Iazko urriaren 30az geroztik hetsirik daude kultur guneak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Horiek berehala irekitzea galdegiten dute hiru herrialdeetako kultur eragileek. Eta horretarako, ortzirale goizean Baionako antzokiaren okupazioa abiatuko dutela erabaki dute.
Kultur eragileen kolektiboa muntatu zuten atzo, lehen aldiz, Michel Portal antzokian berean. Hiru oreneko biltzar nagusian 115 lagunek bozkatu zuten okupazioaren alde. Haietarik hamahiruk baizik ez zuten «erabateko» okupazioaren alde egin, hots, gau eta egunekoa: «Legalitateaz eta legitimitateaz eztabaidatu dugu. Artista gisa jada estigmatizatuak gara. Urte zuria dugunez, laguntzei esker kobratzen ari gara lanean aritu gabe. Beraz, hasiko bagina gainera okupazio ilegalean, horrek zatituko gintuzke. Izan ere, tokiko politikariak alde ditugu, beraz, egin dezagun horiekin batera. Gero ikusiko», azaldu zuen Melanie Viñolo, Hecho en casa antzerki konpainiako aktoreak.
Okupazioaren helburuak aho batez adostu zituzten. Bilkuratik landa, mozio bat helarazi zioten Frantziako Gobernuko ordezkaritzari.
Lehenbiziko eskaera antzoki eta kultur gune guzien «berehalako» irekiera da. Bigarrenik, ikuskizunetako intermitenteentzat galdegiten dute «urte zuriaren» gibelatzea, urtebetez bederen. Hirugarrenik, langabezia sistema «osoki ezeztatzea». Eta, azkenik, gurasotasun baimenak edota eritasun geldialdiak langile guzien esku egon daitezen.
Paxkal Indo artista mugimenduaren eramaileetarik bat da: «Kultura baitezpadakoa da. Kulturarik gabe, bakerik ez. Ezin da pentsatu jendarte bat kulturarik gabe. Alta, erraten ari dira baietz, posible dela. Gure lehen oldarra horren kontra doa».
Pantxika Telleria koreografoak azpimarratu du kultur eragileek pairatzen duten bazterketa: «Gure aktibitatea eta beste anitz esentzialak ez direnez, berriz ere aurrera atera nahi ditugu; karriketara, antzokietara... Elkarrekin berriz bizitzeko». Zehaztu du elkarlanean ariko direla Baionan diren kultur arduradunekin, bai eta hautetsiekin ere, «legitimitatea erakusteko». Txarteldegiaren ordutegian ariko dira okupatzen, Damien Godet antzokiko zuzendariaren oniritziarekin, baita Herriko Etxearenarekin ere.
Ideia dute antzokiaren kanpoaldean ekintzak egiteko, herritarrekin komunikatzeko. Eta Baionatik hasi, baina asmoa dute Ipar Euskal Herri osora hedatzeko.
Ipar Euskal Herriko kultur eragileek Baionako antzokia okupatuko dute
Ortzirale goizean hasiko dute okupazio mugagabea. Kultur guneen «berehalako» irekiera eskatzen du eragileek muntatu duten kolektiboak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu