Ane Mintegi

Berriro tenislari

Tenislari idiazabaldarra ezinean aritu da azken bi urteetan, eskuin ukondoko lesio bat osatu ezinik. Baina itzuli egin da; bikain itzuli ere. Txapeldunorde izan berri da torneo batean. Baina horri baino garrantzi handiagoa eman dio minik gabe jokatzeari. «Izugarria da».

BERRIA.
Julen Etxeberria.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Ane Mintegik (Idiazabal, Gipuzkoa, 2003) makina bat lerroburu bete zuen duela bi urte. Gazte mailako Wimbledon torneoa irabazi zuen. Ordu arte, ezezaguna zen erabat; haren gertukoek eta tenisa oso gertutik segitzen zutenek bakarrik zuten haren berri. Baina egin zuen balentriak fokuen pean eta mikrofonoen aurrean jarri zuten. «Eromena izan zen. Gogoan dut egun batean 25 elkarrizketa egin nituela bata bestearen atzetik, gelditu gabe», azaldu du.

Bi urte pasatu dira. Aspaldi itzali ziren fokuak, eta isildu mikrofonoak haren inguruan. Tantaka iritsi dira haren inguruko albisteak denbora horretan, eta, iritsi diren gehienak, ez dira onak izan. Aurrenek zioten mina zuela sabelaldean. Kezkagarriagoak ziren ondorengoak: haustura bat zuen. Larriagoak ziren hurrengoak: ebakuntza egin behar zioten eskuin ukondoan, eta lau hilabetez egon beharko zuen lehiatu gabe; ia zazpi izango ziren, jokatu gabe zeraman denbora kontuan hartuta. Halako batean, berri on bat: berriro hasi zen lehiatzen. Baina berehala zorigaiztoko albistea: minak bere horretan jarraitzen zuen, eta berriro egin behar zioten ebakuntza. Hori gutxi balitz bezala, luzeagoa izan zen geldialdia.

Duela bi aste eskasekoa da azkeneko berria, eta aspaldiko partez, oso ona da: ia urtebeteren ostean, lehiara itzuli da, Sardinian, Pulako torneoan. Bikain itzuli da: sei partida jarraian irabazi, eta finala jokatu du. Galdu egin du, baina zoriontsu dago. Amaitu da aspaldiko gurutze-bidea.

«Izugarria izan zen finala jokatzea. Ez genuen halakorik espero. Ia bi urtez egon naiz jokatu ezinik, eta handia izan zen berriz ere bete-betean aritzea. Emozio handia sentitu nuen. Berriro sentitu nintzen tenislari; aspaldi ez nuen halakorik sentitu», aitortu du.

«Garai latza izan da»; horrela definitu ditu azkeneko bi urteak. «Etsipena» gailendu zaio denbora askoan. «Etsipen handia sentitu dut. Lehenbizi, mina nuelako, eta ezin nuelako bete-betean jardun; ondoren, ebakuntza egin behar izan zidatelako; gero, jokatzen hasi eta gutxira, mina itzuli zitzaidalako; eta, azkenik, berriz ebakuntza egin behar izan zidatelako; denborak aurrera egiten zuen, eta nik geldirik segitzen nuen, berriz noiz jokatuko nuen jakin gabe».

Etxetik urrun egoteak, gainera, «etsipen handiagoa» eragin dio. «Tenisean jokatzeko etorri nintzen 14 urterekin Bartzelonara, etxekoak atzean utzita. Sakrifizio handia da hori, baina argi nuen tenisean aritzeko hona etorri beharra nuela. Horregatik, oso gogorra izan da sakrifizio hori egin ostean, ezin jokatzea tenisean denbora luzez. Horrek etsipen handia eragin dit. Gogorra baldin bada familiarengandik urrun egotea, zer esanik ez gaizki zaudenean». Baina horri ere aurre egin dio. «Oso babestua» sentitu da. «Jende askok lagundu dit: familiak, lantaldeak... Guztiak izan ditut atzean, babesa emanez. Inorentzat ez da garai ona izan. Oso eskertuta nago guztiei. Pasatu dudanak zerbait irakatsi badit izan da tenisaz harago badagoela bizitza bat, eta nik bizitza horretan sekulako zortea dudala: jende askok maite nau».

«Poliki-poliki» joan nahi du

Haiek kenarazi dizkiote pentsamendu ezkorrak. «Inoiz pentsatu dudan ea agian ez nuela berriro jokatuko? Bai. Arriskua bazegoen bigarren ebakuntza balekoa ez bazen. Jendeak esaten zidan baikor izan behar nuela, baina noiz edo noiz txarrenean pentsatzen hasten zara. Zorionez, ebakuntza ondo irten zen, eta horrek itxaropena eman zidan».

«Poliki-poliki» joan zen osatuz. Edozein hobekuntza txiki garaipen handi bat zen. «Inoiz ez dut ahaztuko zer sentitu nuen aspaldiko partez pistan minik sentitu ez nuen aurreneko aldia. Hogei minutuz aritu nintzen aparrezko pilota batekin, eta amaitzean, sekulako irribarrea irten zitzaigun entrenatzaileari eta bioi. Bide onean ginen».

Osatzeko aldian egin bezala, «poliki-poliki» joan nahi dute aurrerantzean ere. «Pixkanaka joan nahi dugu. Ez dugu helburu jakinik. Ukondoak berriro min ez ematea dugu lehentasuna. Osatuta dago, baina bi ebakuntza egin dizkidate, eta hori kontuan hartu beharra dugu; adi egon behar dugu. Denboraldi honetan bost torneo jokatuko ditugu, eta, dena ondo badoa, hurrengoan ariko gara bete-betean».

Itzuliko da Wimbledongo jokalari hura? «Jendeak nahi du, baita nik ere, baina ez dut neure buruari presio egiteko asmorik. Ondo bidean, egongo da aukera berriro halakoak bizi izateko. Nik nire ametsari eusten diot: tenislari profesionala izateari, eta ahalik eta gorenean aritzeari. Horretarako egiten ari naiz horrenbeste ahalegin. Gaur egun ez dut minik, eta hori da pozgarriena. Izugarria da sentitzea sasoi betean zaudela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.