Urkulluren agintaldiak 10 urte. Gertakari nagusiak

Agintaldi baten aztarnak

Hamar urteko ibilbidean nahitaezkoak dira gorabeherak, eta Urkulluren agintaldia ez da salbuespen bat. BERRIAk zenbait aditurekin aztertu ditu azken hamarkadak utzitako aldi garrantzitsuenetako batzuk, lehendakariak horietan izandako jarreran azpimarra eginda.

Zenbait herritar maskarak jantzita, 2020ko maiatzean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Testuinguru mugitu batean iritsi zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari kargura. PSE-EEren eta PPren arteko akordioa hautsi izanak behartu zuen Patxi Lopez hauteskundeak aurreratzera. 2012ko urriaren 21ean egin ziren, ETAk behin betiko su etena iragarri eta urtebetera, krisi ekonomikoaren arrastoak oraindik ere begi bistakoak zirenean.

Ikusi gehiago:URKULLUREN EUSKADI, 100.000 HITZETAN

Hamar urteko ibilbidean, Jon Darpon Osasun sailburuaren dimisioa, Zaldibarko lur jauzia eta pandemia dira Eusko Jaurlaritzak izandako krisi aldirik handienetako batzuk, adituen esanetan. Baina, beste guztien gainetik, badira beste hiru gai lehendakariak albo batera utzi ezin izan dituenak: ETAren amaiera, Kataluniako gatazka politikoa eta autogobernuaren eztabaida.

AUTOGOBERNUA

Lehen inbestidura saioan adierazi zuen Urkulluk bere helburu nagusietako bat zela autogobernuan sakontzea. «Estatus berri bat agindu zuen, eta adierazi zuen 2020an erabakitzeko eskubidea egikarituko zela», gogoratu du Silvan&Miracle aholkularitzako Eva Silvanek. Gerora, estatus berriaren inguruko aurreakordio bat ere itxi zuten EAJk eta EH Bilduk. Egun, baina, ez da apenas geratzen bide haren arrastorik. «Kaxoi batean gorde du».

Erabaki hori iritzi publikoaren inguruan izan ditzakeen datuekin lotu du politologoak: «Ez dute bermerik ematen apustu bat egiteko». Bi gako aipatu ditu hori ulertzeko. Batetik, testuinguruak politika sozialen alde egitera bultzatzen duela. Bestetik, Espainiako Gobernuarekin eskumenen inguruko akordioak egiten ari dela Eusko Jaurlaritza.

Deustuko Unibertsitateko irakasle Braulio Gomez ere iritzi berekoa da, uste baitu ez dela «haserrerik» nabari autogobernuaren aferan «anbizio gehiago» ez erakusteagatik. Kontrara, esan du herritarrek saritu egin dutela Espainiako Estatuarekin gatazka bat abiatzea «saihestu» izana. Halere, argudiatu du «diskurtso identitarioa» ez dela eten, alderditik aktibatu baizik.

Gauza bera beste modu batera planteatu du Zuriñe Rodriguez Sudergintza kooperatibako ikerlariak. Azaldu du Urkulluk bere ibilbidea hasi zuela gai horretan protagonista izateko ideiarekin, baina EAJk ondorioztatu zuela horrek «lidergo krisi bat» eragin zezakeela. «Ibarretxek proiektu bat zuen, eta berak gorpuzten zuen. Ibarretxe Plana zen». Urkulluren kasuan, baina, jeltzaleek beharrezko jo zuten «aparatuaren presentzia»: «Uste dut EBBren erabaki estrategiakoa dela gaia hiltzen uztea».

Katalunian ere aldatu dute euskal autogobernuari begiratzeko modua. «Urte luzez vasquitis moduko bat existitu zen, erreferente hori asko bilatzen zuena», azaldu du UPF-BSM unibertsitateko komunikazio politikoko irakasle Toni Airak. Horrek, baina, nabarmen egin du behera 2012tik.

KATALUNIA

Independentzia prozesuak eragindako gatazkan ere bere lekua izan zuen Urkulluk. Orduko Kataluniako presidente Carles Puigdemontek eskatuta, haren eta Espainiako gobernuburu Mariano Rajoyren arteko zubi lana egin zuen. Airaren ustez, beste inork ez zuen posizio bat zuen Urkulluk lan hori egiteko, bere jarduteko modu «diskretuagatik». Are gehiago, azaldu du bi aldeek ez dutela Urkulluz gaizki hitz egin, eta hori ez dela gutxi, gertatutako guztiaren ostean.

«Trenen arteko talka» gisa irudikatu du egoera hura Silvanek, eta gehitu Urkulluk bazekiela horrek zer ondorio izan zitzakeen: «Euskadik jada bizi izan zuen Espainiako Gobernuarekin konfrontazio bat Ibarretxe Planarekin». Eta nola ikusi zen bitartekaritza hori euskal gizartean? Rodriguezek uste du ez zela ulertu Urkulluk Kataluniako gatazkan izaniko rola, ez zuelako bat egiten Euskal Herrian pil-pilean zeuden gaietan erakutsitako «lidergo apalarekin».

