Peio Jorajuria. Seaskako lehendakaria

«Ikastolen eta euskararen garapena eguraldiaren arabera egiten da oraindik»

Igandean lortu ez zuten dirua herritarren eta erakunde publikoen ekarpenen bidez eskuratuko dutela espero du Jorajuriak, baina baieztatu du edonola ere irailaren 1ean irekiko dela bosgarren kolegioa Senperen.

PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Elkartasun uholdeak baretu ditu euri uholdeak Herri Urratsi eragindako kalteak. Ikastoletako gurasoen lana eta jasotzen ari diren babesa eskertu ditu Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak.

Ikusi gehiago:Nola eman sustengua Herri Urratsi

Nola joan zen igandeko eguna?

Biziki txikia izan zen. Lekua eta ordutegia murriztu genituen. Baina besta biziki polita izan da, eta indarrez beterik atera gara.

Larunbateko irudiak ikusgarriak ziren. Herri Urrats bertan behera uztea mahai gainean egon zen?

Larunbat arratsaldean hipotesi guziak aztertu genituen. Ezeztatzearen ideia nagusi izan zen luzaz. Baina behar genuen Herri Urrats. Beharrezkoa dugu egun hori euskara ospatzeko, gure aitzinamendu guziak ospatzeko, elkarrekin biltzeko... Guretzat, zor genion Herri Urrats herriari. Azken urteetan, hainbat aldiz ezeztatu behar izan dugu; beraz, atxiki dugu atxikitzen ahal genuena. Badugu guraso talde biziki azkar bat gai izan dena gau batez egitura osoa berriz moldatzeko, eta biharamunerako prest izateko.

Nolakoak izan ziren larunbatetik iganderako orduak?

Izialdura orokor batean eman genituen, hastapen batean. Behin erabakia hartu genuelarik, zer eremu eta zer animazio atxikitzen ahal genuen, denak lanari lotu ziren. Zinez plazer egin du ikustea zer gaitasun dugun horrela berriz moldatzeko. Momentu berean milaka elkartasun mezu eskuratu genituen, eta horrek ere indartu gintuen. Larunbat gauean berant bukatu ziren konponketa eta moldaketa batzuk, baina azkenean plazera izan da hori eskaintzea.

Azpiegitura guzia berrikustea, artistak eta hornitzaileak deitzea... Zer harrera izan duzue parean?

Larunbat goizeko irudiak denek ikusiak zituzten, eta, beraz, denek zekiten egoera larri batean ginela. Denek biziki harrera ona egin digute, eta denak molde biziki eraikitzailean aritu dira konponbideak atzemateko.

Instituzioekin agerraldia egin zenuten goizean, urtero bezala.

Duela aste batzuk manifestaldia egin genuen Baionan euskalgintza guziarekin, eta plazaratu genituen gure kezkak, gure arazoak, eta baita ikusten genituen irtenbideak ere. Mezua iritsi da hautetsiengana. Konpromisoa hartu dute irtenbideak xerkatzeko. Ez dugu momentuko engaiamendu konkreturik, baina engaiamendu morala badugu; ulertua dute mezua, eta konponbideak atzeman nahi dituzte.

Momentu funtsezkoa da Seaskarentzat.

Hitzarmen berria negoziatu behar dugu Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Hor ziren EEPko kide guziek erran dute azterketen gaia zentrala izan behar zela negoziazio horietan. Argazki biziki polita egin genuen, baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea eskatzen duen tixerta berdearekin; denek jantzi zuten, denek onartu zuten publikoki agertzea aldarrikapen horrekin.

Bosgarren kolegioarentzat dirua biltzea zen aurtengo Herri Urratsen helburua. Zertan dira kontuak?

Momentuko kontuak ez ditugu eginak. Elkartasunez jende anitz etorri zen, eta zinez eskertu nahi ditugu, ez baitzen erraza etxetik ateratzea euripean joateko festa batera, jakinez ez zela baldintza normaletan eginen. Baina jendea etorri da. Pentsa dezakegu dirurik ez dugula galdu, baina ez dugu dirurik irabazi ere. Eta irabazi horiek beharrezkoak genituen, gaurko funtzionamendua pagatzeko, ikastoletako alokairuak, maileguak, baina bereziki bosgarren kolegioa finantzatzeko. Proiektu erraldoia da, aurrekontu handia du, eta gaur egun ez dugu oraindik lotua. Atzeman beharko ditugu beste manera batzuk: herritarren elkartasuna, egitura publikoen laguntza... Baina kolegioa irekiko da irailaren 1ean.

Elkartasun nazionalari dei egin diozue.

Guk erabaki eta komunikatu baino lehen ikusi genuen elkartasuna. Herri Urratseko webgunean jantzi salmentak biderkatu ziren; diru emaitzak ere bai. Gutarik aparte hainbat mezu zabaldu ziren. Badakigu herri gisa horrelako egoerei erantzuten, eta, berriro ere, asteburu honetan Euskal Herriak erakutsi du badakiela elkartasunez egoera larriei erantzuten. Espero dugu ondoko egunetan igandean irabazi ez genuen dirua partez bederen lortuko dugula.

Ipar Euskal Herriko ikastolen errealitatearen parte da zeruari begira egon beharra haurren ikasgeletan mahaiak eta kadirak izanen diren jakiteko.

Maleruski usatuak gara. Aurrekontua finkatzean, kontuan hartu behar dugu maiatzeko bigarren igandeko eguraldia. Horretarik atera beharko gara egun batez. Baina gaur egun Herri Urrats inportanteegia da; gure funtzionamendua ez dugu segurtatua horrelako festarik gabe. Ikastolen eta euskararen garapena Ipar Euskal Herrian eguraldiaren arabera egiten da oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.