Milaka eta milaka dira Huawei telefono bat dutenak Euskal Herrian, eta kezka handi batek harrapatu ditu beren gailuaren erabilgarritasunaren inguruan. Goiz da jakiteko zenbateko kaltea egingo dien Trumpek Txinako konpainiaren aurka emandako aginduak, baina kaltea egingo diela garbi dago; arazo handiena da Googlek sortu eta kudeatzen dituen zerbitzuak arriskuan daudela gaurdanik Huaweiren erabiltzaileentzat, eta horrek jokoz kanpo utz ditzakeela gailu horiek.
GOOGLE PLAY
Huaweiren erabiltzaileek ez dute alde handirik nabarituko epe motzean, Google Play dendan jaitsitako aplikazioak erabiltzea libre izango baitute, momentuz. Google Play Protect segurtasun atalarekin beste hainbeste gertatuko da. Areago, aplikazio berriak ere jaitsi ahal izango dituzte, betiere bere sistema operatibora egokiturik badaude. Arazoa iritsiko da aplikazio horiei gaurkotzeak egiten dizkietenean. Hobekuntzak ez dira izango Huawei telefonoentzat, eta bateriari edo segurtasunari eragin ahal diezaieketen abantailak ez dituzte izango.
ANDROID
Benetako arazoa sistema operatiboarena da. Batetik, telefonoen arima den sisteman egiten diren gaurkotzeak ez dira izango Huawei gailuentzat. Bestetik, aurrerantzean saltzen diren Huaweietan —ez stockean daudenak— soilik kode irekiko Android bertsioak aurkitu ahal izango dira, egokitzapen zaharkituak, alegia. Horrek esan nahi du Google Playko aplikazioak Android sistema operatibo berrienetara egokiturik jartzen dituztenean ezingo dituztela jaitsi Huawei baten erabiltzeek. Ezta kode libreko Android sistema zahar bat daukatenek ere. Alegia, telefono horiek zaharkiturik geratuko dira, aplikazio berriak ezingo dituztelako erabili; eta, kasu beltzenean, Huawey berrietan —akaso Android zahar batekin— ez dituzte izango YouTube, Gmail edota Maps.
WHATSAPP
Edozein aplikaziok balio dezake adibide gisa, baina WhatsAppekin argi ikus daiteke gertatutakoak Huawei baten erabiltzaileari egin ahal dion kaltea. Gutxienez, Android 4.0.3 sistema operatiboa eskatzen du WhatsAppek telefonoan martxan jartzeko. Huaweik bertsio hori gainditzen duten egokitzapenak baliatzen ditu, baina berriak sortzen direnean ezingo ditu erabili, eta halako batean, WhatsAppek eta beste aplikazio askok eskatuko dute Huaweik eskaini ezingo duen bertsio bat. Noiz iritsiko den zahartzea, hortxe dago gakoa. Zenbat eta Huawei berriagoa eduki, orduan eta arrisku handiagoa izango du erabiltzaileak kaltea nozitzeko.
Huawei bat daukat; eta orain zer?
Goiz da jakiteko zein den kaltearen neurria Huawei erabiltzaileentzat, baina kaltea bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu