martxelo otamendi
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Hizkuntza politika, togapean

2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Egunen batean, goazen martxan ez dugu asko itxaron beharko, Espainiako justiziak Hego Euskal Herrian dauzkan magistratu gurutzatuek erabakiko dute, bere garaian Katalunian erabaki zuten bezala, D ereduko eskoletan ikasgaien %25 gaztelaniaz irakatsi behar direla. Eta orduan berandu izango da, aurretik magistratu horiek jarri dizkiguten azterketak ez ditugulako gainditu, eta kasu batzuetan azterketara aurkeztu ere ez garelako egin.

Zaila dago magistratu horien irizpidea aldatzea, funtzio jakin bat betetzen ari direlako, baina are zailagoa izango da ezer egiten ez badugu. Ezin gara egon gure justizia jauregietan euskararen aurka jardungo ez duten magistratu ulerberak aukeratuko dituen gure botere judizial berezkoa eduki arte. Egun hori ez dago gertu.

Magistratu horiek sentitu behar dute euskara normalizatzeko lanaren eta arauen aurka egiten dutenean euskaldunak asaldatu egiten garela, eta ez gaudela horrelako jarrera onartzeko prest; ebazpen horiek eragotzi egiten dutelako taxuzko hizkuntza politika garatzeko eskubidea.

Estatuak, magistratu horien bidetik kasu honetan, testak egiten dizkigu etengabe. Eta aurreko testari eman diogun erantzunaren araberakoa izango da hurrengo testaren gogortasuna. Orain arte emandako erantzunekin ez ziren asko larrituko magistratuak.

Oraingoan, asteon, EAEko Auzitegi Nagusia izan da euskararekin zer ez dugun egin behar esan diguna. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ardurapeko Uliazpi fundazioan euskararen B2 ezagutza eskatu zuen 34 lanpostu betetzeko lan eskaintzan. Langile horiek desgaitasuna daukaten herritarrekin egingo dute lan, beraz, baita euskaldunekin ere.

Bi herritarrek auzitegian salatu zuten deialdia, baina Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen ez zela diskriminatzailea. Herritarrek helegitea jarri zuten EAEko Auzitegi Nagusian, eta horrek arrazoia eman die.

Estilo bereko sententzia murriztaile batzuk ari gara pilatzen azken urteotan. Erantzun irmo eta bateratua beharrezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.