«Egoera jasanezina da»

Baikoko pilotari gehien-gehienek agerraldia egin dute, eta enpresari eskatu diote jarrera alda dezala. Hori egin ezean, mobilizazioak egiteko prest azaldu dira. Pilotarien elkarte bat sortuko dute

Oinatz Bengoetxea, agiria sinatzen, agerraldiaren amaieran. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
Tolosa
2020ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Baiko Pilota enpresako pilotari gehien-gehienek aurrerapausoa eman dute. Nahikoa dela esan diote enpresari. Duela bi aste, «kezka» azaldu zuten Baikok azkenaldian izandako jokabideaz. Ohar batean adierazi zuten. Atzo, berriz, beste pauso bat eman zuten, eta agerraldia egin zuten Tolosan (Gipuzkoa), Beotibar pilotalekuan, enpresari jarrera alda dezala eskatzeko.

Hamasei pilotarik hartu zuten parte agerraldian. Joanes Bakaikoa eta Jon Erasun egotekoak ziren, baina Bakaikoari, enpresak entrenamendua jarri zion ordu berean, eta Erasun, bakartuta dago etxean, COVID-19a dela eta. Iosu Eskirozek eta Victor Estebanek bete zituzten haien tokiak. Hain zuzen ere, ez bati ez besteari ez dio berritu kontratua Baikok. Ez ziren egon Aimar Olaizola, Mikel Urrutikoetxea eta Ander Imaz.

Mikel Larunbe ere zen egon, baina hark bere erabakia zehaztu nahi izan zuen ohar batean. «Nire lankideei, guztiei, hasieratik, eta, errespetu osoz euren erabakiarekin, azaldu nizkien nik prentsaurrekoan parte ez hartzearen arrazoiak. Nahiz eta taldeko kide gisa—hasieratik eta orain bezala—, taldearen helburu nagusia, kezkak eta gauzak aldatzeko nahia erabat partekatu, nire iritziz, planteatu den bezalako prentsaurrekoa oraintxe kaltegarria gerta daiteke daukagun egoera behar bezala irtenbide bidean abiatzeko. Prentsaurrekoan parte ez hartzea prozedura desadostasun puntual bat baino ez da. Benetan garrantzitsua dena da taldeko pilotariok dagozkigun gairik funtsezkoenetan gure langile kontzientzia eta praktika kolektiboa egoki mantentzea eta garatzea».

Oinatz Bengoetxeak irakurri zuen sinatzaileen agiria. Jon Ander Albisu eta Ibai Zabala izan zituen alboetan. Atzean, berriz, beste hamahiru pilotari. Irudi oso indartsua zen, inoiz ikusi gabekoa.

Hasteko, «argi» utzi nahi izan zuten «beti» izan dutela enpresarekiko «jarrera irekia eta elkarlanekoa» hitz egiteko, eta «prest» direla «era guztietako erabakiak negoziatzeko, «jakitun» baitira zer «une zailak» bizitzen ari diren, eta bai baitakite «egoera zaila» bilakatu dela mundu osoarentzat. Hala ere, azpimarratu zuten «atsekabez» bizitzen ari direla «aspaldian» enpresak haiekiko hartu dituen hainbat jokabide, eta jokabide horiek zuzendu beharrean, «ugaritu» egin direla azken hilabeteetan. Horrek guztiak eraman ditu «beti ezkutuan egon den egoera publikoki azaltzera».

Azaldu zutenez, 2018ko urte amaieran Asegarce «desagertu» eta Baiko sortu zenean «hasi zen dena». Haien ustez, enpresa batek izena aldatzen badu edo kudeatzaile berriak baditu, langileei aldez aurretik jakinarazi behar zaie. Haiei, aldiz, ez zieten ezer azaldu. Hain zuzen ere, nabarmendu zutenez, izen aldaketatik eta Jose Ramon Garai zuzendari nagusi berriaren izendapenetik aurrera hasi ziren «aurretik bizi edo ezagutu gabeko egoerak jasaten».

