Bruselaren erreforma «gehienak» bete beharko dira laguntzak jasotzeko

Krisia pasatzean zorra murrizten ez dutenak babesik gabe gera daitezke. Jaurlaritzak berretsi du berari dagokiola proiektuen aukeraketa egitea

Merkel kantzilerra, Batasuneko beste agintari batzuekin, ekainean. F. SECO / EFE.
jokin sagarzazu
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Argi gehiago Europako suspertze funtseko laguntza zuzenak eta maileguak eskuratzeko baldintzen inguruan. Europar Kontseiluak eta parlamentuak akordio bat erdietsi zuten atzo goizaldean. Horren arabera, estatuek bete beharko dituzte Batzordearen eskaera «guztiak edo horien multzo esanguratsu bat». Era berean, defizita eta zorra murrizteko helburuak errespetatzen ez badituzte, zigorra jaso dezakete. Parlamentuak puntu hori ezabatu nahi zuen, baina azkenean laguntzak blokeatu ahal izango dira, BPGaren %0,25era arte. Hala ere, arau hori eraginkorra izan dadin,Egonkortasun Itunaren arauak berrezarri beharko dira. Egun, indargabetuta daude, estatu kideek COVID-19aren krisiari aurre egiteko gastu publikoa handitu ahal izan dezaten. Gutxienez 2021 osoan mantenduko da horrela.

Orain, sei hilabeteko epea dute estatuek beren planak aurkezteko, finantzatu nahi dituzten egitasmoekin eta horiek gauzatzeko egutegi zehatzekin. Proposamenak Batzordeak ebaluatuko ditu, eta gainerako estatu kideek onartu beharko dituzte. Bruselaren azterketa horretan pisu handia izango dute Batzordeak urtero bidaltzen dituen erreforma gomendioek eta horien betetze mailak. Espainiaren kasuan, esaterako,2019an honako hauek egin zizkion: pentsio sistemaren iraunkortasuna bermatzea, lan erreforma bat egitea kontratu mugagabeak errazteko, eta langabeei laguntzeko sisteman dauden hutsuneak konpontzea, besteak beste. Erreforma horiek hein handi batean amaitu gabe ditu Madrilek.

Funtsetik dirua jasotzeko aurkeztu behar diren proiektuei buruz ere adostasun batera iritsi dira Kontseilua eta parlamentua. Jakin zenez, nagusiki bi zutabe indartzeko erabili beharko dira: jasotako diruaren erdia erabili beharko da ekonomia berdearekin loturiko proiektutarako (%37) eta digitalizaziorako (%22). Ezingo da lagundu ingurumenari kalte egiten dion egitasmorik.

«Hau ez da enkante bat»

Jaurlaritzak laster aurkeztuko dio bere zerrenda Madrili. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, «ahalik eta zatirik handiena» lortu nahi du Espainiako Gobernuak dagoeneko bere aurrekontuan sartu dituen Europako funtsen kopurutik. Diru hori , gero, EAEko aurrekontuetara joango litzateke, «politika zehatzetara bideratzeko».

Oposizioak proiektuen aukeraketan parte hartzeko egindako eskaerari buruz, Azpiazuk esan du gobernuaren erantzukizuna eta legebiltzarrarena «bereizi» behar direla. «Gauza hauek ez dira modu asanblearioan egiten, ezta enkante batean edo plaza publikoan jarrita ere. Entretenigarria izan daiteke, baina ez da arduratsua, ezta operatiboa ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.