Zamaketarien grebak erdira murriztu du Bilboko portuaren jarduna

Bilbo Estibaren arabera, industriarako hornikuntza lanen %90 ez dira egin, piketeengatik. Zamaketariek ezin izan dute hasi bigarren grebaldia

Bilboko portuko bi zamaketari haize erroten palak deskargatzen. IBERDROLA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bilbo Estibak, Bilboko portuko lau zamaketa enpresak bateratzen dituen elkarteak —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Cosco txinatarra—, zamaketarien grebaren lehen bi asteen eragina kuantifikatu du, eta, haren datuen arabera, jardunaren erdia galdu du: «Urriaren 9tik 22ra, eta aurreko hamabostaldiarekin alderatuta, merkantzia orokorraren mugimendua %46 apaldu da, eta edukiontziena, %45». Zamaketarien greba urriaren 9an hasi zen, eta 24 orduko (hamabi egunez) eta txandako bi orduko lanuzteak tartekatu dituzte. Tartean, gutxieneko zerbitzuak bete dituzte, eta zamaketarien aldi baterako lan poltsa historikoan ez zeuden langileak deitu dituzte enpresek.

Bilbo Estibak atzo eman zituen datuak, zamaketarien bigarren grebaldia hasi behar zen egunean. Portuak ohar bidez jakinarazi zuenez, azken hamabost egunetan hamasei ontziren eskala galdu du; beraz, «aurreko bi asteetan baino %18 gutxiago» sartu dira. Ontzi asko Gijonera eta Santanderrera (Espainia) desbideratu dituzte, baina portu horien lan ahalmena askoz txikiagoa da. Bilbo Estibaren kalkuluen arabera, kalterik handiena izan duten jardunetako bat industriarako hornikuntza izan da: «Piketeen ondorioz, ezin izan dira egin lan horien %90». Jardun hori gutxieneko zerbitzuetatik kanpo dago.

Bilbo Estibak nabarmendu du gatazkak eragin handia izan duela lurreko garraiolarien kargatze eta deskargatze erritmoan: «Egun batzuetan ia %100eko etenaldia egon da». Horrez gainera, eta aurrera begira jarrita, iragarri du grebak ondorio «oso larria» izango duela euskal ekonomiarentzat: «Merkantzien bahiketak arriskuan jartzen du enpresen jarduna. Haien ekoizpen erritmoaren oinarria etengabeko hornikuntzan dago, modu eraginkorrean egina, biltegiak goraino bete gabe, eta orain kate hori hautsita dago».

Bilbo Estibak, era berean, grebalarien piketeen jarrera salatu du, lan egitera joaniko zamaketariak [Adecco aldi baterako lan enpresaren bitartez] mehatxatu dituztelako, eta hainbatek lanera ez joatea erabaki dutelako, beldurragatik. Zamaketariek salatu izan dute Adeccoren bitartez kontrataturiko langileek baldintza kaskarragoetan dihardutela, eta lan hitzarmenaren arabera haiei ez dagozkien lanak egin dituztela. Azken egunetan Ertzaintzaren furgoneta eta auto ugari ibili dira portuaren barruan

Dena zerbitzu minimo

Greban dauden zamaketariek atzo ezin izan zioten ekin bigarren lanuzteari. Hurrengo bi asteetarako deialdia egina dute, txanda bakoitzeko orduen erdiak lan egiteko asmoz. Lehen egunean, baina, ezin izan ziren gelditu, agintaritzak gutxieneko zerbitzu izendatu baitzituen portuan zain zeuden itsasontzi guztiak. Atsedena ez zegokien zamaketari guztiek txanda osoan egin zuten lan. Era berean, eta joan den astean egin bezala, Bilbo Estibak ez zituen lanera deitu lan poltsa historikoko aldi baterako langileak. Gehienek hamabi urte daramatzate behin-behinean lanean, Ranstad aldi baterako enpresaren bitartez. Adeccokoek baino baldintza hobeak dituzte.

Zamaketariek eta Bilbo Estibako enpresek bilera telematikoa dute gaur goizean, eta Lan Harremanen Kontseiluak egingo ditu artekaritza lanak. Zamaketariek Adeccoko langileen «intrusismoa» salatu zuten, eta, hasieran, puntu hori eztabaidatzeko zen bilera. LHK-k, baina, grebarena gehitzea onartu du. Bi aldeak agertzera behartuta daude. Ia hilabete da ez dutela hitz egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.