Jarraian, enpresaren aldetik«jasan» behar izan dituzten hainbat jokabide azaldu zituzten. Entrenamenduei dagokienez, salatu zuten «inoiz ez» dela kontuan hartu «pilotari bakoitzaren egoera», eta lan saioak Bilbon eta Beasainen (Gipuzkoa) eta prestatzaile fisiko berarekin ezarrita, pilotari askok «alde batean utzi» behar izan dituztela haiekin lan egin eta haiek ordaintzen zituzten prestatzaile, dietista eta fisioterapeutak. Haien ustez, «mesfidantza eta kontrola» dago horren atzean.

Diru kontuez ere hitz egin zuten. Batetik, salatu zuten enpresak ez duela bete agindutakoa: etxetik 50 kilometrora entrenatzeagatik diru-ordain bat pagatzea. Bestetik, aurrekontratuak dituzten pilotari gazteen lan baldintza eskasak salatu zituzten. Halaber, jakinarazi zuten badirela 23.000 euro gordinetik beherako kontratuak dituzten pilotariak, eta haiei esklusibotasun osoa eskatzen dietela, nahiz eta 10.000 euroko gastuak izan, eta ezin direla ibili beste zereginetan. Azkenik, enpresari ere egotzi zioten lehia berezietako osagarriak «nahierara manipulatzea», eta «giza hutsengatik» eta materialaz hitz egiteagatik isunak jartzea —soldataren %20a jokatzeko elastiko bat ahazteagatik—.

Horiez gain, salatu zuten haiekin hitz egin gabe enpresak «pilotarien eta kirol prentsaren arteko harremanak debekatu» dituela, eta aldi baterako erregulaziotik atera zirenetik ez dituztela gonbidapenak jasotzen lehietara haiek laguntzera joaten direnentzako.

Baina inork kritikak jaso izan bazituen, Garai izan zen. Pilotarien arabera, harekin izandako elkarrizketak «oso zailak» izan dira, «errespetu falta garbiak tarteko». Horrez gain, azaldu zuten pilotari batzuek aholkulari kualifikatu baten bidez negoziatzeko aukera erabili dutenean enpresak beti erakutsi diela horiek ez hartzeko erabakia.

Martxotik, «okerrera»

Pilotariek mugarri bat ezarri dute: martxo amaieran enpresak aldi baterako erregulazioa eskatu zuenean. Onartu egin zuten, baina azaldu zutenez, enpresak ez zien erakutsi txostena, nahiz eta legez, ikusteko eskubidea zuten. Hilabeteak pasatu ziren, eta Aspek akordioa lortu zuen aldi baterako erregulazioa bertan behera uzteko. Baikon, ordea, «ziurgabetasun» egoeran jarraitu zuten. Sinatzaileek kontatu zutenez, abokatu bat kontratatu eta idazki bat bidali zioten enpresari, haren asmoak azal ziezaien. Baina ez zuten erantzunik jaso, eta enpresa banan-banan hasi zen deitzen pilotariak, negoziatzeko. Sinatzaileek esan zieten kolektibo gisa eta abokatu baten babesarekin negoziatuko zutela, baina betiere akordioaklortzeko asmoari eutsita. Enpresak ez zuen onartu, eta %100ean atera zituen aldi baterako erregulaziotik. «Enpresak saldu zuen bere apustua izan zela hori egitea, baina egia da kolektibo gisa eta abokatu batek ordezkatuta joan ginenean gurekin gehiago ez hitz egitea erabaki zuela. Gure bertsioa kontatu ez genezan, Olaizola II.a edo Urrutikoetxea ez zen beste edozein pilotari elkarrizketatzea debekatu zien enpresak kazetariei. Legez kanpokoa zen hori egitea, langabezian geundenez, ez ginen enpresako langileak, eta enpresak ezin zigun betorik jarri», azaldu zuten.

Horrez gain, salatu zuten Garai saiatu zela «batasuna hausten», eta «mehatxuak» egin zizkiela zenbait pilotariri. «Argi utzi zien kontratua berehala sinatzen ez zuenak etorkizuna izan zezakeela jokoan enpresan. Bi pilotarik sinatu zuten; beste batzuek, aldiz, nahiz eta proposamen ezberdinak izan, batasuna mantendu eta taldearekin zuten konpromisoari eustea erabaki zuten».

Arretxe, Eskiroz, Victor...

