Lesio larri bat gainditu ostean, aurreko urteko martxoan itzuli zen softboleko zelaietara Ane Barandiaran (Ordizia, Gipuzkoa, 1992). 11 hilabete eman zituen jokatu gabe. Eskuin besoko bizepseko tendoia hautsi zuen 2021eko maiatzaren 8an, eta medikuak lesio arraro bezain larria zela konturatu zirenean —muskulatura osoa sorbaldara igo zitzaion—, urgentziazko ebakuntza bat egin zioten. Hasieran, medikuek esan zioten softbolean jokatzeari utzi beharko ziola, baina aurre egin zion lesioari: «Hain iluna zen egoera batetik ateratzean sekulako poza sentitu nuen». CBS Rivas taldera iritsi eta bi hilabete eskera izan zen hori guztia. Ez zen izan talde berrian hasteko modurik onena.
Iragan urteko otsaileko azken astean bueltatu zen jokatzera, denboraldia hasi aurreko txapelketa txiki batean. Bertan bizitakoa «emozio nahasketa bat» izan zen: «Batetik, pozik nengoen, hainbeste denboraren ostean itzuli, eta partida bat lehiatzeko gai izan nintzelako. Baina, bestetik, pixka bat triste nengoen, lehen nuen mailatik urrun nengoelako». Gimnasioan ordu asko pasatu, eta aurreko denboraldian pixkanaka-pixkanaka erritmoa berreskuratuz joan zen. Denboraldi honetan «bere onena» emateko prest da goierritarra.
Taldeko jaurtitzailea da. Erantzukizun handiko postua da hori softbolean, eta azaroan amaitu zen denboraldian konturatu zen «neurketa garrantzitsuenetan» aritzeko moduan ez zegoela oraindik: «Lehia zailetan ez nintzen aritu. Entrenatzaileak jokalari onenak ateratzen zituenean, ni aulkian geratzen nintzen. Horrek erakusten du ez nengoela oraindik nire mailan». Ez zen urte erraza izan 2022a gipuzkoarrarentzat. Halere, CBS Rivas Madrilgo taldearekin Espainiako Liga eta Kopa irabaztea lortu zuen. Horrek goxatu du apur bat.
«Zuk ezin duzu»
Herriko taldean hasi zen Barandiaran softbolean, 14 urterekin. Ondo iltzatuta dauka nola eman zuen izena: «Nire kuadrillako gehienek jokatzen zuten softbolean. Nik euskal dantzak eta balleta egiten nituen. Eta behin, institutuan geundela, bi mutilek esan zidaten ea zergatik ni ez nintzen softbolean aritzen, eta erantsi 'Zuk ezin duzu, ala'». Barandiaran erdi haserretu egin zen. «Eta hasi egingo nintzela esan nien. Orduan, nire lagun bat ondotik pasatu zen, eta esan zidan hurrengo egunean arratsaldeko bostetan joateko zelaira».
Softbolaz gauza askorik jakin gabe joan zen: «Ez nekien eskularrua eskuin eskuan edo ezkerrean jarri. Baina hantxe sartu nintzen». Lau denboraldi eman zituen etxeko taldean, eta azkenekoan Espainiako Txapelketa irabaztea lortu zuten Gazte Mailan. Hurrengo urtean, baina, taldea desagertu egin zen: «Uda osteko lehen entrenamendura bi pertsona azaldu ginen: entrenatzailearen alaba eta ni. Nik jokatzeko grina nuen, lehiatzen jarraitu nahi nuen, eta Oriora joan nintzen».
2009an joan zen Gipuzkoako kostaldera Barandiaran. Oriotarrekin sei sasoi egin zituen, eta Ohorezko Mailan, Espainiako maila gorenean, debutatzea lortu zuen. Garaikurrak lortzetik gertu gelditu zen behin baino gehiagotan. 2015ean Atletico San Sebastianera joan zenean, orduantxe lortu zituen bere lehenengo tituluak: «Orion azkeneko pausoa ematea falta izan zitzaigun. Atleticon, berriz, iritsi eta Liga irabaztea lortu nuen». Izugarria izan zen hori Barandiaranentzat.
Donostiako taldearekin hiru liga eta bi Espainiako Kopa altxatu zituen. Gainera, 2018an Gipuzkoako talde batek aurrenekoz erdietsi zituen Kopa eta liga sasoi berean. Puntaren puntan ziren, baina 2019ko denboraldia amaitu zenean, dena hankaz gora jarri zitzaion berriro: «Taldea desagertu egin zen. Harrobia alde batera utzi zuten, eta indar guztiak lehen taldean xahutu zituzten. Akats bat izan zen hori. Gero, bat-batean, jokalari askok taldea uzten edo beste gauza batzuk lehenesten hasi ziren, eta, azkenean, 2020an ez genuen talderik atera».
Sant Boira (Herrialde Katalanak) joan zen jokatzera. Baina pandemiak bete-betean harrapatu zuen ordiziarra etxetik kanpo: «Oso gaizki pasatu nuen. Etxe batean ni bakarrik... oso gogorra egin zitzaidan. Depresio txiki batekin atera nintzen, 12 kilo galdu nituen pandemian. Ia giharrik gabe gelditu nintzen, oinez ibiltzea ere kosta egiten zitzaidan». 52 kilorekin atera zen, baina 2021ean Rivasera joan zenerako pisua eta muskulazio guztia berreskuratu zituen. Baina orduan iritsi zen besoko lesioa. Dena den, txarrenari onena ateratzeko gai izan da, eta besteetan bezala altxatu da.
Onenekin lehiatzen
Nazioartean ere aritzen da Barandiaran. Orain dela gutxi arte, Espainiako Liga amaitutakoan, Varsoviara joaten zen, hango talde batekin jokatzera. Han, lau liga eta lau kopa irabazi zituen. Espainiako selekzioarekin ere makina bat txapelketa jokatu du. Baina guztien artean bereziena 2014an euskal selekzioarekin jokatutako Kanadako Kopa txapelketa izan zen harentzat: «Sekulakoa izan zen. Munduko selekzio onenen aurka aritu ginen: AEBak, Japonia, Kanada, Mexiko... Gainera, harmailak lepo betetzen ziren, filmetan bezalaxe. Nik obsesioa dut softbolarekin, eta liga gehienak jarraitzen ditut. Onenen aurka lehiatzea ikaragarria izan zen, eta badakit nire bizitzan ez dudala berriro ere aukera izango horrelako zerbait bizitzeko».
Aurten, beste pauso bat eman, eta Valentzian (Herrialde Katalanak) jokatuko den Munduko Txapelketan egon nahi du Barandiaranek. Historian estreinakoz arituko da bertan Espainiako selekzioa, eta, ondo bidean, hantxe izango da.
Ane Barandiaran
Oztopo guztien gainetik
Makina bat traba izan du Ane Barandiaranek softbolean bere bidea urratzeko. Baina, kirol horri dion maitasuna akuilutzat hartuta, guztiak gainditzeko gai izan da. Aurten Valentzian jokatuko den Munduko Txapelketan egoteko ari da lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu