Espainiako Gobernuak ez du babestuko Usansoloren desanexioa

Lurralde Politiketako ministroaren arabera, legeak argi adierazten du gutxienez 5.000 biztanle izan beharko lituzkeela udalerri bilakatzeko

Galdeketaren egunean jarritako pankarta bat, Usansolon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
«Ez du legea betetzen, eta, beraz, ezin dugu babestu», adierazi du Espainiako Lurralde Politiketako ministro Isabel Rodriguezek, Usansolo herri bilakatzeko prozesuaz galdetuta, eta gehitu legedi aldaketa bat beharko litzatekeela horretarako. EAJko Mikel Legardak egin dio galdera, Espainiako Kongresuan.

Rodriguezen esanetan, Espainiako Gobernua konprometituta dago udal politikarekin, baina «batzearen» aldekoa da, ez «banatzekoarena». Hala, posizio guztiak errespetatzen dituztela esan arren, azaldu du ez dutela bat egingo Usansolo herri bihurtzeko prozesuarekin. Argudiatu du Usansolok ez duela Espainiako legediak herri berri bat sortzeko ezarritako gutxieneko biztanle kopurua: 5.000 herritar —4.500 inguru ditu—.

Beraz, halakorik gertatzeko, legea aldatu beharko litzatekeela adierazi du Rodriguezek, ezin delakoan salbuespenik egin. Kongresua horretarako leku egokia dela ere adierazi du: «Elkarrizketarako asmoa dugu, baina legea betetzea da muga bakarra».

Legardak, berriz, gogoratu du Usansoloko herritarrek behin baino gehiagotan eskatu dutela herri bihurtzea, eta jeltzaleek euren esku dagoena egin dutela herritarrek haien nahia adierazi dezaten. Hala, Bizkaiko foru legeen defentsa egin du, argudiatuta herri berri bat sortzeko biztanle kopurua 2.500 biztanletan ezartzen dutela haiek.

Usansolo Herria plataformak ere hitz egin du Kongresuan gaia tratatu izanaz. Haien arabera, afera Bizkaiko Batzar Nagusietan bozkatu behar da, 9/2012 foru legean jasota dagoenez. Gehitu dute EAJko kideekin hitz egiten saiatu direla gaia tratatzeko, baina ez dutela jeltzaleen erantzunik izan. Horrek agerian uzten du EAJk prozesuari emaniko «babes hutsala», plataformaren hitzetan.

Iritzi berekoa da EH Bildu ere. Prozesuarekin bat ez egiteko «Madrilen aitzakia» bilatzea egotzi dio EAJri, eta berak zuzendutako gobernuak Bizkaian hartutako erabakiak errespetatzeko exijitu dio: «Bizkaiak desanexio prozesua ahalbidetzen duen esparru juridikoa du».

Martxoaren 27an, Usansoloko herritarrek baiezkoa eman zioten udalerri izateari, hirugarren aldiz segregazio prozesuaren aldeko mugimendua abian jarri zenetik. Galdeketaren emaitzak argiak izan ziren: herritarren %63,12k eman zuten botoa, eta horietatik %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.