Alarma egoerako dirusari bereziaren lehen ordaina jaso dute etxeko langileek

Atzo kobratu zuten, eskaera epea ireki eta bi hilabetera. Lan Ministerioak aplikazio informatiko sortu berriari egotzi dio atzerapena

Etxeko langileekin lan egiten duten elkarteen protestaldia, Bilbon. I. E. M.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

Etxeko langileak hasiak dira jasotzen Espainiako Gobernuak koronabirusaren krisiari aurre egiteko hitzeman zieten diru laguntza, eskaera epea ireki eta ia bi hilabetera. Etxeko langileek ez dute langabezia ordainsaririk jasotzeko eskubiderik, eta Lan Ministerioak ordainsari berezi bat sortu zuen, hain zuzen, koronabirusaren krisiarengatik lanik gabe gelditzen zirenei babesa emateko. Maiatzaren 5ean ireki zen eskaerak egiteko epea, eta atzo egin zituzten lehen ordainketak. Etxeko langileekin lan egiten duten hainbat elkartek egoera salatzeko kanpaina abiatu zuten ekainaren 15ean, eta «garaipentzat» jo dute ordainketa.

 

Diru laguntza eskatu duten etxeko langileek, beraz, hilabetero ordaintzen duten kotizazio oinarriaren %70ren adinako diru sarrera jaso zuten atzo. Bankuekin lorturiko akordioen eraginez, ez da hilabeteko hamargarren egunera itxaron beharko ordainketarako. Joaquin Perez Rey Espainiako Enplegu idazkariak azaldu zuenez, eskaerak kudeatzeko erreminta informatikoaren garapena izan da atzerapenaren arrazoia. Etxeko langileak aurretik ez zuten ordainsaririk jasotzen, eta hutsetik hasi ziren aplikazioa diseinatzen.

Etxeko langileekin lan egiten duten elkarteek «pozez» hartu dute erabakia, duela bi aste hasitako ekinaldiak helburua lortu duelako, baina ez dute ahaztu «sektorea jasaten ari zen abandonu egoera lotsagarria». Izan ere, atzora arte sosik ikusi gabeak ziren, eta elkartekoak beldur ziren, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak hiru hilabeteko epea baitzuen eskaera bakoitza aztertu eta onartu edo ez ebazteko. Epe horrekin, irailera arte atzeratu zitekeen lehen ordainketa. Hori bai, diru sariak atzerako eragina du; beraz, ondo bidean, martxoaren 15etik aurrerako ordainsari guztiak jasoko dituzte.

Etxeko langileen eskaeretako bat bete da, baina ez guztiak. Kexu dira, diru laguntza eskatzeko tramitea oso konplexua delako, eta horrek eskaerak atzeratu zituelako. Era berean, etxeko langile guztien «erregularizazioa» eskatu zuten, atzo goizean, Bilbon —ordainketaren albistea eguerdian jakin zen—, asko ez baitaude Gizarte Segurantzan.

«Etxeko langileentzat normaltasun zaharra da», salatu zuen Maria Juncayk, Torre de Babel emakume migratuen elkarteko kideak. Gobernuei egotzi zien «beste alde batera» begiratzen dutela etxeko langileen auzian, «haien lanak gizarte zerbitzuen kostua murrizten duelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.