Donostiarra etxean ariko da gaur, Euskotren ligako bosgarren jardunaldian (18:00, ETB1), eta beste horrenbeste gertatuko zaio Arraun Lagunaki ere. «Etxeko estropadari beste garrantzi bat ematen zaio», onartu du Laura GoldarazenaDonostiarrako arraunlariak (Donostia, 1991). Eremuari dagokionez, etxeko zulo guztiak bezain ondo ezagutzen du: «Orain, gainera, hemen ari gara entrenatzen», esan du, Gipuzkoako hiriburuko kaiko arrapalari begira dagoen bitartean. Alboan dauka Inder Paredes (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1991), taldekidea, patroia, eta hari ere begia Kontxa aldera joan zaio, ia oharkabean. Zenbat oroitzapen bientzat.
Ez baitira atzo sortuak arraun mundura. Asko dakite, asko ikasi dutelako, eta gaur etxea dutena etxe bihurtu aurretik eskola handi bat sortu zutelako: San Juango Batelerak talde historikoko bi kide dira Goldarazena eta Paredes. Kontxako bandera askotan, Euskotren liga beste hainbatetan; Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak eta bandera ugari dituzte irabaziak, baina, orain, beste helburu eta zeregin batzuetan dabiltza Donostiarran: «Badu antzik San Juanen egin genuenarekin. Han ere azpi-azpitik hasi ginen, eta goraino iritsi. Ea hemen ere lortzen dugun», kontatu dute biek. Paredesek gogora ekarri ditu San Juanen hasierako urteak: «Irabazleak bi minutu ateratzen zizkigun orduan». Lan handia eginez, ofizioa ikasiz, eskarmentuaren jabe eginez, haiek izan ziren gero aurkariak oso atzean utzi zituztenak. Joan ziren, baina, garai haiek, eta beste lan batzuetan dabil orain San Juan. Gogoan dituzte orain Batelerak direnak, eta esperientziaren kareletik hasi dira hizketan biak. Honela esan du Goldarazenak: «Pena handia ematen dit gertatuak, talde handi hura nola hautsi zen; izan ere, azkenean guk eraman genuen behetik gora, lan asko eginda. Oso talde ona zen arraunerako, eta gure arteko giroa ere oso ona zen. Baina, deseroso egoteko, hobe uztea. Orain daudenek, lan egin, eta goraka joan behar dute, guk egin genuen bezala». Antzera mintzatu da taldekidea: «Pena handia ematen dit gertatutakoak, eta uste dut erabaki onena hartu dutela Euskotren liga utzi eta ETE ligan aterata. Lasai hartu behar dute, lan ona egin, eta gero gerokoak».
Paredesek duela bi urte utzi zuen San Juan, eta Goldarazenak, iazko udazkenean. Oraintxe urtebete dela, patroiak zioena azaldu da solasaldira: «Lasaitasuna behar nuen, eta Donostiarran aurkitu nuen. Gozatzeko aukera izan nuen; gainera, liga nagusira ere igo ginen, eta aurten ere antzera nabil, gozatzen». Goldarazenak ere askatu du barrua neurri batean: «Irabaztea gauza handia da, eta San Juanen hori egiten genuen. Baina, azkenerako, perfekzioa bilakatu zen helburu, eta etxeko taldera etortzea erabaki nuen».
Irabaztea ez dute xede orain, nolabait esanda, baina irabazteari beste zentzu bat aurkituta dabiltza: «Beste helburu eta motibazio batzuk dauzkagu, eta bai, txipa aldatu behar izan dut, talde irabazle batetik bainentorren. Baina oso pozik nago, helburu berriekin. Lasaitasun hau ona da». Horrela esanda, pentsa liteke lehia ez den beste zerbaiten bila joan direla biak Donostiarrara, baina ezta gutxiago ere: «Estropada guztietan ateratzen gara irabaztera, ahalik eta lan onena egitera, eta horren atzetik gabiltza, serio asko lanean».
Irabazteari zer esanahi berri aurkitu dion azaldu du Paredesek: «Aurten oso garbi daukat ligan hirugarren bukatzea dela taldearen helburua, eta irabaztea hori da niretzat. Helburu apala ez da, zauden lekuan zer dagoen ondo jakitea baizik, eta oinak lurrean edukitzea». Goldarazenak taldekidearen hariari heldu dio, eta bien artean argudiatze bertsua josi dute: «Badakit Orio baino pauso bat atzerago gaudela, eta oso zaila dela irabaztea. Gure asmoa beste bat da orain, eta kanporaketa ez jokatzea da, jaisteko arriskua erabat uxatzea. Horretarako, Hondarribiaren aurretik gelditu behar dugu, eta lau estropadetatik hirutan lortu dugu hori. Egun horietan, sekulako poza sentitu dugu taldean».
Prestakuntzan, «berandu»
Gaurko estropadan ere horretara aterako dira Donostiarrako arraunlariak, azkeneko lekua atzean uztera. Emaitzaz aparte, baina, izango dute beste helburu bat ere: «Blokea egiten segitu behar dugu, talde izaera lortzen arraunkeran». Horrek ekarriko die hobekuntza:«Uda aurrera doan neurrian, horrek emango digu aukera traineruaren maila hobetzeko», azaldu dute biek.
Donostiarra ez baitago oraindik puntu-puntuan, eta Paredesek aipatu du hori zergatik den:«Oso berandu egin dugu lehen entrenamendua talde osoak batera. Gure liga hasi behar genuen astean izan zen, eta ezin izan dugu elkartu taldekide batzuek aulki mugikorreko denboraldia egiten dutelako eta ezin zutelako gurekin batera aritu». Prestakuntzak nola beharko lukeen kontatu du: «Udazkenean hasi behar da blokea egiten; horixe da normalena, azkenean urte osoko lana izaten baita hori». Goldarazenaren ustez, «ondo dago taldekideek aulki mugikorra egin nahi izatea, baina iruditzen zait moztu egin beharko litzatekeela hori, eta zentzurik onenean ari naiz».
Liga hasteko astean elkar hartzen hasita, Donostiarra nahikoa eta gehiegi egiten ari dela esatea ez da aldrebeskerietan aritzea. Iritzi horixe bera daukate biek: «Espero genuen lekuan gaude, edo hobeto agian», esan du Goldarazenak, «ikusirik nolako negua izan dugun, taldea osatu ezinda». Oraingo lan bateratuak eman ditu, gainera, sari on batzuk: «Galiziako bigarren estropadan, aurreko igandean, lehen luzean Arraunen aurretik ginen ziabogan, eta zerbait adierazten du horrek». Paredesek hau gehitu dio taldekideari:«Lehen asteburuko bi estropadetan hirugarren izatea gauza handia izan zen guretzat, eta oso pozik bukatu genuen bi egun haietan. Gero, Galizian, akatsak egin genituen, baina normala da halakoak gertatzea».
Arrauna
Lehen egindako horren uberan
Donostiarrak lehen urtea du Euskotren ligan, iaz ETE ligatik igo eta gero. Talde hartan zen Inder Paredes patroia, eta aurten batu zaio, besteak beste, Laura Goldarazena. Biek dute iragan bera: San Juanen arrosa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu