Nahia Garrido

Marka guztiak hausten ari da

15 urte besterik ez du Nahia Garridok, baina Tolosaldea taldeko igerilari urretxuarrak lorpen handiak erdietsi ditu jada: besteak beste, hiru domina irabazi ditu Espainiako Txapelketan. Euskal harrobiko altxorretako bat da.

BERRIA.
pettan uralde
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Nahia Garridok (Urretxu, Gipuzkoa, 2007) du etorkizunik oparoena euskal igerilarien artean. Hala diote, behintzat, Sabadellen (Herrialde Katalanak) jokatutako Igerileku Laburreko Espainiako Txapelketan lortu dituen emaitzek. Tolosaldea taldeko igerilari gazteak hiru domina irabazi zituen: urrezko bat bere proba kutunean, bizkar estiloko 200 metrokoan; eta zilarrezko bi diziplina bereko 50 eta 100 metrokoetan. Gainera, haren adineko Espainiako lau marka —bizkarreko hiru distantzietan eta tximeleta estiloko 50 metrokoan— eta Euskadiko beste bi —bizkar estiloko 100 eta 200 metrokoetan— lortu zituen. Hori gutxi balitz bezala, gazte mailako Europako sailkapenean sartu da. Eta sasoia hasi besterik ez du egin.

Azaldu duenez, sentsazio onak izan zituen Espainiako Txapelketan, eta espero zuen marka horiek egitea. Hala ere, «motz» geratu zitzaion txapelketa, eta urteko azken astean Eguberriko Sari Nagusian aritu zen, Donostian. Hainbat dominen lehian ibili zen, eta, azkenean, bi zilar eraman zituen etxera, bizkar estiloko 50 eta 100 metrokoetan. «Oso pozik» dago lortutako emaitzekin, kontuan hartuta aurretik zituen igerilariak hura baino helduagoak direla.

Garridoren garapen handia berresten dute emaitza horiek guztiek. Hark Eslovakian eta Cadizen (Espainia) lortutako emaitzak ditu gogoan, eta, dioenez, nahiz eta guztia «erraz» barneratzen ari den, ez zuen bere burua horrela ikusten duela urte batzuk. «Jarraipenak eta lan onak eraman naute nagoen lekura».

Irailean, Bartzelonan entrenatu zen, 15 eta 18 urte bitarteko hamahiru igerilarik osatutako talde batean, eta, hilabete hasieran, Espainiako junior selekzioarekin lehiatu zen, Rotterdamen (Herbehereak). «Oso gustura lehiatu eta entrenatu zen. «Esperientzia ona izan zen. Entrenamendu gogorrak egin genituen, eta urte osoan deialdi gehiago egingo dituzte. Espero dut horietan izatea».

Oraindik hobetzeko «asko» duela dio, baina, haren ustez, horretan «asko» laguntzen dute taldeak eta entrenatzaileak. Tolosan (Gipuzkoa), «etxean bezala» sentitzen da, eta, igeriketa banakako kirola dela pentsa badaiteke ere, Garridok garrantzi handia eman dio taldeari. «Igeriketa kirol bakartia da, baina probak egiteko orduan bakarrik. Aurretik egin beharreko lan guztia taldean egiten da, eta, niretzat, oso garrantzitsua da hori».

Orain, Espainiako Neguko Irekia du helburu, eta hura prestatzen ariko da buru-belarri datozen asteetan. Sasoiaren parte oso garrantzitsua da harentzat, eta badaki egiten duenak ateak ireki edo itxi diezazkiokeela. «Sasoiaren unerik garrantzitsuenetako bat da, inongo zalantzarik gabe. Europako eta munduko gutxieneko markak ezartzen dira eta, Munduko Txapelketara edo Europakora joateko, nire onena eman beharko dut».

Kirolari orok parte hartu nahi du Olinpiar Joko batzuetan. Garridok 15 urte ditu oraindik, eta, harentzat, amets bat besterik ez da gaur-gaurkoz. «Olinpiar Jokoak urrun ikusten ditut oraindik, eta sasoi honetan bakarrik pentsatzen dut. Baina, jarrerari eta ahaleginari eutsiz gero, seguru nago lortuko dudala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.