ETA-REN AMAIERA

Urkulluren agintaldian iritsi ziren ETAren armagabetzea eta desegitea. Ez zen, baina, Baionako ekitaldi instituzionalean egon 2017ko apirilaren 8an, eta 2018ko maiatzaren 4an; Kanboko konferentzian parte hartu ordez, agerraldi propioa egin zuen.

Jarrera hori «existitzen zen haustura emozional eta sozialaren» jakitun izatearekin lotu du Silvanek, Urkulluk ETAri eman beharreko pausoak ematen uztearen alde egin zuelakoan, «zaratatik urrun»: «Ez du aldarrikatu beharreko afera bat bilakatu, jakinda zauriak irekita daudela».

Rodriguezek, berriz, azaldu du Urkulluren agintaldiko «akatsik handiena» izan dela ETAren amaieran izandako rola: «Une historiko batean lehendakaria ezin da bigarren maila batean geratu». Horrela, «lidergo instituzional» bat eratu nahi izan zuenerako berandu zela azaldu du: «Gizarteak bere bidea egina zuen». Sugerdintzako kideak uste du Urkulluren «isilune» hori, «ausentzia» bilakatu zela.

PANDEMIA

COVID-19ak eragindako pandemia ez da propio Eusko Jaurlaritzari lotutako krisia, nazioartekoa baizik. Aferak, ordea, jomugan jarri zuen gobernuaren kudeaketa. Jaurlaritzak hartutako neurriak «okerren» baloratu diren unea izan dela azaldu du Gomezek: «Bere onarpen mailaren goranzko joera hautsi zen unea da, bere lehen hauteskundeak irabazi zituenetik modu jarraituan gorantz zihoanean».

Ikusi gehiago:Penduluaren beste aldean

Neurriek eta horiek hartzeko moduak eragin zuen harrabotsa. Horien inguruko eztabaidek «tentsio uneak» ere eragin zituzten Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean. Halere, Silvanek ez du uste Urkulluk «konfrontazio» jarrera bat izan zuenik. Horren ordez, «kolaborazioa» eta «kogobernantza eraginkorraren» ideia transmititzen saiatu zela azaldu du.

Herritarrek Jaurlaritza begiratzeko moduari erreparatuta, Rodriguezek adierazi du pandemiak «min» egin ziola gobernuari, baina ez horrenbeste EAJren lidergoari. Arrazoietako bat oposizioak izandako jarrera «arduratsua» litzateke. Bai salatu du, ordea, Nekane Murga Osasun sailburua «irrigarri uzteko modu patriarkal bat» egon zela: «Sailburu ezgai bat dago, eta, beraz, lehendakaria da pandemia ondo kudeatu duen figura politikoa».

KRISIAK

Pandemia izan zen Jaurlaritzak Urkulluren agintaldian izandako krisi handienetako bat estali zuena: Zaldibarko zabortegiko ezbeharra. Hura «inflexio puntu bat» izan zen, Silvanen hitzetan: «Jaurlaritza tentsio goreneko egoera batean kokatu zuen».

Egoera hartan, Urkulluri «emozio eta enpatia falta» egotzi zitzaiola azaldu du, eta Jaurlaritzari, berriz, «gardentasun falta». Uste du gaiak bestelako ibilbide bat izango zukeela pandemia agertu ez balitz: «[Zaldibarrek] Markatuko luke kanpaina, eta ez gobernuak pandemia kudeatzeko izandako gaitasunak».

Rodriguezek, aldiz, Urkulluk auzi hartan erakutsitako jarrerari erreparatu dio: «Oso krisi handia izan zen, baina ez genuen Urkullu zabortegian ikusi. Sailburuak ikusi genituen». Adierazi du oposizioak berak ere haiei egin ziela erreferentzia; batez ere, Iñaki Arriola Ingurumen sailburuari. Izan ere, hark lidergo «ahula» erakutsi zuela uste du.

Orain arte erori den sailburu bakarra, baina, Jon Darpon Osasun sailburu ohia da, Osakidetzako lan eskaintza publikoko azterketetan izandako iruzurrek bultzatuta. Lehendakariak ez zuen dimisioa onartu, beste aukerarik gabe geratu zen arte. Gakoa, berriz ere, «gardentasun falta» izan zela nabarmendu du Silvanek.

Gomezek uste du Urkulluren lidergoak beste «ahulgune» nagusi bat izan duela: «bake politiko eta parlamentarioa» mahai sozialera eramateko gaitasun falta. «Ez du akordio politikoak garatzeko gaitasuna aplikatu Euskadin bake soziala garatzen laguntzeko». Ondorioz, bere agintaldiko ikurretako bat izan dira «gatazka sozial eta laboralak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.