera itzultzeko lehen fasera igaro ahal izateko: gehienez bost eguneko epean zaintza intentsiboko unitateetan (ZIU) 10.000 biztanleko 1,5 eta bi ohe artean edukitzeko gaitasuna izatea, eta bestelako gaixoentzat 37 eta 49 ohe artean izatea. Hego Euskal Herriko herrialde bakoitzak izan beharko du halako gaitasuna, eremu horiek hartuko baitira erreferentziatzat.

Ospitaleetako ZIUek koronabirusaren krisia baino lehen zuten gaitasuna bikoiztea edo hirukoiztea ekarriko du neurriak. Hala, Espainiako Gobernuaren helburua da ez galtzea azken asteetan lortutako gaitasuna.

Hego Euskal Herrian ez dirudi arazo izango denik Madrilek eskatutako bermeak betetzea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 230 ohe inguru zeuden ZIUetan pandemia baino lehen, eta, orain, datu ofizialik ez dagoen arren, bostehun baino gehiago daude, hainbat iturriren arabera. Nafarroako Gobernuak, berriz, martxo amaieran iragarri zuen bikoiztu egingo zituela ZIUetan zituen oheak, eta guztira 120 ohe jarriko zituela.

Gainera, osasun zerbitzuek azken asteetan esan dutenez, ospitaleratuen kasuek gora eginez gero, bazuten ohe kopurua are gehiago handitzeko gaitasuna. Osakidetzak eremu berriak prestatu zituen kutsatuen kasuek gora egiten bazuten, eta Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz), adibidez, alboko eraikin batean 56 ohe jarri zituzten krisian zehar.

Zero fasetik lehen fasera igaro ahal izateko, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bihar 14:00 arte dute Madrili eskariak bidaltzeko epea. Jaurlaritzak herrialde bakoitzeko bat bidali beharko du, eta Espainiako Osasun Ministerioak hartuko du azken erabakia. Aurrerantzean, erkidegoetako gobernuek gutxienez astebeteko epearekin egin beharko dute fasez igarotzeko eskaera, prest daudela erabakitzen badute behintzat.

24 ordu PCR proba egiteko

Gainera, Salvador Illa Espainiako Osasun Ministroak herenegun adierazi zuenez,erkidegoek izango dute «euren lurralderako proposamen zehatzak egiteko aukera». Adibidez, printzipioz onartzen ez diren jarduera batzuk baimentzea proposatu ahal izango dute. Ospitaleetako oheen gaitasuna, ordea, ez da fase aldaketa baimentzeko kontuan izango duen aldagai bakarra. Beste zenbait baldintza ere bete beharko dira: kutsatze fokuak kontrolatzeko gaitasuna izatea; alerta berriak identifikatzeko sistemak izatea; babes neurri kolektiboak bermatzea; eta azken egunetako kasu berrien garapena ona izatea, besteak beste. Kontuan hartuko dute ospitaleetan pazienteak artatzeko gaitasuna ere, eta, horregatik, osasun langileak lanean mantentzeko eskatu du Madrilek. Hala ere, oraingoz, Espainiako Gobernuak oheen kasuan soilik eskatu ditu kopuru zehatzak.

Bestalde, iragarri du saiatuko direla sintomak dituztenei PCR probak 24 orduko epean egiten. Orain arte, sintomak zituztenei probak egiterako astebete edo denbora gehiago joaten zen. Bizkortu egin nahi dute tarte hori, gaixoak lehenbailehen atzemateko, bakartzeko, eta haiekin kontaktua izan dutenak aurkitzeko. Lehen arretako zentroak funtsezkoak izango dira lan horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.