Hain zuzen ere, kontratu berritzeekin egin du gainezka egoerak. Sinatzaileek kontatu zutenez, Iñaki Etxegoienek ez zuen berritu nahi izan, eta, ondoren, enpresak erabaki zuen Iker Arretxeri kontratua ez luzatzea. «Kirol arloari dagokionez, denok uler genezakeen erabakia. Ulertu ezin duguna da hamabost urte baino gehiagoko lan nekaezina egin duen Iker Arretxeri partida bat amaitu ondoren, frontoiko atean bertan jakinaraztea ez diotela kontratua berrituko. Hori al da pilotan horrenbeste urte daramatzan pilotari batek merezi duen tratua?», salatu zuten. Halaber, azaldu zutenez, azken partidako omenaldia Aspek antolatu zuen, eta ez zen Baikoko ordezkari bakar bat ere egon. Argi dute: «Arretxek agur duin bat merezi zuen, omenaldi bat, pilotari guztiek merezi duten bezala. Langile borrokatua eta lankide bikaina izan da».

Arretxeri ez ezik, Baikok ere ez zion kontratua berritu Iosu Eskizori ere, nahiz eta Bigarren Mailako binakakoaren txapela irabazi berri zuen. «Zur eta lur» geratu ziren sinatzaileak, eta «bidegabekeria» horri aurre egiteko, haietako bi ordezkari Garairekin bildu ziren, eta prest azaldu ziren soldata jaisteko, horrela Eskiroz eta berritzeko zain zeuden pilotarien gaietan akordio bat lortzeko. «Baina enpresaren erantzuna izan zen bilera egin eta sei ordura Victor Estebani kontratua ez berritzea. Sinestezina. Amoragarria da. Inolako azalpen sendorik gabe geratu dira kalean, beti enpresaren alde aurpegia emateko prest egon diren profesional handi bi izan direnean. Enpresak enpresaren ustezko egoera ekonomiko zaila argudio gisa erabili duen arren, uste dugu Eskirozen eta Victorri ez berritzeak kirolaz kanpoko arrazoiengatik hartu direla. Izan ere, garai berean diru kopuru handiko kontratuak sinatu dira, bi kontratu profesional gehiago egongo dira, eta enpresari eskatu diogunean bere egoera ekonomikoa erakusteko, beti ezezkoa jaso dugu. Eskirozek eta Victorrek maila handia dute, eta uste dugu enpresak ez badie berritu izan dela taldearen alde egin zutelako. Hori guztia enpresaren mendekua izan da, aldi baterako erregulazioaren negoziazioan gertatu zen guztia dela eta».

Sinatzaileek kezka dute gertatzen ari den guztia ikusita. «Zein guraso egongo da horrenbeste ahalegin egiteko prest, bere semeari edo alabari pilotak eskaintzen dion etorkizuna hori dela ikusita? Txapela irabazteak ere profesionaletan jarraituko duzula ziurtatzen ez dizunean, merezi al du norberaren etorkizuna jokoan jartzeak?».

Pilotaria zaindu

Pilotarien arabera, «jasanezina da egoera, eta pilotaren onerako, aldatu egin behar da». Horregatik, eskaera zehatzak egin dituzte:Garaik jarrera aldatzeko, eta enpresak azkenaldian hartutako zenbait erabaki berriro planteatzeko. Eskaera horiei «entzungor» eginez gero eta «tratu bera» jasotzen jarraituz gero, «neurri zorrotzagoak» hartu beharko dituztela diote, hala nola mobilizazio bat egitea. Pilotariek diotenez, «garai nahasi honek eta tratu iraingarri horiek pilotariek jasaten duten babesgabetasunari buruzko hausnarketa bat» eragin diete. Horren aurrean, «euren bidea egin eta hori jarraitzea» erabaki dute. Horretarako, pilotari profesionalen elkarte bat sortuko dute, «egungo pilotariak eta datozen urteetan etorriko direnak babesteko». Haien ustez, «funtzionatzeko modua aldatu behar da, elkartu, eta pilota profesionalaren munduko subjekturik ahulena, eta, aldi berean, garrantzitsuena babestu: pilotaria».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.